Macronen pentsio erreforma: tinko segitzen dute bi aldeek

  • Abenduaren 5ean abiaturiko mugimendu sozial eta sindikala ez doa ahulduz. Are gehiago Frantziako Gobernuak espero zuen gabonetako geldialdiaren kontra bozkatuz, mobilizazioekin segituko dute ondoko egunetan ere. Parean, berriz ere bilduko da gaur sindikatuekin Edouard Philippe barne ministroa, kasik ezinezkoa dirudien adostasunera heltzeko asmoz. Dena dela, adostasuna lortu ala ez lortu, erreforma aitzina eramateko postura berretsi du Philippek.


2019ko abenduaren 18an - 10:19
Abenduak 17ko manifestazioa, Baionan

Pentsio erreformaren sokatiran, denborak pisu handia ukanen duela badakite bi aldeek. Indar-harremana mantentzeko, abenduaren 5eko lehen greba orokor egunean agerturiko irudiak errepikatu beharko dituzte langile sindikatuek: mobilizazio jendetsuak, anitzak eta determinatuak. Horrelakorik ez du nahi Frantziako Gobernuak eta denboraren parioa eginez, karrikatik zein negoziazio mahaitik adierazitako desadostasunaren parean elkor izaten segitzen du. Otsaila bukaeran helduko da lege-proposamena Parlamentura.

Oraingoz erreformaren kontrako mugimenduak indartsu izaten jarraitzen du eta gobernuak espero duena ez da oraindik sendi. Alderantziz, mobilizazio egun arrakastatsua izan da berriz ere abenduaren 17koa. Abenduaren 5ekoa baino jendetsuagoa hiri askotan. CGT sindikatuaren arabera, 1,8 milioi lagun atera dira karrikara erreformaren kontrako mezua berresteko; 615.000 Barne Ministerioaren arabera. Azken 25 urteetan egindako mobilizazio jendetsuenetarikoa izaten ari da pentsio erreformaren kontrakoa. Gainera, zabalduz joan da mugimendua: Edouard Philippe barne ministroak abenduaren 11n egindako erreformaren aurkezpenaz geroztik lotu dira borrokari CFDT eta CFE-CGC sindikatuak ere.

Lizeo zein unibertsitateetan ere azkartuz doa mobilizazioa. Unibertsitateak blokeaturik izaki edota garraio publikoetan dagoen grebaren eraginez, urte bukaerako azterketak atzeratzeko edota ezeztatzeko erabakia hartu dute hainbat unibertsitatek.

Jende eta ekintza anitz, Ipar Euskal Herrian

Baionan ere hurbildu da jende anitz astearte goizeko manifestaziora. 7.250 lagun antolatzaileen arabera, 6.700 poliziaren ustez. Manifestazioaz gain, irudimena martxan jarri eta ekintza mota ugari loratu dira egunean zehar. Besteak beste, Baionako Chronoplus enpresako sarrerak blokeatu zituzten goizean goiz LAB, CGT, Solidaires eta Aitzina gazte mugimenduak. Ekintza ikusgarria ere burutu zuten CGTko tren gidariek, bi tona ongarri hustuz Macronen alderdiak Angelun antolatu bilkuraren gunean.

 

 

Greba mugimenduak ere aitzina segitzen du: 13. greba eguna dute SNCF eta RATP garraio konpainietako langileek gaur.

Negoziazioak, asteazkenetik aitzina

Berriz bilduko da asteazken honetan barne ministroa sindikatuekin. Argiki azaldua du ez duela atzera egiteko asmorik eta erreforma bai ala bai gauzatuko duela. Sindikatuek zein herritarrek adierazitako desadostasunean eta gobernuak daukan posturan elkarrizketa ikusten du barne ministroak: "Elkarrizketa soziala ez da desagertu, alderantziz, elkarrizketa sozial intentsoa daukagu". Matignon eta herritarren arteko amildegia geroz eta handiagoa den testuinguruan, haserre soziala ez dute eztitzen probokazio gisa hartuak izan daitezkeen horrelako adierazpenek. 

