Mari Boine: “Samieraz abestea erabaki politikoa da”

  • Europa iparraldeko kultura samiaren aurpegirik ezagunena izango da ziurrenik Mari Boine musikaria. Urtetan Norvegiako lehen ministroari publikoki hortzak erakutsi dizkion bakarra. Bere hizkuntzan abesteagatik hasieran bere herrian ere gaizki ikusi zutena, gaur egun miretsi egiten du askok. Bilbon emango du kontzertua urriaren 15ean.


2010ko irailaren 20an - 00:00
Azken eguneraketa: 2014-03-25 09:12
Mari Boine

1956an jaio zinen. Nolakoa izan zen zure haurtzaroa?

Norvegia iparraldean jaioa naiz, Gamehhisnjarga herrixkan, Finlandiako mugatik gertu. Askatasun handia gogoratzen dut, espazio zabalak edonon. Izokina arrantzatzen genuen, masustak bildu... Ez genuen autorik, txalupa txiki bat baizik, ibai batetik gertu bizi ginelako. Neguan berriz, zaldia erabiltzen genuen alde batetik bestera joateko paisaia elurtuetan. Esan liteke ipuin batean bezala bizi ginela. Baina horrekin batera, zorroztasun handia genuen, gurasoak oso erlijiosoak baikenituen eta samiak izan arren, gure ohiturekin lotutako gauza asko begi txarrez ikusten zituzten.

Samieraz hitz egiten zenuten.

Etxean beti samieraz hitz egiten genuen, hori zen gure hizkuntza. Aitona-amonek apenas zekiten hitzik norvegieraz, eta gurasoek ere ez zuten sekula oso ongi ikasi. Horregatik, etxetik kanpo norvegieraz hasten zirenean, lotsatu egiten nintzen.

Nolakoa zen sami haur batentzat eskola norvegiar batera joatea?

Barnealdean eskola ez zen kostaldean bezain gogorra. Eskola guztiak norvegieraz izan arren, samieraz hitz egin genezakeen. Denok ginen samiak, zenbait irakasleren seme-alaba norvegiarrak kenduta, pare bat gehien jota, baina ez dut gehiegi gogoratzen aro hori. Kostaldeko eskola gogorragoa zen eta sistema bera bideratua zegoen samiok sami izaera galdu eta norvegiar bilakatzera. Gure hizkuntza debekatuta zegoen, eta samieraz hitz egiten zutenak jo egiten zituzten. Historia ere, Norvegiako historia bakarrik irakasten zuten. Oso plangintza arrakastatsua izan zen eta denbora gutxian jendeak bere iragana ahaztea lortu zuten. Guraso askok, hainbeste sufritu zuten eskola garaian, ezen haurrei ez zieten ezer azaldu beren jatorriaz. Hala, ehuneko handi bat norvegiar bilakatu zen.

Sami izaeraz lotsatu eta norvegiar bilakatu nahi izan zenuen gaztaroan zuk ere.

Bai. Eskolaren eragina izan zen hori. Kultura samia gutxiesten irakasten ziguten. “Norbait izan nahi baduzu, norvegiarra izan behar duzu” zen eskolatik ateratzen ginenean buruan sartuta genuen ideia. Samiak ginen eta norvegieraz hitz egiten genuen.

Haurrari zure hizkuntza ez zenion irakatsi.

Lehen haurra izan nuenean norvegieraz hitz egiten nion, eta ezer arrarorik sentitu gabe gainera. Zeharo burugarbituta nengoen. Bigarrenari bai. Eta lehenari beranduago, baina irakatsi nion.

Noiz eta nola eman zenion buelta ideia horri?

Irakasle ikasketak egiten hasi nintzenean, gure historia irakurtzen hasi nintzen. Urte beroak ziren horiek, ia lehen aldiz politikoki borrokan hasi baikinen Saapmi-n, Alta ibaian Norvegiako Gobernuak egin nahi zuen urtegiaren aurka. Hedabideetan asko hitz egiten zen guri buruz, eta lehen aldiz hasi nintzen nire buruari galdetzen: “Zergatik lotsatzen gara samiak izateaz?”. Galdera horrekin hasi nintzen aldatzen.

Musikak izan al zuen garrantzirik prozesuan?

Bai. Lehen oso lotsatia nintzen. Abesten hastean, seguruago sentitzen hasi nintzen bizitzan. Sendagaia bezala zen, batez ere nire hizkuntzan abesten hasi nintzenean. Musika terapia izan da niretzat hamabost urtez.

Musikarako zaletasuna non sortu zitzaizun?

