Nafarroan amaitu da aldaketa eta EAJ garaile Batzar Nagusietan

Zuzeneko jarraipena
  • Europako Legebiltzarrekoak kenduta, beste hiru hauteskunde ere izango dira Euskal Herrian: Hego Euskal Herriko udal hauteskundeak; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Batzar Nagusiak, eta Nafarroako Legebiltzarra. 20:00etan itxiko dira hauteslekuak. Jarraipena egiten ari gara.

Nafarroako Legebiltzarreko emaitzak.
EAJk bere nagusigoa sendotu du Arabako Batzar Nagusietan

EAJ izan da garaile Arabako Batzar Nagusietarako hauteskundeetan. 2015ean ahaldun kopuruan ozta-ozta lortutako nagusitasuna sendotu du 2019ko hauteskundeetan. Hamahiru ahaldun izatetik hamazazpi izatera pasa da, bozken %29,41a lortuz. Ia hamahiru mila bozka irabazi ditu (34.705etik, 47.510era). Bigarren indar bozkatuena EH Bildu izan da, hirugarren postutik gora eginez. Hamaika ahaldun zituen eta hamabi lortu ditu oraingoan, bozken %20,95arekin. Bozka kopuruan gora egin du, gutxi bada ere (32.716tik, 33.841era). Ordezkarietan gehien hazi den indar politikoa PSE izan da, Bost ahaldunetik hamarrera pasa da, bozken %18,87a eskuratuz (17.991tik, 30.481era). PP lehen postutik laugarrenera amildu da bozka kopuruan, bidean bozken ia herena galduta (35.335etik, 24,156ra). Lau ahaldun galdu ditu, hamabitik zortzira pasatuz, %14,95arekin. Podemosek lau ahaldun lortu ditu, bozken %9.91 eskuratuta (16.003). Ciudadanosek Arabako Batzar Nagusietan zuen ahaldun bakarra galdu du, bozka kopuruan nabarmen behera eginez (4.982tik, 3.714ra, bozken %2,30a). VOXek ere ez du ahaldunik lortu, bozka kopuruan gora eginagatik ere (118tik, 2.275era).

Partaidetza %65ean mantendu da.

Ikusi Arabako Batzar Nagusietarako hauteskundeen datuak lotura honetan:

 

 

Bizkaiko Batzar Nagusietan ere nagusitasuna areagotu du EAJk

Botoen %43,12rekin, Bizkaiko Batzar Nagusietan ere gailendu egin da EAJ: 255.861 boto eskuratu ditu, 2015ean baino 43.205 gehiago; 25 ahaldun guztira, aurrekoan baino bi gehiago. Atzetik jarraitu dio EH Bilduk, 116.862 botorekin (botoen % 19,69) eta 10 ahaldun lortuz, 2015ean baino bat gutxiago. 97.652 boto (%16,46) eta 7 ahaldun izatetik 8 izatera igaroaz, hirugarren postuan geratu da PSE. Honen atzean kokatu dute Elkarrekin Podemos lortutako 62.490 botoek (%10,53), 6 ahaldunekin. PPk 39.190 boto eskuratu ditu (%6,60), eta bi ahaldun galdu, 2rekin geratuz. Seigarren, zazpigarren eta zortzigarren postuetan geratu dira Ciudadanos (7.025 boto), VOX (5.532 boto) eta Solidaria (1.179 boto), hurrenez hurren; hiruetako batek ere ez du ahaldunik lortu. Atzetik geratutako gainerako alderdiek 2015ean zeuzkaten 6 ahaldunak galdu dituzte.

Partaidetzak gora egin du, %62,57tik %65,74.

