ARGIA.eus

2020ko irailaren 23a
Ainhoa Mejķas Diaz (Patxi Ruiz Romeroren abokatua)

"Patxik edozein unetan izan dezake bihotzekoa, hiltzeko arriskua erreala da"

  • Hamargarren eguna du Patxi Ruiz euskal preso politikoak gose eta egarri greban. Ainhoa Mejias presoaren bi abokatuetako bat da, larritasunez beteriko egunak ari da bizitzen. Medikuek esan dute bosgarren egunetik aurrera edozein momentutan bihotzekoak jota hil daitekeela Ruiz. Espetxeko zuzendaritzak eta medikuak izaten ari diren jarrera ankerra salatu ditu bereziki ARGIArekin hizketan. Elkarrizketa ixtear gaudela, esperantzari zirrikitu bat irekitzen dion berria heldu zaio Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentraletik: epaitegiak espetxeari exijitu dio Ruizen egoeraren txosten bat bidali diezaiola berehalakoan, urrats berrien aurrekaria izan daitekeena erlojuaren aurkako eta bizitzaren aldeko borroka honetan.

Z. Oleaga @zoleaga1
2020ko maiatzaren 20a

Lehenik eta behin, zer moduz dago Patxi Ruiz fisikoki eta psikologikoki?

Fisikoki oso-oso ahul dago. Astelehenean ikusi genuen azkenengoz: oso argal dago, 60 kilo ditu 1.80 metroko altuera izanik, ia ezin zuen oinez ibili, azala horitua eta mingaina oso handitua ura ez edateagatik. Hiru egun dira ez duela txiza egiten. Ahoa oso lehor duenez, eta indar gutxi, asko kostatzen zaio hitz egitea, oso astiro egiten du. Doble ikusten du, ikusmena fokatzea kostatzen zaio. Arreta zentratzeko eta elkarrizketa mantentzeko zailtasun handia du. Patxiren konfiantzazko medikuek esan ziguten hori dena normala dela, garunera oxigenorik heltzen ez zaiolako.

Buru aldetik oso gogor dago, gaur arte jarraitzen du esaten bere helburuetan tinko mantenduko dela.

Hiltzeko arriskua berehalakoa da?

Bai. Medikuak esan zigun Patxik edozein momentutan izan dezakeela bihotzekoa. Hiltzeko arriskua erreala da.

Egunero hitz egiten duzue Ruizekin?

Goizetan amarekin eta lagun batekin hitz egiten du, arratsaldetan nirekin. Adostu dugu berak ez badu deitzen nik deitu behar dudala espetxera, ondo dagoen jakiteko.

Gertaera kate baten segida da Ruizek gose eta egarri greba hasi izana. Azaldu diezagukezu zerk ekarri duen egoera honetara?

Dena hasi zen espetxeak ez duelako alarma egoera honetan inongo segurtasun neurririk hartu osasun arloan. Patxi epaitegian kexak sartzen hasi zen, eta ez du inongo erantzunik izan, ezta nik ere. Hori ikusita, erabaki zuen patioan protestak egitea: goizeko 9:00tan, pankarta batekin kontzentrazioa egin, modu baketsuan eta arazorik sortu gabe. Azken kontzentrazioan 80 bat pertsona kontzentratu ziren. Larunbatean [maiatzak 9], ziegan zegoela, bi funtzionario joan zitzaizkion, emakume bat eta 8. moduluko nagusia, eta pankarta kendu zioten, oso modu txarrean, esanez bera zela guztiaren arduraduna eta ondorioak izango zituela. Bere bizitzaren aurkako mehatxuak jaso zituen.

Horren ondoren, ziegan bakarrik zegoela, antsietate krisi bat izan zuen, beldurraren ondorioz. Testuinguru horretan besoan ebakuntza batzuk egin zituen. Bederatzi grapa jarri zizkioten erizaindegian, eta medikuak, oso modu txarrean ere, ez zion minerako lasaigarririk eman nahi izan, Patxik eskatu bazion ere. Valium bat da eskaini zioten bakarra.