Irakasle batek deskubritu zidan eta pianoa jotzen irakatsi. Gure aita oso gogorra zen eta ez zidan kontzertu edo antzerkietara joaten uzten, hain zen hertsia Elizaren sinesmenetan. Azkenean, irakasle hau aitarekin hitz egitera joan zen, alabari kontzertuetara joaten utz ziezaion eskatzera.

Nola erantzun zuen jendeak emakume bat samieraz abesten entzutean?

Gogoan dut behin gizon bat etorri zitzaidala, 50 bat urtekoa. Edanari emana egoten zen beti gizajoa. Eskolako umilazioei buruz egina nuen kantu hura entzun zuenean, nigana etorri eta esan zidan: “Niri buruz abesten ari zara”. Hor konturatu nintzen jende askoren sentimenduak islatzen hasi nintzela eta garrantzitsua zela guretzat horiek adieraztea. Gurasoek ez zuten nahi nik horrelako letrak abestea, abesti erlijiosoak nahi zituzten. Baina nire abestiak politikoki oso konprometituak ziren, eta zenbaitek nirekin hitz egiteari ere utzi zioten.

Samiek?

Bai, batez ere samiek. “Nolatan ez duzu norvegieraz abesten?”, esaten zidaten. Horratx egoeraren larritasuna, samiak norvegieraz abesteko esaten.

Nola lortu zenuen aurkako iritziak aldeko bihurtzea?

Nire ahotsa arma bat bezala zen, bihotzak irekitzen nituen. Dena den, hasieratik argi nuen kanpora joan behar nuela, han arrakasta lortu, gero etxera itzuli eta onartua izateko. Hori da egin nuena. Hala ere, beti izan dut talde baten babesa, pixkana handitzen joan dena. Arrakasta musikaren munduan hasi eta 20 urtera etorri zen.

Orain letra politikoak utzi eta musika espiritualagoa egiten duzu. Nahita hartutako erabakia al da?

Bai, oso argi adierazi izan dudalako nire iritzi politikoa, eta abesti horiek hor geratu dira, entzun nahi dituenarentzat. Ezin naiz aritu behin eta berriz nire desadostasuna adierazten. Denek dakite zer pentsatzen dudan samion egoeraz. Orain gure arbasoen txamanismoari lotutako musika bilatzen saiatzen naiz. Horrek eragin handiagoa du kantu politikoak abesteak baino. Samieraz abestea jarrera politikoa da eta txamanismoa eredu duen kantagintza egitea ere jarrera politikoa da. Norvegian geroz eta jende gehiagok ulertzen du nik egiten dudana eta geroz eta jende gehiago ohartzen da samiok bizi dugun egoeraz. Iaz zenbait sari irabazi nituen eta oso errespetatua sentitzen naiz.

Zure musikan danborrak indar handia du.

Kristautasunaren izenean etorritako misiolariek populazioan zabaldu zuten danborrek deabruaren soinua egiten zutela, eta benetan lortu zuten mezua zabaltzea, lehen hain sustraitua zegoen instrumentua ia desagertzeraino. Baina musika egiten hasi nintzenean, nire buruari esan nion benetan samion kultura leial islatuko banuen, danbor-hotsa erabiltzen ikasi behar nuela. Erabaki hau oso eztabaidatua izan zen bere garaian, kristautasunak erabat garbitu baitzien burua samiei. Abesti tradizionalak deabruarenak zirela uste zuten eta adibidez, nire ama oso atsekabetuta zegoen kantu batzuetan danborra erabiltzen hasi nintzenean. Horregatik diot, benetan dela politikoa hori erabiltzea. “Ez dut zuen gezurretan sinetsi nahi, nire jendeari burua garbitu diozue, baina musika hau egiten dut diozuena gezurra dela erakutsi nahian”, esateko modua da. Norvegiako Gobernuari gure kultura errespetatzeko eskatzea baino indartsuagoa da kantuetan danborra erabiltzea.

“Zango bat antzinako munduan eta bestea mundu modernoan ditudala sentitzen naiz”, esan izan duzu. Ez al da zoragarria?

Orain bai. Nire kulturaz lotsatzen nintzenean –ez nekielako zer zen ere–, orduan gogorra zen, mundu modernoko kide izan nahi nuelako. Egun, indartsu sentitzen naiz, kultura ezberdinetara jotzeko giltzak ditudalako. Nire kulturaz harro nago, baina baita Mendebaldeko kulturaz ere, asko erakutsi didalako.

Hego Amerikako instrumentuak erabiltzen dituzu, Afrikako danborrak, samieraz abesten duzu... Zapalduen ahotsa dirudizu.

Badakit zer den zapaldua izatea. Nire kulturaz lotsatzera heldu izan naiz eta hori baino gauza okerragorik ez dago. Jendeak ezin duenean den bezala arnasa hartu, zapalduta dago. Horregatik egoera berdinean dauden herriekiko elkartasuna erakusten saiatzen naiz.

Behin eta berriz erronka bota zenion Norvegiako lehen ministroari sami herriari barkamena eska ziezaion egindako kalte guztiagatik. Azkenean, 1995ean, eskatu egin zuen. Nola gogoratzen duzu une hura?

Garaipena izan zen. Atzera begiratzen dudanean nire buruari esaten diot: “Nondik atera nuen kemen hori guztia?”. Bihotzarekin mintzatzen ari nintzen. Gure herriaren historia ikasi nuenean ohartu nintzen nolako prepotentziaz jokatu zuten norvegiarrek gurekin, eta publikoki lehen ministroari zuzentzeko beharra sentitu nuen.

Eskandinavian jende asko ibiltzen da Hego Amerikako herrien eskubideen alde borrokan, baina mezu argia zen: “Begiratu zuen atzeko lorategira!”. Norvegiarrentzat oso deserosoa zen, munduaren aurrean elkartasun mezuz ahoa betetzen baitzuten eta bat-batean emakume sami batek ispilua muturren aurrean jarri eta esan zien: “Begira zer egiten ari zareten han goian”. Baina batera hezten joan garela uste dut, denok batera.

Eta nola sentitzen zara mundu globalizatu honetan hain kultura zaharraren enbaxadore izaki?

Oso harro. Hain zaharra da gure kultura... Norvegiarrei esaten diet: “Ez gaituzue zaindu behar pena ematen dizuegulako, zuena ere baden kultura aberatsa delako baizik”. Euskaldunena, hegoamerikarrena... nolabait mantentzea lortu dugun altxorra da, milaka urtez. Jakinduria dago gure hizkuntzetan. Handienek ere kultura txiki zaharrak baloratuko dituzten egunarekin egiten dut amets.

Urriaren 15ean Bilbon kontzertua eskainiko duzu. Bigarren kontzertua da Euskal Herrian denbora gutxian...

Kontatzen ari naizen historia bera pairatu duzue zuek ere, eta ongi dakizue zertaz ari naizen. Norvegian bizi nintzenean eta ez nekienean mundu osoan antzeko egoeretan jendea zegoela, zailagoa zen borroka. Baina beste kultura batzuekin, beste jende batzuekin konektatzen duzunean, errazagoa da bizitza. Horregatik da ezinbestekoa kulturen artean elkar ezagutu eta esperientziak trukatzea.

Pozik al zaude egungo sami kulturaren egoerarekin?

Batzuetan ezkorra naiz, anglo-amerikarren kulturaren makinaria guztia martxan jartzen dutenean, kultura komertziala eta materialista. Baina beste batzuetan nire burua gauza txikiei begiratzera behartzen dut. Nire iloba samieraz mintzatzen da, eta hori oso polita da. Gauza positiboei begiratzen jarraitu nahi dut hil arte, ez dut hil aurretik hil nahi.


Azkenak
Inteligentzia Artifiziala
264 milioi euroren truke, Musken Grok adimen artifiziala Telegrameko erabiltzaileetan instalatuko da

Urtebetean Grok-ek Telegramen ibiltzeko aukera izango du, mezularitza enpresaren 1.000 milioi erabiltzailetan sartuko da eta horren truke 264 milioi dolar jasoko du. Pável Dúrov Telegrameko sortzaile eta jabeak baietsi du operazioa bere kanal ofizialean.


Tortura zantzuak izan arren, Raul Fuentesen kasua ez duela ikertu gogorarazi diote NBEtik Espainiari

1991n atxilotua izan zenean Espainiako Poliziak Bilboko Komisarian torturatu egin zuela salatu zuen Raul Fuentesek. Espainiako auzitegiek ez zuten salaketa aintzat hartu, besteak beste delitua preskribituta zegoelako. Orain, Nazio Batuen Erakundeko Torturaren Aurkako Batzordeak... [+]


2025-05-30 | Sustatu
Euskaraldiak Artazu herritik dakarkigun harribitxia

Sarean jarri dute "Belarribizi eta Ahoprest" laburmetraia, joan den igandean itxi zen 2025eko Euskaraldiaren aitzakiarekin Oskar Alegria zinegileak Artazu herrian udaberri honetan filmatu duen lana. Belarriprest eta ahobizi kontzeptuen gaineko... [+]


Jaurlaritzari “kezka” sortu dio EHUko Medikuntza Fakultateko euskarazko plaza berrien kopurua %60 murrizteak

EHUk, aldiz, azaldu du ezinezkoa dela hitz emandako 40 plaza berriak eskaintzea, ez baitute horretarako baliabiderik. Plaza berrien kopurua pixkanaka areagotzeko asmoa erakutsi du EHUk.