Ikusi Bizkaiko Batzat Nagusietako datuak lotura honetan: https://www.argia.eus/hauteskundeak/2019/batzar-nagusiak/bizkaia

 

EAJ da Arabako udal hauteskundeetan garaile nagusia

2019ko udal hauteskundeek irabazle argi bat uzten dute Araban; EAJ. 2015eko hauteskundeekin alderatuta gora egin du eta alderdirik bozkatuena da nabarmen —34.579tik, 44.580ra—. EH Bildu izan da bigarren indarra bozka zein zinegotzi kopuruan. Indar independentistak bi mila bozka irabazi ditu, apalki bada ere gora eginez —34.728 bozketatik 36.893ra—. PSEk hartu du hirugarren postua. Bera izan da bozka kopuruan gehien igo den indar politikoa —17.076tik, 28.789ra—. PPk maldan behera jarraitzen du. Lehenengo indarra izatetik laugarren posturaino jaitsi da —39.201etik, 24.185era—. Podemosek 11.904 bozka jaso ditu. Parte hartzea %65ean mantendu da.

Udaletxe nagusietan EAJ garaile

Gasteizen zinegotzi gehien EAJk lortu ditu, zazpi. Seina lortu dituzte PSEk eta EH Bilduk, bederatzitik bostera egin du PPk eta Podemosek zituen hirurei eutsi die. Laudion EAJk lehendabiziko postua berreskuratu du EH Bilduren kaltetan. Amurrion eta Agurainen lehen postuari eutsi dio EAJk, azken herri horretan EH Bilduri hamazazpi bozkagatik irabaziz. Trebiñuko Argantzunen, lehendabiziko aldiz EH Bildu izanda garaile, hiru zinegotzirekin. EAJk beste hiru lortu ditu, eta PPk bat. Ciudadanos eta VOX alderdiek ez dute zinegotzi bakar bat ere eskuratu.

Oro har, zinegotzi kopuru gehien EAJk lortu ditu, 191. EH Bilduk 117 eskuratu ditu, PPk 36 eta PSEk 28.

Ikusi Arabako emaitzak herriz herri lotura honetan:

 

Iruñetik hasita, 'aldaketa'ren indarrek udal asko galduko dituzte Nafarroan

Udal hauteskundeetan ere Nafarroako Legebiltzarrerako joera eman da oro har eta, Iruñetik hasita, aldaketaren indarrek alkatetza asko galduko dituzte. Oro har, Navarra Suma eta PSNk igoera handia izan dute eta aldaketa-ren alderdiek behera egin dute nabarmen. Iruñean, Navarra Sumako Enrique Maya gehiengo osotik zinegotzi batera geratu da, eta seguruenik bera izango da Iruñeko alkatea berriz. EH Bilduk ere ongi eutsi dio Iruñen, Asiron efektuaren ondorioz hiru zinegotzi gehiago lortuz, hain zuzen Geroa Baik galdu dituen hirurak (5etik 2ra). Eta ezkerreko indar txikiagoek, Aranzadik, Podemosek eta Ezkerrak ez dute lortu %5a gainditzea.

Tutera, Barañain, Lizarra, Tafalla… eta beste udal asko galduko ditu aldaketak. Eta beste udal askotan PSNk erabaki beharko du nork gobernatuko duen, edo Navarra Sumak edo bestelako indarrek, esate batera Eguesibarren. Altsasun Geroa Baik (10) eta EH Bilduk (3) eraman dituzte zinegotzi guztiak. Iruñerriko beste herri esanguratsuetan EH Bilduk lortu du nagusitasunari eustea, esaterako, Atarrabian, Antsoainen, Berriozarren eta Uharten.  Partehartzea %72,02 izan da, 2015an baino lau puntu gehiago.

Ondoko lotura honetan kontsulta daitezke Nafarroako udal hauteskundeetako emaitzak:

 

Enrique Maya (Navarra Suma Iruñea): "Eskerrik asko PP, Ciudadanos eta UPN gehitzearen ideia zoragarria izan zuenari"

Enrique Mayaren (Navarra Suma Iruñea) adierazpenak:

Zorionak PSNri, zeren oposizioa elkarrekin egin dugu Iruñean. Eskerrik asko PP, Ciudadanos eta UPN gehitzearen ideia zoragarria izan zuenari.

