Maiatzaren 2an hasiko da Ziburuko Azokaren Azokaldia

  • Ziburuko 5. Liburu eta Disko Azoka ekainaren 1ean egingo da, baina aurrez, maiatzean, beste lau hitzordu mamitsu eskainiko dituzte Lapurdiko lau txokotan.


2024ko apirilaren 16an - 10:30
Iaz, maiatzaren 3an, Baltsan elkartean (Ziburu), solasaldi musikatua eskaini zuten Gotzon Barandiaranek eta Rafa Ruedak (Argazkia: Amets Aranguren)
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Beste urte batez, Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokak egun handitik harago joan nahi du eta hainbat kultur-ekimen antolatu ditu maiatzerako. Ziburun egingo da lehena, eta gero, Lapurdiko beste hiru udalerritara zabalduko da eskaintza bana. Tokiko eragileekin antolatu dira ekintzak.

Maiatzaren 2an izango da lehen zita, Ziburun, Baltsan elkartean. Josu Martinez zuzendariaren Mirande, film bat egiteko zirriborroa dokumentala proiektatuko da, eta ondoren, egilearekin solastatzeko aukera eskainiko da. Maiatzaren 7an, bestalde, Azkaineko Bil Tokian, Ander Lipus aktore eta Antzerkiaren Labirintoan-I liburuaren egilearekin mintzaldia antolatu da. Urruñan, Berttolin, maiatzaren 17an, Iban Zalduaren Ipuina engainua da liburua aitzakia hartuta, eta MICE musikariak lagunduta, irakurraldi musikatua egingo da. Eta azkenik, maiatzaren 23an, Donibane Lohizuneko Mediatekan, Maitena Duhaldek bere tesia aurkeztuko du: Lapurdi itsas hegiko euskara.

Ziburuko 5. Liburu eta Disko Azoka, ekainaren 1ean

Egitarauaren azken zertzeladak ixten ari dira azokaren atzean dauden bi eragileak, Ziburuko Baltsan elkartea eta ARGIA. Ekainaren 1ean izango da bosgarren edizioa eta dagoeneko beterik dago Ziburuko plazan kokaturiko karpa: 40 argitaletxek eta diskoetxek eman dute parte hartzeko izena. Aurreko urteetan moduan, liburu aurkezpenak eta kontzertu laburrak eskainiko dira.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azoka
2025eko ekainaren 9
Ziburuko Liburu eta Disko Azoka
Euskal sorkuntza patxadaz aurkezten dizun plaza

2025eko ekainaren 9
Mahai ingurua: Aurelia Arkotxa eta Rakel Pardo
Bidaide eta gogaide, poesiaren ibilietan

Eguneraketa berriak daude