Maskara hau ezagutzen? Haren sortzailea Gasteizen izango da laster

  • David Lloyd, V for Vendetta komiki ezagunaren sortzaileetako bat, Gasteizen izango da otsail hasieran. Ignacio Aldecoa kultur etxeak eta Caracola Comic-ek hiru eguneko jardunaldiak antolatu dituzte komiki horren inguruan.


2022ko urtarrilaren 25an - 00:16
Azken eguneraketa: 01:25
V for Vendetta komikiko protagonistaren maskara ezaguna egin da mundu osoko protestetan (argazkia: Sik Life / Pixabay).

Otsailaren 3an hasiko dira V for Vendetta-ren inguruko jardunaldiak Azucena Monge eta Joseba Gomez komikigintzako adituen sarrera-hitzaldi batekin. Saio horretan aztertuko dute Lloyden lanak komikiaren historian nolako eragina izan duen eta haren ekarpenak gaur egungo perspektibatik begiratzen ahaleginduko dira.

Zale sutsuenentzat, segur aski hurrengo bi egunak izango dira inportanteenak, otsailaren 4an David Lloyd bera Gasteizko Caracola Comicsen egongo delako bere lanak sinatzen 16:30etik 20:30era. V for Vendetta-rekin lotutako programazioa otsailaren 5ean amaituko da, Lloydek 11:00etatik aurrera Ignacio Aldecoa kultur etxean emango duen hitzaldiarekin –publikoaren galderak ere erantzungo ditu–.

Komikietatik mundu osoko protestetara

1982. urtean Erresuma Batuan martxan jarri zen Warrior komiki aldizkariaren sortzaileak eskatu zion Lloydi pertsonaia berri bat sortzeko. Honek, Allan Moorekin batera, V for Vendetta sortu zuen, abentura distopiko bat, zeinak anarkista misteriotsu bat duen protagonista, etorkizuneko gobernu faxista baten aurka borrokan.

Pertsonaia horren ezaugarrietako bat, komikian erabiltzen duen maskara, oso ezaguna egin zen 2011tik aurrera munduko hainbat lekutan egin ziren protestetan –Occupy Wall Street, M15– eta zenbait herrialdetan debekatu ere egin zuten hura janztea, Arabiar Emirerri Batuetan adibidez. Anonymous bezalako hacker taldeek ere sarritan baliatu izan dute.

1605etik boterearen kontra

Baina maskararen jatorria askoz lehenagokoa da: 1605ean Guy Fawkes izeneko soldadu batek beste zenbait lagunekin batera “Bolboraren konspirazioan” parte hartu zuen. Ingalaterrako Jakue I.a erregea hiltzeko asmoz Londresko Lorden Ganbera lehertzen saiatu ziren. Salatari anonimo batek ohartarazita, Fawkes atxilotu, epaitu eta urkamendiraino herrestatu zuten, baita hil ondoren haren gorpua zatikatu ere.

Heriotza bortitz horrek ez zuen Fawkes ahantzarazi eta ondorengo mendeetan behin baino gehiagotan agertu izan da, liburuetan, antzezlanetan, kantetan... eta komikietan. “Ez dakit zergatik gogoratu nintzen Guy Fawkesekin”, adierazi zuen Lloydek V for Vendetta-ri buruz 2005ean egin zioten elkarrizketa batean. “Pentsatu nuen berak [komikiko protagonistak] Guy Fawkesen antza edukitzea ondo egongo zela, antzerki-itxurako zerbait emango ziola nolabait. Alani iradoki nion eta esan zidan ‘ideia ona dirudi’”.

Sinboloaren arrakasta eta gaur egungo arriskua

1984an Warrior aldizkaria itxi zutenean, V for Vendetta seriea berriz inprimatu zen, kolorea erantsita DC Comics etxearen bidez. Eta 1995ean istorio guztia nobela grafiko bakarrean bildu zuten.

Horrek eta hamar urte geroago James McTeigue zuzendariak komikian oinarrituta estreinatu zuen filmak eman zioten behin betiko bultzada Lloydek eta Moorek sortutako pertsonaia iraultzaileari. Gaur egun protesta askotan –zoritxarrez, baita komikiaren espirituaren antipodetan dauden eskuin muturreko mugimenduen mobilizazioetan ere– haren maskara erabiltzea ohikoa bihurtu da.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Komikiak
2023-12-15 | ARGIA
'Ño' komikiaz solasaldia, gaur Bilboko La Sinsorga kulturgunean

Ño komikiaren testuen egile Miren Artetxe eta Eli Pagola, eta Maitane Gartziandia ilustratzailea Bilboko La Sinsorga kulturgune feministan (Askao Kalea, 9) izango dira gaur, arratsaldeko 19:00etan, haien lanaz hitz egiteko.


Euskarazko komikien HernaniKomik II. azoka

Azaroaren 17an eta 18an izango da, ostiralez eta larunbatez, Hernaniko Atsegindegi plazan


Mikroa eskuan eta irribarrea ezpainetan

Ño!
 

Testuak: Eli Pagola eta Miren Artetxe
Ilustrazioak: Maitane Gartziandia
Argia, 2023

------------------------------------------------------

Komikia hasi aurretik eta amaitu ondoren bai azal eta kontrazalean, bai tapa eta barruko tapetan informazio... [+]


2023-09-27 | ARGIA
‘Ño!’ komikiaren erakusketa inauguratuko dute ostegunean Hernanin

Maitane Gartziandia, Eli Pagola eta Miren Artetxe egileek komikiaren lan prozesua eta mamia azalduko dituzte Kulturarteko Plaza Feministan irailaren 28an, komikiaren marrazki originalez lagunduta. Urriaren 5ean Iruñeko Laban aurkeztuko dute beren lana egileek.


Eguneraketa berriak daude