 

Alfonso Alonso: "Oposizioan lanean aritzea dagokigu"

Boto, eserleku eta zinegotzitan galdu du PPk. Ez ditu emaitza onak lortu alderdi popularrak, eta jakitun dira "oposizioan lanean aritzea" egokituko zaiela, Alfonso Alonsok adierazi duen moduan. "Gure ahalegin guztia jarriko dugu ahal dugun bezainbesteko ekarpena egiteko erakundeetan", gaineratu du PPko kideak.

Gipuzkoako Aldundian emaitzak errepikatu dira

EAJk 20 batzarkide atera ditu, 2015ean baino 2 gehiago (18.000 boto gehiago lortu ditu, guztira 130.767). Podemosek galdu ditu 2 batzarkide (18.000 bototan jaitsi da), 6 izatetik 4 izatera pasatuko da. Gainerako alderdiek batzarkide kopuru berbera izaten jarraituko dute: EH Bilduk 17 (13.000 boto irabazi dituen arren), PSE-EEk 9 eta PPk 1. EAJk sei batzarkide falta ditu gehiengorako.

Kanpainan irudikatu da EAJ eta EH Bildu elkarren pare ibili direla, eta biek hobetu dituzte 2015eko emaitzak botoetan, baina elkarrekiko aldeari erreparatuta, EAJk aldea handitu du 2015eko hauteskundeekiko.

María Chivite: "Ez dizkiogu gure botoak Esparzari emango"

María Chivite PSNko presidentegaiaren hitzetan, “Nafarren konfiantza berreskuratu dugu, berreskuratu dugu Nafarroako sozialistak izatearen harrotasuna”. Nabarmendu du alderdia erakunde guztietan dagoela ordezkatuta eta garbi utzi nahi izan du: “Hauteskundeetan zehar esandakoarekin koherente izango gara; gobernu aurrerakoi bat lideratu nahi dugu, ez dizkiogu gure botoak Esparza jaunari emango”.

 

Udal hauteskundeetan, EAJ nagusi Bizkaian
Berde ilunez EAJ, berde argiz EH Bildu, eta gorriz PSE

Ezusteko gutxi Bizkaiko udal hauteskundeetako botoen kontaketa amaitu berritan: EAJ jaun eta jabe, botoen %39,91rekin eta 569 zinegotzirekin; herrialdean zeukan nagusitasuna areagotuz, 237.655 boto eskuratu ditu, 2015ean baino 27.707 gehiago. Bigarren postuan geratu da EH Bildu botoen %20,53rekin eta 394 zinegotzirekin; koalizioak 122.267 boto eskuratu ditu, aurreko udal hauteskundeetan baino 9.348 gehiago. Atzetik jarraitu diete PSEk 93.958 boto (%15,78) eta 93 zinegotzirekin, Elkarrekin Podemosek 37.712 boto (%6,33) eta 26 zinegotzirekin eta PPk 36.406 boto (%6,11) eta 15 zinegotzirekin. Azken honek 8.446 boto galdu ditu 2015etik hona. Ciudadanosek 5.817 botorekin zeukan zinegotzi bakarra galdu du. EAk ere zinegotzi bat galdu eta 10ekin geratu da, 5.026 boto eskuratuaz. VOXek 4.336 boto jaso ditu, baina zinegotzirik ez du lortu.

Gainerako alderdiei zuzenduriko botoak 2015ean baino nabarmen gutxiago izan dira: 46.636, aurrekoan baino 57.201 gutxiago.

Partaidetzak, gainontzeko herrialdeetako joera orokorrarekin bat eginez, gora egin du: %62,69tik %65,78ra.

Hiriburuan, 14 zinegotzirekin, gutxi gatik ez du lortu gehiengo osoa EAJk. Atzetik jarraitu dio PSEk, 5 zinegotzirekin. Hirugarren postuan geratu da EH Bildu, 4 zinegotzirekin. Laugarren eta bosgarren postuan geratu dira, hurrenez hurren, Elkarrekin Podemos eta PP, hiruna zinegotzirekin.

