ARGIA.eus

2021eko martxoaren 04a

Maskara saredunen marka bat merkatutik erretiratuko dute, eraginkorra ez delako

  • Kontsumobidek maskara saredun marka bat laborategian aztertu du, etiketan jartzen duena betetzen duen egiaztatzeko. Proba horien arabera, marka honetako maskara saredunek bakteriak iragazteko duten eraginkortasuna %15,3koa da eta UNE-0065 zehaztapenak %90ekoa edo handiagoa izan behar duela agintzen du. Kontsumobidek bere hurrengo kanpainan, besteak beste, maskara higieniko saredunak aztertzeari ekingo dio, etiketan jartzen dutena betetzen duten egiaztatzeko. Espainiako Kontsumo Ministerioaren Agindu berriak maskara higieniko saredunak ere onartzen ditu legediaren barruan.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre
2021eko otsailaren 23a
Argazkian maskara saredun bat. Jaurlaritzak ez du argitu zehazki zein markakoa edo nolakoa den EAEko merkatutik kentzea eskatu duen maskara sareduna. Argazkia: lasprovincias.es

Eusko Jaurlaritzak emandako informazioan ez du zehaztu zein marka den EAEko merkatutik erretiratzeko eskatu duena, ezta zein motakoa den ere (maskara higienikoa edo NBE). Jaurlaritzaren arabera, Kontsumobide produktua fabrikatzen duen enpresarekin bildu da txostenaren emaitzak honi azaltzeko. Jaurlaritzaren hitzetan, "enpresa, une oro, laguntzeko prest azaldu da, eta produktua banatzailetatik eta salmenta-puntuetatik erretiratuko dute".

Maskara higieniko saredunak: legeak onartuta baina susmopean

Espainiako Kontsumo Ministerioak Agindu berria argitaratu du otsailaren 12an eta bertan azaltzen da maskarek zein baldintza bete behar dituzten etiketetan informazioa ematerakoan eta merkaturatzerakoan. Bertan azaltzen du enpresek 30 eguneko epea dutela araudi honetara egokitzeko, eta autonomia erkidegoek eskumena izango dutela ikuskaritza lanak egiteko. Kontsumo Ministerioaren agindu honetan maskara saredunak ere esplizituki aipatzen dira. Espainiako Estatuko Gorren Familien Elkartea pozik agertu zen lehen aldiz arautu zirelako maskara higieniko gardenak.

Kontsumobidek iragarri du, Espainiako araudi berri horretara egokitzeko enpresek dituzten 30 egunak pasatu ostean, beste kanpaina bat egingo duela, besteak beste, maskara higieniko saredunak aztertzeko eta "zigorrak ezartzeko ahalmena" izango duela.

Kontsumobidek aurreko kanpainan 13 maskara modelo ibilgetu zituen

Kontsumobidek otsailaren 3an eman zuen jakitera maskaren etiketak aztertuz egindako lehen kanpaina. Ordukoan, 53 denda fisiko aztertu zituzten. Denda horietan salgai zeuden 9 maskara higieniko modelo ibilgetu zituzten eta 4 NBE maskara modelo. Azaldu zuenez, "akatsek zerikusia dute fabrikatzailearen datuak ez zehaztearekin, nahastea eragin dezaketen datuak erakustearekin edo jarraibiderik ez ematearekin, besteak beste". Kontsumobidek kanpaina hartan aztertutako maskaren %69k etiketatzean akatsen bat zutela adierazi zuen.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Covid-19 shockean adi  |  Eusko Jaurlaritza

Covid-19 shockean adi kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude