Migel Jokin Elizegiri eta Altzoko Handiari eskaini die diskoa Joseba Tapiak: ‘Mister Eleizegi’

  • Pertsona batean, bi pertsonaia dira Migel Jokin Eleizegi eta Altzoko Handia. Bi figura horien inguruan idatzi ditu letrak Koldo Izagirre idazleak, eta Joseba Tapiak musikatu ditu. 

Gorka Peñagarikano / ARGIA CC BY SA

2025eko abenduaren 8an - 07:00
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

"Hamargarren diskoa dut bakarka; hamargarrena dugu elkarrekin". Hala esanez abiatu du aurkezpena Joseba Tapia (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1964) musikariak, keinu eginez Koldo Izagirre (Pasaia, Gipuzkoa, 1953) idazleari, hark idatzi baitizkio letrak. Igandean bazkalorduan egin dute aurkezpena, lasai eta patxada ederrean, Landakoguneko plazan. Petit comité gisako zerbait izan da. Izan ere, kanpoan eguzkia, eta minutu gutxi lehenago amaitu den Palestinaren aldeko geldialdi kulturalaren eta ekitaldi politikoaren ostean, kosta da atzera ere azoka betetzea. Baita aurkezpenen gela ere, jakina. Baina formatuak horixe zuen gehien atsegiten; aurkezpen formal-informal arteko zerbait izan da, umoreak eta musikak lagunduta, guztira hogei minutuz.

Esan ohi da Migel Joakin Eleizegi (Altzo, Gipuzkoa, 1818 - 1861) gizon ona, apala eta langilea zela, lotsatia, gizatasun handikoa eta katoliko sutsua, beste gauzen artean. Bera zen Altzoko Handia, 2,41 metro garaierako gizona, bere altueragatik erakusleihoan ipinia, zirkuan ere inplementatua, eta Europako aberats eta handiki ugarik ezagutua.

"Pertsona berean, bi pertsonaia diferente dira Eleizegi eta Altzoko Handia", esan du Izagirrek. Eta produktu asko egin dira Altzoko Handiaren bueltan, "baina trikitia falta zitzaion". Horra Tapiaren proiektu berria: Mister Eleizegi, bederatzi kantuko diskoa. Kantu batzuek Eleizegi gizonaren inguruan hitz egiten dute, eta besteek Altzoko Handiaren bueltan. Haien abenturak eta pasadizoak kontatu dituzte abestietan, baina ikerketa zientifiko lar gabe, baizik eta "era emotiboan". Alegia, Izagirrek umorez esan moduan, "hauxe da intelektualentzako diskoa". Soinu txikiarekin bi kantu jo ditu Tapiak, bertakoen gozamenerako. Bere webgunean dago entzungai diskoa.

 Gorka Peñagarikano / ARGIA CC BY SA

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Durangoko Azoka 2025
Eguneraketa berriak daude