Ikusi Bizkaiko datuak herriz herri lotura honetan.

 

Bakartxo Ruiz (EH Bildu Nafarroa): "Nafarroa justu, duin eta demokratikoaren alde lanean segiko dugu"

Bakartxo Ruizen adierazpenak emaitzak jakin ostean:

Emaitzek islatzen dute EH Bilduk Nafarroan duen babes sustraitua. Ohituta gaude ondo gabiltzanean aritzen, eta ohituta gaude ondo ez gabiltzanean ere aritzen. Nafarroa justu, duin eta demokratiko baten alde eremu guztietan lanean segiko dugu.

Markel Olano (EAJ): "Berdin jarraituko dugu, gauzak berdin eginez"

Markel Olano, Gipuzkoako diputatu nagusi izateko EAJren hautagaia: “Duela lau urte proiektu hau hasi genuen eta indartu egin dela konfirmatu dugu. Saiatu gara politikagintza egiteko estiloa aldatzen, herritarrengana hurbiltzen, eta horrekin jarraituko dugu. Guk lan egingo dugu hurbiltasun handiz, ez gara enfrentamenduetan eroriko. Eta iruditzen zait hauteskunde hauetan euskal gizarteak konfirmatu duela politika egiteko modu hori. Berdin jarraituko dugu, gauzak berdin eginez”.

Andoni Ortuzar: “Guk proposatzen dugu elkarrizketa, akordioa eta lankidetza guztiekin eta guztientzat”

Andoni Ortuzarrek (EAJ) egin duen balorazioa:

Hauteskunde hauek irabazi ditugu inolako zalantzarik gabe, udal, foru eta Europako hauteskundeak. Aurreko emaitzak hobetu ditugu herri eta hiriburu guztietan. Oposizioak jarritako lehia nagusiak ere irabazi ditugu: Laudio, Barakaldo, Gasteiz, Gipuzkoa… Eta lortu dugu Euskadiren ahotsa Europara eramatea, Izaskun [Bilbao] han izango da.

Eskerrik asko euskal hiritarroi zuen babesa emateagatik, erakutsi duzue gure kudeaketari abala eman diozuela eta konfiantza duzuela etorkizunean egingo dugunaz. Eskerrik asko erakundeetan lanean aritu zareten guztioi, hiritargoak argi dauka lan bikaina egin duzuela. Zuen babesak bultzatuko gaitu hobetzeko lan egitera.

Politikan aritzeko modu zehatz batekin ez diogu hutsik egingo hiritarrari. Etorkizuneko proiektua aurkeztu dugu, herritar guztientzat, Euskadirentzat ongizatea eta bizi kalitatea lortzeko. EAJren hitza da hori.

Politikagintzan aritzeko modu bat daukagu. Euskadi anitza da. Guk proposatzen dugu elkarrizketa, akordioa eta lankidetza guztiekin eta guztientzat.

Navarra Sumak garaipen handia izan du Nafarroako Legebiltzarrean, baina gobernua PSNren esku dago

Oraingoan gehitze efektua guztiz bete da eta Navarra Sumak 19 parlamentario lortu ditu. UPNk lehen 15 zituen eta PPk 2. Beraz, blokeak 3 gehiago lortu ditu. PSNk ere igoera handia izan du 7 eserlekutik 11ra igaroz. Emaitza txarrak aldaketaren alderdietan izan dira. Geroa Bai 9 eserlekuak errepikatu ditu, EH Bilduk ere lehengo 8ak lortu ditu, eta galerarik handiena Podemosena da, 7 eserlekutik 2ra. Izquierda-Ezkerra ere 2 parlamentariotik 1era pasatuko litzateke.

