"Mezu zehatzik ez izan arren, grafitia bera iraultzailea da"

  • Jakin edo ez, donostiar guztiek ikusi dute noizbait bere marka hiriko hormetan. Wohou ezizenez ezaguna, gazte honek hamabost urte daramatza Donostia sinadura eta izar irribarretsuekin apaintzen.

Artikulu hau CC BY-NC-ND 4.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2018ko irailaren 04an - 12:09
Argazkia: Iñaki Agirre

Zer darama Wohouk soinean kalera irteten den aldiro?

Etxetik ateratzen naizenean beti errotuladore bat edo bi dauzkat nirekin, eta pegatinak ere bai. Espraiak grafiti bat egin behar badut bakarrik ateratzen ditut. Hori aurretik prestatzen dut, ez da inprobisatua izaten.

Nolakoak dira margoketak?

Prozesu guztia oso pentsatua dago. Izartxoa, adibidez, hiru edo lau minutuan egiten dut.

Denbora laburrez bada ere, margotzen duzunean agerian zaude.

Bai. Asko arriskatzen duzu, gero eta gehiago. Hirian gero eta ezagunagoa bilakatzen bazara, isunak ere altuagoak izan daitezke. Kontu handiz ibili beharra dago.

Odon Elorza alkatetzara iritsi zenetik grafitiaren kriminalizazioak okerrera egin zuen hirian. Horren eraginez, grafitilari donostiarrek euren lanak egiterakoan azkartasuna bilatu dute, edertasunaren kaltetan. Nahiago dute hiru minutuko pieza bat egitea bi orduko murala baino, bi kasuetan isuna berdina delako.

Zergatik arriskatu? Zer ematen dizu grafitiak?

Grafitia funtsezkoa izan da nire ahalduntze pertsonalean, eta autoritateari diogun beldurra kentzen lagundu dit. Pertsona guztiek hori bilatu behar dutela iruditzen zait, bakoitzak bere erara. Nire kasuan, grafitia izan da bidea.

Duela ez asko, egun goibel batean, etxetik irten nintzen espraiez beteriko poltsarekin, gaueko ordu txikitan hiriko kale nagusienetako bat margotzeko asmoz. Askatasunaren etorbidera iritsi nintzen, boteak atera, eta bihotz koloretsuez inguraturiko izartxo bat margotu nuen bertan. Une horretan, bost minutuz izan bazen ere, Donostiako erdigunea nirea zela sentitu nuen. Horrek edozertarako gai sentiarazten zaitu. Erabat aske.

Kalean egin eta denon bistan dagoen zerbait bada ere, zuk zuretzako egiten duzu.

Bai. Niretzat grafitia oso gauza pertsonala da, nahiz eta espazio publikoan egon.

Grafitia izateko klandestinoa izan behar du?

Niri baietz iruditzen zait. Autoritatearekin duen borroka hori gabe grafitiak bere esentzia galtzen du.  Niretzako klandestinoa izan behar du, bai ala bai.

Askotan mezu zehatzik ez izan arren, grafitia bera iraultzailea dela esango nuke. Pareta batean bere izena jartzeko autoritateari aurre egiteko prest dagoen gaztetxoaren izaera iraultzailea dela iruditzen zait.

Arte gisa ere ikusten duzu?

Artea edo artistaren irudia definitzea asko kostatzen zait, baina bai, noski, niretzako grafitiak arte puntu bat dauka ere. Nik kolorez beteriko izar irribarretsuak margotzen ditut, eta horrek, edozein dela arrazoia, jendearen arreta erakartzen du. Gauza pertsonala bada ere, kaleei ukitu koloretsu eta alai hori ematea gustatzen zait. Garbi daukat donostiar bakoitza kalera irten eta gutxienez marrazki bat egitera animatuko balitz, hiria askoz eder eta erosoagoa izango litzatekeela.

Tabakalera ondoko horma margotu zenuen, udalak ordainduriko beste mural baten ondoan. Hor jarraitzen dute biek oraindik. Zergatik ez dute ezabatu?

Grafitiak hor jarraitzen badu, bertan inolako mezu aldarrikatzailerik ez dagoelako jarraitzen du. Euren filtroa pasa du, polita delako eta ez duelako gehiegi molestatzen. Kasu horretan, nire lana bereganatu dutela sentitu dut nolabait.

Udaletik kultura izugarri goraipatu da azken urteotan. Noraino iristen da erakunde publikoen  hipokrisia gai honen inguruan?

Ni asko haserretu nintzen kultur hiriburutzarekin. 2014an Intxaurrondoko kultur etxe berriaren ondoan hormairudi bat egitera gonbidatu ninduten, eta nahi genuena margotzeko askatasun osoa genuela azaldu ziguten. Txerriz inguraturiko eta baserritarrez jantzitako izartxo bat margotu nuen. Txerri bakoitzak politikari baten izena zuen: Mariano Rajoy, Angela Merkel, Denis Itxaso… Hortik egun gutxira, txerrien zatia pintura grisez estalita agertu zen. Azalpenak eskatu nituen, eta antolatzaileek ezjakinarena egin zuten.

Gero Koldo Mitxelenako erakusketa batentzako euskal presoek egindako marrazki batzuk zentsuratu zituzten. Udalaren eta kultura hiriburutzaren faltsukeria agerian geratu ziren, guztiz.

Kultur hiriburutzan zure aletxoa jarri zenuen hala ere.