Hori larunbatean izan zen. Igandean, batetik Murtziako Guardia Epaitegian zein Madrilgo Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralean salaketak aurkeztu genituen funtzionarioaren aurka, Patxiri eginiko mehatxuengatik. Bestetik, Patxik erabaki zuen hurrengo egunean, astelehenean, gose eta egarri greba hastea.

Behin Ruizek gose eta egarri greba hasita, zein izaten ari da espetxearen jarrera?

Espetxea oso jarrera txarra izaten ari da, berdin zaie Patxi hiltzen bada. Igandean bisitan jaitsi ginen, eta arazorik gabe sartu ginen. Astelehenean berriz joan ginen, eta zuzendariari bilera bat eskatu genion egoeraz hitz egiteko, eta erantzun ziguten, hitzez hitz, zuzendaritzak ez duela gurekin hitz egitekorik.

Horrez gain, abokatu gisa Patxirekin bisita egiteko trabak jarri zizkiguten goizean. Deitu behar izan genuen dekanotzara, salaketa jarri, mila dei... Hasieran niri uzten zidaten sartzen, baina lankidea ez, gero niri ez eta berari bai, ondoren biei ezetz, gero baietz... mila buelta. Azkenean 12:30ean lankidea sartu zen, niri ez zidaten utzi. 16:30ean agertu nintzen berriz ere, eta arazorik gabe sartu ahal izan nintzen. Baina bisitatik irtetean, atean nituen zuzendariordea eta beste bi funtzionario, oihuka, ea zergatik sartu nintzen berriro ere.

Orain dela hiruzpalau egun arte espetxeak esaten zuen ez zuela Francisco Ruiz Romeroren gose eta egarri grebaren berririk. Egitateak ukatzen zituen. Eta gaur egunera arte ez dute ezer egin. Erizaina orain dela lau bat egun hasi da Patxiri pisua eta tenperatura hartzen, baina medikuak ez du artatu nahi. Hori arduragabekeria medikoa da, laguntzeko betebeharraren omisioa. Medikuaren aurkako salaketa jarriko dugu gaur bertan.

Espetxeetan bada protokolo bat preso batek gose eta egarri greba bat egiten duenerako. Bertan zehazten da zerbitzu medikuek egunero txosten tekniko bat egin behar dutela, odol analisia eta beste. Medikua ez da Patxirekin egon egun guzti hauetan, eta egin diren txostenak oso datu azalekoak soilik jasotzen dituzte: pisua, tenperatura, taupadak... baina beste analisi mota batzuk egin beharko lizkiokete: potasio maila... jarraipen bat finean. Hori da espetxe guztietarako protokoloa, eta ez dira betetzen ari.

Espetxeak zain barneko seruma eskaini dio Ruizi, ezta?

Bai, eskaini dio espetxeko erizaindegira eramatea eta han seruma jartzea. Patxik esan du hori onartuko duela Auzitegi Nazionalaren auto judizial batek agintzen badu, ospitalera eramatera eta seruma jartzera behartuz. Gauza da ez dela fidatzen espetxeko erizaindegian zainetatik sartu diezaioketenaz. Nahi du Auzitegi Nazionala eta Epaitegi Zentrala gainean egotea dena kontrolatzen, beldur delako espetxeak bere bizitzaren aurka zer edo zer egitea.

Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralari egoeraren berri eman zenioten, eta hark auto batean adierazi du ofizialki jakinaren gainean dagoela. Egoera aldatu dezake horrek?

Aldatu dezake, jada espetxea behartu du zer edo zer egitera.Txosten klinikoak bidaltzea eskatu dio espetxeari. Nik jakinarazi diot zaintza epaitegiari hamar egun ostean ez dagoela inongo txostenik, espetxeak ez duela protokoloa jarraitu.

Konfiantzazko medikuekin egon ahal izan da Ruiz?

Hasieran eskatu genuen psikologoak Patxirekin hitz egin eta bisita egiteko aukera izan zezala. Bisitaren inguruko erantzunik ez dugu, baina astelehenean onartu zioten psikologoari deitzeko aukera. Hasiera batean esan zioten deietarako baimendutako hamar telefonoen zerrendatik bat kendu beharko zuela psikologoari deitzeko, bera ukatu egin zen eta azkenik espetxeak onartu zuen zerrendari ez eragitea. Ordu erdiz egon zen psikologoarekin hizketan. Konfiantzazko medikuek artatzeko eskaera ere egina dugu, momentuz ez dugu erantzunik. Medikuak espetxera deitu du Patxiren egoeragatik galdezka, eta erantzun diote ez diotela inongo informaziorik emango.

