Gasteiz, mobilizazio eta aldarrikapenez lepo asteburuan

  • Migratzaileen eskubideen alde eta politika xenofoboen aurka; euskal preso politikoen eskubideen defentsan; Aernnovako langileen kaleratzearen aurka; Bateraguneko auzipetuei elkartasuna adierazteko; EAJ bultzatzen ari den gas erauzketaren aurka; krisia kapitalak ordain dezala eskatzeko; Saharako herriaren alde: ostiraletik igandera, ehunka pertsona mobilizatu da asteburuan.


2020ko abenduaren 21ean - 11:24
Berriztuk deituta, Urtaran alkateari exijitu zioten herritarrek gas erauzketa bazter dezala eta eredu energetiko berri baten alde egiteko. Argazkia ARGIA.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Ostiralean, abenduak 18, Migratzaileen Nazioarteko Egunaren karira eta hainbat elkartek deituta, dozenaka pertsona bildu zen “aski da” esateko “migratzen eta babes bila dabiltzan pertsonak gizagabetzen dituzten politikei”. Ordu bat beranduago, hamarkadetako zitari eutsiz, euskal preso politikoen eskubideen defentsan kontzentrazioa egin zuen Etxeratek Andra Mariaren plazan.

Migratzaileen eskubideak aldarrikatuz antzerki bat egin zuten. Argazkia: OEE Araba.

Larunbatean mobilizazio jendetsu ugari hartu zituzten Gasteizko kaleek. Eguerdiko hamabietarako zeuden deituta herritarrak udaletxe aurrean, Bateragune auzia errepikatzeko erabakiaren aurrean “demokrazia” aldarrikatzeko. Ordurako Aernnovako langileak Andra Mariaren plazan zeuden bilduta eta herritarrei jakinarazi zieten enpresak 82 langile kaleratu nahi dituela, ez dutela horrelakorik onartuko, eta gaurtik hasita hiru greba egun dituztela deituta. 13:00tan Berriztu plataformaren txanda izan zen, udaletxe parean mobilizazio hori ere. SHESA hidrokarburoen sozietate publikoak baimena eskatu dio udalari Armentia 2 putzuan gasa dagoen ikertzeko, eta EAJ bakarrik geratu zen aurreko astean proiektuaren defentsan. Berriztuk Urtaran alkateari exijitu zion SHESAri ezetza emateko, eta erregai fosilak atzean utziko dituen eredu energetiko berri bat aldarrikatu zuen. Iluntzean, Ernaik deituta, gazteria izan zen Gasteizko kaleetan barna manifestazioa egin zuena, “Krisia kapitalak ordain dezala” eskatuz.

Argazkia: ELA sindikatua.
Argazkia: @halabedi.
Argazkia: @ErnaiGasteiz.

Azken hitzordua igande eguerdikoa izan zen. Saharar herriaren alde mobilizatu zen ehunka gasteiztar.

Argazkia: @SaharaGasteiz.

Kanal honetatik interesatuko zaizu: Herri mugimendua
2025eko abenduaren 17
Lurraldea eta arkitektura
La Sinsorga

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Bizi Baratzea Orriaren neguko zenbakia
Izara formatuko aldizkari berezia da
Urtaro bakoitzean zabaltzen dugu Lurrari begiratzen diogunon Orria. Izara formatu berritzailea du eta erdi-erdian beti poster dakar, oraingoan, intsektuen inbernazioari buruzkoa. Batu mundua bizigarri eta eguneroko bizitza gozagarri egiten dutenen komunitatera!