Olanori galdetu diote zuzenean: "Zer ari da gertatzen erraustegian?"

  • Larunbat beroan, eguerdian, dozenaka lagun bildu dira Zubietako Plazan, azken egunotan Arkaitzerreka errekan izandako kutsaduraren harira Errausketaren Aurkako Mugimenduak deituta. Komunikatu zorrotza irakurri dute, agintarien azalpen falta salatuz, eta zuzenean Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Markel Olano interpelatuz: “Non zaude? Zeri begira bizi zara?”. Bitartean, Gurasos elkarteak adierazi du ikerketa fiskaltzara eraman dutela. Egunotan Arkaitzerrekako kutsadura maila jaisten hasi da, egunez egun jarraipena egin dioten herritarrek baieztatu dutenez.


2022ko uztailaren 18an - 08:46
Arkaitzerrekako kutsadura eta agintarien isiltasuna salatu dute Zubietan herritarrek. (Argazkia: EAM)

Bero izugarriak ez ditu etxean gerarazi herritar ugari, eta Zubietako plazan dozenaka lagun bildu dira larunbatean. Errausketaren Aurkako Mugimendua oso haserre da Gipuzkoako agintariekin, eta azpiegitura horretan arazoak sortzen direnean, ez dagoela azalpenak emango dituen inor salatzen dute.

“Gipuzkoa gainezka dago erraustegia kontrolatu dezaketen eta kontrolatzeko obligazioa duten funtzionario, agintari eta profesionalez. Baditugu kolore guztietako poliziak, Ingurumena zaintzeko agentzia publikoak, ahoa “gobernantzaz” eta “gardentasunez” betetzen duten enpresa publiko eta pribatuak, herritarrei egia kontatzen omen diotela harro esaten duten agintari eta politikoak… Baina arriskuz betetako Erraustegi bat kontrolatzeko orduan, inor ez dago: inor ez dago begira, inor ez zerbait gertatutakoan alerta jotzeko, inor ez susmagarriak kontrolatzen… Makel Olano, Gipuzkoako Ahaldun Nagusia: non zaude? Zeri begira bizi zara?”, galdetu dute.

EAJko politikariari aurpegiratu diote ez zutela atsedenik izan “erraustegi munstroa” martxan jarri arte, nahiz eta herritarrek behin eta berriro ezetz esan, edo udal askok erakutsi hondakinak kudeatzeko modu merkeago, osasuntsuago eta efikazagoak gaudela, edo nahiz eta herri mugimenduak urteetan mobilizatu arren proiektuaren aurka. “Lortu duzue nahi zenutena: herritarrak zorpean sartu, multinazionalak eta bertako enpresa lotsagabe batzuk aberastu, herritarrak publizitate kanpainaz engainatu… eta hondakinak alferrik galdu eta erretzen dituen munstro garestia martxan jarri. Baina orain, Markel Olano Jauna, Gipuzkoan agintzen duzuen PNVko eta PSEko buruzagi profesionalak, orain non zaudete Zubietako Erraustegia nola ari den egunero kontrolatzeko? Ez al diguzue informazio argi eta garbia zor Gipuzkoa osoko herritarroi eta batik bat Erraustegiaren arriskuak etxe ondoan dauzkaten hemengo herritarrei? Markel Olano, zer ari da gertatzen Zubietako erraustegian?”, esanez amaitu dute.

Fiskaltzara eraman dute ikerketa

GuraSOSek ostiralean iragarri du gizarte zibila Arkaitzerrekan izandako isurketa ikerkertzen ari dela eta fiskaltzaren esku daudela jada.

Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumen Sailak kutsaduraren jatorria zein den jakiteko ikerketarik egin ez izana salatu du. Kontrara, goraipatu egin du gizarte zibilak gaiari heldu eta ikerketa abiatu izana –Errausketaren Aurkako Mugimenduak edo Usurbilgo udaltzaingoak ur kutsatuaren laginak hartu ditu lehen egunetik eta laborategi batean analizatzen ari dira–. Fiskaltzari eskatu diote azkar eta zehatz jarduteko, gertaerak argitzeko. “Gizarteak zer gertatzen ari den jakiteko eskubidea du”, adierazi dute.

Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) bidalitako bi esaldiko oharra ere kritikatu du GuraSOSek. Gertatu dena GHK-k ikertu baino gehiago, GHK-ren jarduera ikertu behar dela uste du talde horrek, GHK baita erraustegiaren eta tratamendu mekaniko biologikoko planten titularra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gipuzkoako erraustegia
Jaurlaritzak ez zuen Zubietatik Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioaren berri

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailak ez zuen Artaxoara eramandako hondakinen karakterizazioari buruzko informaziorik; hala dio Eusko Legebiltzarrera igorritako dokumentazioan. Gipuzkoako erraustegia kudeatzen duen Ekondakinek lixibiatuak bidaltzen jarraitu zuen, Ecofert enpresak... [+]


2024-01-30 | Uriola.eus
Zorrotzara iritsiko diren lixibiatuak jo-mugan

Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak komunikatu bat eskaini du Gipuzkoako erraustegiko lixibiatuak Zorrotzara bidaltzeko asmoaren inguruan.


2023-11-17 | Irutxuloko Hitza
GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiaren ikuskaritza bat eskatu du batzar nagusietan

GuraSOS plataformak Zubietako erraustegiarekiko duten jarrera ukatzailea aurpegiratu zieten foru agintariei asteazkenean Gipuzkoako Batzar Nagusietan egindako agerraldian. GuraSOSen bozeramaile eta abokatu Joseba Belaustegik azaldu zuenez, egungo arazoen aurrean beste alde... [+]


Jose Ignacio Asensio ikerketapean dago, ingurumenaren aurkako ustezko delitu batengatik

Ingurumenaren aurkako ustezko delitu bat egin ote duen eta dokumentuak faltsutu dituen ala ez ikertzeko eskatu du Gipuzkoako Fiskaltzak, GuraSOS elkarteak jakinarazi duenez.


Sutea piztu da berriz Zubietako erraustegian

Donostiako suhiltzaileek jakinarazi dutenez, erraustegiko biolehortze-plantan gertatu da ezbeharra.


Eguneraketa berriak daude