Zer eskatzen du Ruizek gose eta egarri greba uzteko?

Bere aldarrikapena da 8. moduluko funtzionario nagusia kendu dezatela modulu horretatik. Hortik ez da mugituko. Funtzionario hori da bere bizitzaren aurkako mehatxuak egin dizkiona. Beti esaten diote ordainduko duela, goiza heldu eta lotan jarraitzen duten eta inoiz esnatzen ez diren preso asko dagoela. Hildako preso asko ikusi du Patxik bere espetxe urteetan, eta egiazko beldurra sentitzen du. Esaten du nahiago duela borroka egin amak bere buruaz beste egin duela pentsa dezan baino.

Bera modulu horretan zegoen?

Bai. Gero eraman zuten 6 modulura, errespetuzkoa deitzen zaiona, eta atzoko deian esan zigun 10era lekualdatu behar zutela, hiru kide gehiagorekin egoteko.

Hor hobeto egongo da agian?

Ez dakigu, 18:00etan deitu zidanean, ziega jasotzen ari zen 10 modulura joateko, baina ez zuen indarrik bere gauzak hartu eta eramateko ere. Esan nion beste preso bati laguntza eskatzeko. Ordutik ez dugu hitz egin.

Moduluz aldatu ondoren, aldarrikapen berdinarekin jarraitzen du?

Bai.

Urteak daramatza Ruizek espetxean. Nolakoa izaten ari da bere espetxealdia?

Hamazortzi urte dela espetxeratu zuten, eta beste hamabi geratzen zaizkio betetzeko. Murtzian hiru urte daramatza. Espetxearekin harremana beti izan da oso txarra, bere eskubideak asko aldarrikatzen dituen presoa delako.

Abenduaren 31n bere burua zauritu zuen protesta moduan.

Gabon zaharrean amarekin komunikazio telefonikoa egin zuen, eta funtzionario batek deia moztu zion oraindik lau minutu baino gehiago geratzen zitzaizkiola. Bere amarekin oso sentibera da Patxi, aita urtebete dela hil zen, eta aitaz ari ziren hizketan une horretan, hain zuzen ere. Orain egin duen bezala, zauriak egin zituen protesta modura bizar-xafla batzuekin. Besoaren goialdean, ez zainak mozten saiatuz edo antzeko ezer.

Espetxeak Ruizen eskaera onartzeko aukerarik ikusten duzu?

Ez.

Bada beste irtenbiderik?

Epaitegi Zentralaren auto judiziala heltzea, eta ospitalera eraman dezatela. Momentu honetan bide posible azkarrena litzateke. Denbora irabaziko genuke horrela. Oraingo egoera ez dakit zenbat luzatu daitekeen, baina ez asko: gaurkoa gose eta egarri grebaren hamargarren eguna da, eta medikuek hasieran esan ziguten bost bat egun iraun zezakeela.

Orain Auzitegi Nazionaletik presioa egiten hasi dira espetxeari. Atzo [asteartea] gaueko 00:00etan Zaintza Epaitegian agiri bat sartu genuen esanez Patxi gose eta egarri greban dagoela maiatzaren 10eko gauerdiaz geroztik. Epaitegiak zuen autoan jartzen zuen 13an hasi zuela greba. Eta oraintxe [asteazkena, arratsaldeko 17:00ak] jakinarazi digute epaitegiak agindua eman diola espetxeari. Ez da ohikoa hain azkar erreakzionatzea. Epaitegiak espetxeari exijitu dio Patxiren egoera orokorraren inguruko txosten bat bidaltzea berehala, ez bakarrik osasun egoerarena. Auzitegi Nazionala espetxea presionatzen ari da ez delako ezer bidaltzen ari. Hurrengo urrats logikoa litzateke epaitegiak auto judiziala egitea, Patxiri seruma jartzea aginduz.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Espetxe baldintzak  |  Espetxe politika

Espetxe baldintzak kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude