“Haur eta nerabeak subjektu aktiboak dira eta haien beharrak, sentimenduak, iritziak eta ikuspegiak kontuan hartu behar dira beti, are gehiago alarma egoerak sortzen dituen galera eta zaurgarritasun motak saihestu nahi badira”, dio herri hezitzaileen sareak kaleraturiko manifestuak. Datorren iganderako hitzordua ere jarri dute, txikiei omenaldia egiteko txalo zaparrada eta festa proposatuz. 400 norbanako baino gehiagok eta 30 eragilek eman dute atxikimendua.
Apirilaren 26an, 12:00etan jarri dute hitzordua, haurtzaroa aintzat hartu eta aldarrikatzeko. Manifestuak zortzi ideia nagusi biltzen ditu:
Haurrak ikusgai izatea. “Onartezina da eskolak itxi eta haurrak etxeetan giltzapetu genituenetik, inongo organo instituzionalek aipamenik txikiena ere ez egitea”, salatu dute.
Nazio Batuek eginiko Haurren Eskubideen Adierazpena oinarri hartzea, haurtzaroaren babeserako, beren eskubideak defendatzeko, gizartean dagokien parte-hartzea bultzatzeko, jolasaren garrantzia erdigunean jartzeko…
Haurtzaroa eta nerabezaroa etorkizuna bakarrik ez, oraina ere badirela aldarrikatzea.
Gizaki guztion antzera, haurrek ere natura ezinbestekoa dutela azpimarratzea, “defentsak indartzeko, mundua behatzeko, eskuak zikintzeko, putzuetan salto egiteko, zuhaitz zaharren barren hutsetan ezkutatzeko…”.
Umeen hitza entzun eta umeei hitza ematea, parte-hartzea bermatuz.
Haurrek herri eta hirietako kaleak hartzea. “Haurrak parkeetan izan ditugu konfinatuta etxeetan konfinatu aurretik. Hiriekiko ikuspegia aldatu behar dugu, hiriak eraldatu behar ditugu, gure osasuna lehenetsiz, ekonomia eta errentagarritasuna lehenetsi beharrean”.
Ikuspegi inklusiboa erdigunean jartzea, haurrek bizi dituzten egoera askori kasu egiteko.
Eskolaz kanpokoak ere (senideek, lagunek, jolas libreak eta aisialdiak, harreman sare herritarrak eta komunitatean parte hartzeak) txikitatik gure garapenean berebiziko garrantzia duela nabarmentzea, “harrigarria egiten baitzaigu haurrak hizpide izan ditugun aldiro eskolak sartu ditugula ekuazio horretan”.
Lotura honetan irakurri dezakezu osorik manifestua. Eta beste honetan egin dezakezu bat manifestuarekin.
Nola sentitzen zara?
Manifestuak berak dioen moduan, haur eta nerabeen hitzak entzun nahi izan ditu Oinherri herri hezitzaileen sareak eta batzuenak bildu dituzte bideo eder batean. Bertan, aspertuta daudela aitortu du hainbatek, amama eta aitite faltan botatzen dituztela, baita ezkutaketetan jolastea ere, kalean lagunekin aritu nahi dutela… eta koronabirusa behingoz amaitzea desio dutela.
Sare sozialetan etxe barruko egunerokoa erakusten duten familiak eta Interneteko erakusleiho erraldoian jolasten, makillatzen edo dantzan jartzen dituzten haurrak milioiak mugitzen dituen negozio bilakatu dira dagoeneko. Adin txikikoak babestuko dituen legedia eskatzen du batek... [+]
Athlon Kooperatiba Elkarteak Kirol eta Jolas egitasmoa abiatu du, Eusko Ikaskuntzaren Asmoz Fundazioarekin elkarlanean. Ekimenak Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren laguntza jaso du.
Jaioberriaren orpoan zizta eginez, hainbat gaitz aztertzen ditu osasungintza publikoak. Osakidetzak 14ra igo berri du aztertzen diren gaitzen kopurua, baina beste lurralde batzuekin konparatuta, atzeko postuetan dago EAE: Nafarroan 28 gaitz aztertzen dituzte, Galizian 33,... [+]
Gaizki edota behar bezainbeste ordu lo ez egitea normalizatu dugun arren, ondorio garrantzitsuak ditu, adinaren arabera ezberdinak. Loari minutuak lapurtzen dizkiogu helduok, denera heldu ahal izateko; umeen ordutegia berriz, “ez da euren beharren araberakoa, helduen... [+]