Marotok eta Alonsok diru publikoa enpresari baten mesedetan erabili al zuten?

  • PPko kide Javier Marotok eta Alfonso Alonsok azalpenak eman beharko dituzte Gasteizko Udalak 2007an Gonzalo Anton enpresariari alokatutako bi lokalengatik.


2015eko otsailaren 24an - 10:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
Alfonso Alonso, Javier Maroto eta 2007an Gasteizko Udalean zinegotzi ziren beste lau lagun martxoaren 5ean deitu ditu Espainiako Kontu Auzitegiak.

Alonso zen Gasteizko alkate orduan eta egun alkatea den Maroto, berriz, Ogasun zinegotzia. Bi alokairuak ikertu zituen batzorde batek ondorioztatu zuen “interes orokorraren kontra” sinatu zirela akordioak.

Horregatik, Espainiako Estatuko Kontu Auzitegiak 440.000 euro inguru eskatzen dizkie Alonsori, Marotori eta Gasteizko Udalean zinegotzi izandako beste lau laguni, irregulartasunak eta atzerapen interesak kontuan hartuta.

Udalak hirukoitza ordaindu al du?

Duela zortzi urte Udalak Gonzalo Anton enpresari eta Alaveseko presidente ohiari bulego batzuk alokatu zizkion. Sei milioi euro ordaindu zizkioten Antoni.

Alokairuarengatik ordaindutakoaz aparte, 1,5 milioi euro ere ordaindu zituen Gasteizko Udalak bulegoetan egin ziren obretan.

EFE agentziak eskuratu duen Kontu Auzitegiaren barne dokumentu baten arabera, gehiegizko prezioa zen hori, urtebete lehenago, Antonek berak lokala erosi zuenean, 2,7 milioi pagatu baitzituen. Alegia, prezio horren ia hirukoitza ordaindu zuten agintari gasteiztarrek.

Gainera, Alonsok eta Antonek sinatutako alokairu kontratua 20 urterako blindatuta dago. Eteten baldin bada enpresariak 20 urte horien alokairua kobratzeko eskubidea izango luke Pedro Gorospek El Paísen idatzi duenaren arabera.

Merkatuko prezioetatik at adostu al zuten?

Operazioa susmagarria bihurtu zen kontratua sinatu baino hilabete lehenago. Antonek Udalari idatzi zion, adieraziz Ogasun sailetik jaso zuen proposamena ez zela aurretik adostutakoa –hilean 18.500 euro kobratu nahi zituen enpresariak, BEZ zerga alde batera utzita; udal teknikariek 10.100 baino gehiago ez ordaintzeko aholkatu zuten–.

Azkenean Udalak zera egin zuen: 12.500 euroko hileroko kuotak ezarri, teknikarien aholkuetara hurbiltzeko; eta urtero Kontsumorako Prezioen Indizearen hazkundea baino %9 gehiago ordaintzea programatu, hartara sei milioira iritsi ahal izateko.

Alonso ez da zitaziora joango

PPren iturriak aipatuz EFE agentziak aurreratu duenez, Gasteizko alkate ohia –egun Espainiako Osasun ministroa– ez da joango Kontu Auzitegiak martxoaren 5erako egin dion zitaziora. Bere ordez, abokatu bat bidaliko du.

EITBk jaso dituen adierazpenetan, Nerea Llanos EAEko PPko idazkari nagusiak adierazi du ez daukala “inolako dudarik” Alonsok eta bere taldeko kide izandakoek “beharrezko” azalpenak emango dituztela.

Informazio gehiago:

Arabako erakunde publikoei lotuta atzeman diren balizko ustelkeria kasuak eta gestio desegokiak bildu ditu Adi elkarteak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kudeaketa publikoa
2023-12-17 | Axier Lopez
Jaime Gómez-Obregón
"Datuak zabaltzen dituzte aho txikiarekin, gardena izatea beste gauza bat da"

Jaime Gómez-Obregón ingeniariak oso tresna baliagarria sortu du Jaurlaritzaren diru publikoaren erabileraz gehiago jakiteko. 2018tik 2022ra erakunde horrek hedabideen artean banatu dituen publizitate kanpaina guztien datuak prozesatu, aletu eta era ulergarrian... [+]


2023-09-06 | ARGIA
1.761 ekitalditan zezenak erabili dituzte Hego Euskal Herriko festetan

Herriko festetan, zezenak erabiltzen dituzten ekitaldietan udalek zenbat diru gastatzen duten ikertu dute AnimaNaturalis eta CAS International elkarteek. Hego Euskal Herriko datuei erreparatuz gero, Azkoien eta Azpeitia nabarmendu dituzte.


Igor Astibia, Hekimen
"Euskarazko hedabideak ez daude Jaurlaritzaren lehentasunetan"

Euskarazko hedabideei euskara sustatzeagatik legez dagokien dirulaguntzak Eusko Jaurlaritzarekin negoziatzen luze aritu da Hekimen, Euskal Hedabideen Elkartea. Baina euskarazko komunikabideentzat lortutako dirulaguntza nahikoa ez den bitartean sektorea egonkortzeko, 6 milioi... [+]


Zer ondasun dituzte Donostiako alkateak eta zinegotziek?

Donostiako udalbatzak legegintzaldiko azken ikasturteari hasiera ematen dioten ondasunen aitorpena aurkeztu du Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Donostiako alkateak eta zinegotziek adierazi dute 24 etxebizitza dituztela –jabetzan edo partekatutako titulartasunean–, 9... [+]


Jaurlaritzak 15.000 euroko diru-laguntza zuzena eman dio Elkano Fundazioari kongresu bat antolatzeko

Eusko Jaurlaritzak uztailaren 5ean egindako Gobernu Bileran erabaki zuen Kultura eta Hizkuntza Politika sailaren bitartez 15.000 euroko diru-laguntza ematea Elkano Fundazioari.


Eguneraketa berriak daude