Garbi neukan kultur hiriburutzaren bultzada aprobetxatuz nik ere etekina atera nezakeela. Txaleko islagailu bat hartu eta Olatu Talkaren logoa margotu nion atzean, eta poliziaren eta mundu guztiaren bistan, kaleak margotzen hasi nintzen. Jendearen partetik kritika positiboak bakarrik jaso nituen, baina gauza bera txaleko gabe eta gauez eginez gero, pertsona berdinek ziurrenik bandalotzat joko ninduten. Horrek gauza asko zalantzatzera eramaten nau.

Horietako batean, Kursaal parean argi kutxa bat margotzen ari nintzela, Eneko Goia alkatea ondotik pasa zitzaidan, bi trajedunekin batera. Begira geratu ziren, egiten ari nintzena Olatu Talkaren egitasmo bat zela pentsatuz, eta irribarre batekin komentatu zuten nire lana, harro. Ez zekitena da antolatzaileek nire proposamenei uko egin zietela, pentsatuta zeukatenarekin bat ez zetorrela argudiatuz.

Nondik dator erakunde eta grafitilarien arteko distantziamendu hori?

Ez dira inoiz gu ulertzen saiatu, baina grafitia euren mesederako erabiltzeko ez dute eragozpenik izan. Beraiek nahi dutena beraiek nahi duten lekuan margotzeko nahi gaituzte, baina grafitia ez da hori.

Nolakoa da grafitiaren mundua barrutik?

Mundu oso klandestinoa izan arren, gure artean denok ezagutzen dugu elkar. Gertutik bizi ez duen pertsona bati guk grafitia nola bizi dugun azaltzea oso zaila da. Nekez ulertuko du.

Idatzi gabeko arau asko ditugu, eta denetarik badago ere, gure arteko harremana errespetuan oinarritzen da.

Emakumeek presentzia dute bertan?

Oso maskulinizatua dago, eta grafitigile askok jarrera oso ‘matxitoa’ dute. Hala ere, badira euren muturra sartzen duten emakumeak, eta askotan gizonek bezain ondo edo hobeto egin dezaketela erakusten dute, perspektiba berriekin datozelako.

Horietako grafitilari bat topera dabil azkenaldian. Koloreetako aluak margotzen ditu, eta izugarrizko errespetua diot hainbat arrazoirengatik. Kaleak zakilen marrazkiez beterik ikusteaz nazkaturik hasi zen aluak margotzen. Edonork daki zakil bat marrazten, baina emakumeen genitalak marrazterakoan, askok ez dakite nondik hasi. Egoera hori ikustarazi eta grafitiaren munduan emakumearen irudia indartzeko asmoz hasi zen bera horretan, eta asko miresten dut horregatik.

Grafitia eraldaketa sozialerako tresna izan daiteke, hortaz?

Baietz uste dut. Autoritatearen eta ezarritakoaren aurka altxatzeko bide gisa ikusten dut.

Arazoak ere sortuko zizkizun, ordea.

Bai, bat edo beste… Behin baino gehiagotan atxilotu naute, eta epaiketak izan ditut horregatik. Isunak ordaindu eta gizarte lanak ere egin behar izan ditut. Hala ere, kendu didana baina askoz gehiago eman dit grafitiak, zalantzarik gabe.

Grafitilariek erretiroa hartzen dute noizbait?

Zoritxarrez, jende askok grafitia moda gisa bizi du. Horiek urte gutxira utzi egiten dute, sarritan lehenengo atxiloketaren ostean. Beste batzuok, ordea, egiten dugunak bete egiten gaitu. Horiek badakigu betirako izango garela grafitilariak, bastoiarekin bada ere.

Albiste hau Irutxuloko hitza -k argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kaleko artea
Artista kolektiboen jaialdia Leioako kaleetan, maiatzaren 18tik 21era

Leioako XXIII. Umore Azoka ospatuko da datorren asteburuan. Arte eszenikoetako 43 konpainia eta 90 emanaldi izango dira ikusgai; tartean izango dira Euskal Herriko hamazazpi konpainia.


Mutrikuk kale museo bilakatzeko bidea hartu du

Lau horma irudi egingo dira aurten. Urtero hainbat artista gonbidatzea da udalaren asmoa. Artista bakoitzak hamar urteko bermea ematen du bere horma irudia bere horretan mantenduko dela ziurtatzeko.


2023-02-19 | Axier Lopez
Horma biziak zentsura eta ahanzturaren gainetik

“Hedabideek isilarazten dutenaz mintzo dira hormak”, zioen erdaraz Barakaldoko mural batek 1990eko hamarkadan, horma-irudien eta pintaketen zeregin nagusia azpimarratu nahian. Ahots anonimoak dira, horman idatzitako hitzetik mintzo direnak, espontaneoak gehienak, gai... [+]


Lian muralgilea
"Kamiñazpiko lana guztiona da, hortaz, baita saria ere"

Street Art Cities plataformak egiten duen sailkapenean, munduko hirugarren onena hautatu dute Ondarroako Kamiñazpin dagoen Lian muralgilearen lana.


2023-01-20 | ARGIA
Sare sozialak arakatu eta Gasteizko grafitigileak zigortu nahi ditu Urtaranen gobernuak

Zerbitzu sekretuen alorrean erabili ohi diren OSINT teknikak erabiliko dituen enpresa bat kontratatzeko proiektua lizitaziora atera du Gasteizko Udalak, Arabako Alea-k jakitera eman duenez.


Eguneraketa berriak daude