Egoera honekin nahikoa da PSNk abstentziora jotzea UPNk Nafarroako Gobernua eskuratu dezan. Eta ez litzateke baztertzekoa, batez ere Navarra Sumaren indarra kontuan hartuta. PSNren apustu oso bestelakoa litzateke gobernua eskuratzen saiatzea, horretarako Geroa Bai, Podemos eta Ezkerraren botuak erakartzeko ahalegina eginez. Lau indarren artean 23 parlamentario emango lieke, Navarra Sumak baino gehiago.

Nafarroako datuak xehetasunez lotura honetan kontsulta daitezke.

 

Uxue Barkos: "Badago aukera gobernu progresista bat gauzatzeko"

Uxue Barkos Nafarroako lehendakariak zoriondu egin du Navarra Sumako presidentegai Javier Esparza, baita PSNko presidentegai María Chivite ere. Nahi zituzten emaitzak ez lortu arren, oraindik ere “badago aukera gobernu progresista bat gauzatzeko”, azpimarratu duenez. Horretarako, PSN, Podemos eta Izquierda Ezkerra hartu ditu kontuan, “EH-Bilduren abstentzioarekin”.

Altsasuko alkate eta Geroa Baiko kide Javier Ollo zoriondu du, lortutako emaitzengatik, baita Jon Gondan Zizur Nagusiko alkatea ere. "Gizarteak bai esan dio Geroa Bairi", Barkosen esanetan.

Azkenik, “orain arte bezala lanean jarraitzeko konpromisoa” berretsi du.

Lander Martinez: "Lehia bezala planteatu da kanpaina, eta kosta zaigu leku bat egitea"

Lander Martinez, Elkarrekin-Podemoseko bozeramailea: "Kanpaina hau lehia bezala planteatu da EAJ eta EH Bilduren artean eta bistakoa da lehia horretan kosta egin zaigula toki bat egitea. Baina lortu dugu".

Idoia Mendia: "Abertzaleen arteko polarizazioa ezbaian jarri dugu"

Idoia Mendia PSE-EE idazkari nagusiak hitz egin berri du hauteskunde emaitzen lehen balorazio bat egiteko:

"Babes irmoa izan dugu eta euskal sozialistek eta erakutsi dugu kapaz garela herritarren konfidantza berreskuratzeko. Euskadiko alderdi sozialistak ez du beldurrik beste alderdiekin akordioak egiteko.

Eta ez ahaztu PSOE Espainia osoan finkatu dela, udalerri eta autonomia garrantzitsuak berreskuratu baititu.

Euskadin, hauteskunde hauetan, hedabide batzuek bi zutabe zeudela islatu nahi izan duten arren, garbi geratu da ezker aurrerazale eta arduratsu bat badagoela, Euskadiko Alderdi Sozialista. Gasteizen adibidez, bigarren indar politikoa izan gara eta abertzaleen arteko polarizazioa ezbaian jarri dugu.

Botoen portzentaia berreskuratu dugula ere ikusi da Portugaleten eta Eibarren, baina baita Santurtzi, Muskiz edo Sestaon ere. Eta Gipuzkoan, beste bi alkatetza lortu ditugu Larraulen eta Berrobin, alderdi bakarrak izan garelako aurkezten".

Enrique Maya izango da berriz Iruñeko alkatea

Navarra Sumak oraingoan bai gehitu ditu botoak eta 13 zinegotzi atera ditu (27tik), 2015an baino hiru gehiago eta ia gehiengo osoa. EH Bilduk ere igoera handia izan du, 5etik 8 zinegotzira, baina Geroak Bai jaitsiera handia izan du, 5etik 3ra. Joseba Asironek erakarrita, bistan da boto asko EH Bildura joan zaizkiola. Eta ezkerreko beste indar txikiagoek I-E, Podemos eta Aranzadik ez dute lortu %5eko langa gainditzea eta, beraz, ordezkaririk ere ez. PSNk ere igoera esanguratsua izan du eta 3tik 5era igo du.