Baliteke hala ere pentsio osoa jasotzeko urteari buruzko negoziazioei lotzea. Oroit gara, nahiz eta pentsio adin legala 62 urtetan mantendu, 64 urte arte lan egin beharko dutela langileek erretreta osoa jasotzeko. Bonus malus sistema baten bidez, 64 urte baino lehen erretretara sartuko direnek pentsio apalagoa ukanen dute, ondotik sartuko direnek aldiz, handiagoa. 2027. urtetik aitzina martxan jarriko dute aldaketa. Neurri horrek du batez ere CFDT sindikatuaren aurkako posizioa elikatzen. Hori negoziatuz sindikatu erreformatzaile horren babesa berreskuratzea espero du gobernuak.

Baina negoziaziorako irekidurak ez ditu sindikatuak asebete –ez eta ere CFDT–. Mobilizaturik segituko dute: ondoko egunetan ere ekintzak egitearen alde bozkatu du intersindikalak. Are gehiago, gabonetako treguaren aurka bozkatu ere du.

Agur Delevoye

Laurent Pietraszewski da erretreten sistemaren ardura duen estatu-idazkari berria, erreformaren oinarrian den Jean-Paul Delevoyek dimisioa eman behar izan zuelako astelehenean. Hain zuzen, Ifpass aseguru etxeetako langileen formakuntzarako institutuko administratzailea dela jakitera eman zuen Le Parisien komunikabideak. Delevoyek ez zuen ordea horren berri eman ordezkari publiko gisa aurkeztu beharreko interes partikularren aitorpenean. Aseguru etxeetako interes pribatuen alde jokatu izana aurpegiratu diote sindikatuek eta oposizioak. Zerbitzu publikoaren ahultzea eta sektore pribatuaren azkartzea dakarren lege-proposamenarekin aseguru etxeak izango lirateke erreforma horretako irabazle handietarikoak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pentsioak
2023-11-16 | Estitxu Eizagirre
"Bertsopentsiotan", Pentsiodunen I. Bertso Jarrien Lehiaketa
Astelehenero kalera ateratzen diren aldarriak bertsotara eramateko deia

Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak bertso lehiaketa berezia jarri du martxan: "Bertsopentsiotan". "Ari garela, ari garela, astelehenero kalean" gaiari bertsoak jartzeko urtarrilaren 15a arte (astelehena) dute epea 60 urtetik gorako Euskal Herriko eta... [+]


2023-11-10 | Ahotsa.info
1080€ Orain herri ekimenak larunbateko manifestazioan parte hartzeko deia zabaldu du

1080€ Orain ekimenak, prentsaurreko bidez, larunbatean 17:30ean Baluarte plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu du. Eta gainera, dei berezia egin nahi izan diete nafar emakumeei, "pentsioetan ematen den genero arrakala ukaezina delako eta... [+]


Gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izateko Nafarroako aurrekontuetako dirua bideratzeko eskatu dute

Nafarroan 51.000 pertsona dira 1.080 eurotik beherako pentsioa dutenak. Horietatik %66 emakumeak dira. Nafarroako Gobernuak ardura har dezala eta gutxieneko pentsioak ziurta ditzala eskatzen ari dira. 


2023-08-22 | Ilargi Manzanares
Pentsiodunak Bilboko jaietan mobilizatu dira

Milaka pentsionista atera dira kalera astelehenean, txistulariekin eta konpartsekin batera, Bilboko Aste Nagusiaren oihartzuna aprobetxatuz. Hainbat erreibindikazio egin dituzte, hala nola 1.080 euroko gutxieneko pentsioa.


72 urterekin jubilatu? Zergatik Espainiako enpresarien lobbyaren proposamenak ez duen heldulekurik

Espainiako Enpresarien Zirkuluak dio pentsioen sistema publikoak "bost urte barru" kiebra ez jotzeko modua dela 68 eta 72 urte artera luzatzea erretiro adina. AEBetan eta beste zenbait tokitan eskuin muturrak darabilen diskurtso bera erabili du lobby honek.


Eguneraketa berriak daude