Donostiako Guardetxearen aldeko osoko bilkurako protestan gazte bat atxilotu du Udaltzaingoak

Tentsio uneak bizi ahal izan dira ostegun eguerdian Donostiako Udaletxeko udal batzar aretoan.


AEBek proposatutako su-eten akordioa “aztertzen” ari da Hamas

Proposamenak “hilketek eta goseteak” bere horretan jarraitzea bermatuko duela salatu du Hamasek, baina gehitu du zer erantzun aztertzen ari dela. Israelek proposamena onartu duela jakinarazi dute AEBek.


2025-05-30 | ARGIA
Gizon batek 13 urteko alaba hil du eta bere buruaz beste egin du ondoren, Bilbon

Bilbon, Larraskitu auzoan, familiaren etxean gertatu da. Eztabaida bortitz baten ondoren emakumeak etxetik ihes egin du eta Udaltzaingoari deitu dio. Udaltzainek alabaren eta aitaren gorpuak aurkitu dituzte etxean. Emakumea ospitalera eraman dute zaurien ondorioz.


Herrietako farmaziak despopulatzearen kontrako tresna izan daitezkeela uste du COFNAk

Nafarroako Farmazialarien Elkargo Ofizialak (COFNA) eta Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Sailak programa bat abiatu dute landa eremuko jendeak behar bezala hartzeko medikazioa.


Bunkerretik ihes egiteko manifestua

Heriotzak Eduardo du izena

  • Egilea: Formol konpainia (eta Ander Lipusen manifestua)
  • Non: Modelo Aretoan, Zarautzen, Literaturia jaialdia
  • Noiz: Maiatzaren 23an.

-------------------------------------------------------------

Bunker batean garatzen da antzezlana... [+]


2025-05-30 | ARGIA
Kerik gabeko eremu gehiago ezarri nahi ditu Espainiako Gobernuak: markesinak, campusak, terrazak...

Espainiako Osasun Ministerioa kerik gabeko eremu berriak ezarriko lituzkeen lege aurreproiektua eratzen ari da eta Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan izango luke eragina. Eremu berri horien artean, tabernetako terrazak, unibertsitateetako campusak edo autobus-markesinak ageri... [+]


Bizkaiko Aldundiak Jaurlaritzaren ardurapean utzi du Bilboko itsasadarraren azpiko metroaren lotura egiteko aukera

Bilboko itsasadarraren ertz biak lotzeko ibilgailuentzako tunelaren proiektuagaz batera, Areeta eta Sestao lotuko zituen anezka-tren bat ere iragarri zuen Bizkaiko Foru Aldundiak 2022an. Orain, proiektua gauzatzeko ardura Eusko Jaurlaritzaren mendeko Euskal Trenbide Sareari... [+]


Atxondon hildako langilea “diru-gosearen” biktima izan dela salatu du AHT Gelditu!-k

AHT Gelditu elkartearen esanetan, AHTren obretan asteartean izandako heriotza bezalakoen atzean "esklabotza-baldintzak" eta "tratu arrazista umiliagarri eta iraingarriak" baino ez daude. Atxondoko Udalak gertatutakoa ikertu eta argitzeko eskatu du. AHTko obretan... [+]


2025-05-29 | ARGIA
Segregazioa hezkuntza
Ikastolen Elkartea: “Matrikulazioren kudeaketak ez du segregazioa bukatzeko balio”

Euskal hezkuntza sisteman haur zaurgarriak ondo integratzeko dekretua egin zuen Eusko Jaurlaritza Hezkuntza Sailak 2023ko maiatzean eta gaur haren balorazio oso kritikoa egiten du Ikastolen elkarteak: hark ez du balio izan segregazioa amaitzeko. Hainbat proposamen ere egin... [+]


CAF Palestinan eraikitzen ari den trenbidearen bigarren fasea hasi izana salatu dute

Okupatutako Jerusalemgo Ekintza Nazional eta Zibileko batzordeak jakinarazi du trenaren bigarren fasearen hasiera, eta gaitzetsi egin du kokalekuen arteko komunikazioa indartzea duelako helburu. Zisjordanian 22 kokaleku berri ezarriko dituela adierazi du Israelek.  


Eguneraketa berriak daude