Arnaldo Otegi: "EH-Bilduk sekula ateratako emaitzarik onenak lortu ditu"

Arnaldo Otegi EH Biluduko buruak eskerrak eman ditu lehenik EH Bilduren aldeko kanpaina egin dutenei, “bereziki espetxeetan horretan aritu diren presoei”. 140.000 boto gehiago lortu dituztela eta zinegotzi kopuruan Hego Euskal Herrian lehenengo indarra izan direla adierazi du, baita Europako hauteskundeetan jarritako erronka ere (milioi bat boto) gainditu dutela: 1.200.000 boto lortu baitituzte.

“Bigarren indarra gara Hego Euskal Herrian. 300.000 boto atera behar genituela esan genuen eta 345.000 boto atera ditugu: sekula EH-Bilduk ateratako emaitzarik onena. Eta ez izan inongo zalantzarik, 400.000 botoetara ere iritsiko gara”.

Otegiren hitzetan, lorturiko botoak “burujabetzarako dira, eta jendearen ongizatea hobetzeko. Olatu honek bermatuko du Euskal Herriarentzat etorkizun oparoago bat. Euskal Herria historia egiten ari da. Indartsuak gara eta indar handiagoz ekingo diogu askatasunaren bideari”.

Gipuzkoako herrietan lehengo lepotik burua, Zumaian aldaketa

Donostian Eneko Goiak jarraituko du alkate: 34.000 boto jaso ditu, 2015ean baino 5.000 boto gehiago. Horrela, udalean EAJko 10 zinegotzi izango dira, lehendik zirenak baino bat gehiago. Gehiengorako 4 falta ditu. PSE-EEko hautagai Ernesto Gascok 7.000 boto galdu ditu 2015etik, eta 5 zinegotzi izango dira, aurrekoan baino 2 gutxiago. EH Bilduk 2015eko emaitzak mantendu ditu (20.367 boto) eta 6 zinegotzi izango ditu.

Arrasaten EAJk alkatetza berretsi du

Arrasaten 2015ean alkatetza eskuratu zuen EAJk beste legegintzaldi baterako luzatu du agintaldia (4.474 boto, aurrekoan baino 736 gehiago) eta zinegotzi bat gehiago eskuratu du, 9 izango dira. Gehiengorako 2 zinegotzi falta ditu. EH Bilduk koska bera egin du gora (755 boto) eta 4.103 botorekin honek ere zinegotzi bat gehiago lortu du, 8 guztira.

Pasaian gehiengoa PSE-EEtik EH Bilduren eskuetara pasatu da, ez, ordea, alkatetza

Pasaian 2015ean hirugarren indar izan zen EH Bilduk 548 boto irabazi ditu (guztira 1.687) eta aldiz, alkatetzan zen PSE-EEk eta EAJk 300na boto galdu dituzte (1.822 boto eta 1.687 boto jasoz, hurrenez hurren). Ondorioz, EH Bilduk sei zinegotzi eskuratu ditu, aurrekoan baino bi gehiago. Baina gehiengoa lortzeko hiru zinegotzi falta zaizkio, eta Podemosek bi atera ditu. Beraz, posible da alkatetza EAJ-PSE koalizioaren esku geratzea, 5 zinegotzi baititu PSEk eta 4 EAJk.

Aldaketa Zumaian

Zumaian alkatetza EAJren eskutik EH Bilduren eskura pasatu da. 9 zinegotzi lortu ditu EH Bilduk, eta gehiengoa lortu du. EAJk 7 zinegotzi izango ditu eta PSEk bakarra.

Aldaketarik ez herri hauetan

Hernanin EH Bilduk gehiengoa izaten jarraituko du, gobernatzeko besteren beharrik izan gabe.

Irunen PSE-EEk 10 zinegotzirekin nagusi izaten jarraitzen du, nahiz eta EAJk 7 zinegotzi eskuratu dituen, 2015ean baino 2 gehiago.

Errenterian EH Bilduk bi zinegotzi gehiago eskuratu ditu (9 ditu egun) baina gehiengoa izateko bi zinegotzi falta ditu. PSEk zinegotzi bat galdu du eta EAJk mantendu.

Beasainen EAJk gehiengoa izaten jarraituko du, 2015ean baino zinegotzi bat gehiagorekin.

Azpeitian emaitzak errepikatu dira: 10 zinegotzi izango ditu EH Bilduk eta 7 EAJk.

 

Eneko Goia: "Akordioak lortzeari ekingo diogu bai Donostian bai Gipuzkoan"

“Emaitza bikaina” izan du EAJk Donostian, Eneko Goia alkateak Euskadi Irratian adierazi duenez, eta “herritarren konfiantza horrek poza eta ardura” eragiten diotela gaineratu du. Gipuzkoako Foru Aldundirako EAJk lortutako emaitzen aurrean ere, berdina dio Goiak: “poza eta ardura” eragiten diotela.

Gehiengo osorik gabe, berriro ere PSErekin gobernatuko al duten galdetuta, honela erantzun du Goiak: “Hori bihartik aurrera hitz egin beharreko gauza izango da, denbora badago horretaz hitz egiteko”. Dena den, “Gipuzkoan ohituta gaude gehiengo absoluturik ez izatera, eta gure izaeraren parte da besteekin hitz egin eta akordioak lortzea. Horri ekingo diogu bihartik aurrera, bai Donostian, bai Gipuzkoan”.

Maria Chivitek (PSN) Nafarroako lehendakari izateko aukera luke datu hauekin

Goizegi da oraindik gobernuko lehendakaritzaz hitz egiteko, baina jadanik %60 kontatua dagoenean UPNk 19 eserleku ditu eta PSNk 11. Hala ere, PSNk lortuko balu Geroa Bai (9), Podemos (2) eta Izquierda-Ezkerraren (1) sostengua, bloke honek 23 eserleku lortuko dituzke, hau da, Navarra Sumak baino gehiago, eta gutxiengoan gobernatzeko aukera izango luke.

Lizarran ere Navarra Suma garaile

Iruzurren eskandaluak eskandalu, NA+ etiketarekin Nafarroako eskuina gailendu da udal hauteskundeotan 7 zinegotzi lortuta, EH Bilduk 6, PSN-k 3 eta Geroa Baik 1.

Iruñean %85 zenbatuta, Navarra Sumako Maya izango da alkate

12 zinegotzi lortuko lituzke Mayak, 8 Bilduko Asironek, 6 PSNk eta 2 Geroa Baik.

Iruñean %85 zenbatuta, Navarra Sumako Maya izango da alkate

12 zinegotzi lortuko lituzke Mayak, 8 Bilduko Asironek, 6 PSNk eta 2 Geroa Baik.

Gipuzkoan, botoen ia %90 zenbatuta, EAJk 20-18 irabazten dio Bilduri

Botoen ia %90a zenbatuta Gipuzkoan EAJk 20 batzarkide, EH Bilduk 18, PSEk 9, Podemosek 3 eta PPk 1 batzarkide eskuratuko lituzkete.

Gipuzkoan, botoen ia %90 zenbatuta, EAJk 20-18 irabazten dio Bilduri

Botoen ia %90a zenbatuta Gipuzkoan EAJk 20 batzarkide, EH Bilduk 18, PSEk 9, Podemosek 3 eta PPk 1 batzarkide eskuratuko lituzkete.

Madril: botoen 32,46% zenbatuta, Carmena litzateke alkate berriro

20 zinegotzi lortuko ditu Manuela Carmena azken lau urteotan alkate izan denak, PSOEk 10 zinegotzirekin lagunduko lioke, PPk 13 lituzke, Csek 10 eta Voxek 4.

Madril: botoen 32,46% zenbatuta, Carmena litzateke alkate berriro

20 zinegotzi lortuko ditu Manuela Carmena azken lau urteotan alkate izan denak, PSOEk 10 zinegotzirekin lagunduko lioke, PPk 13 lituzke, Csek 10 eta Voxek 4.

Espainiako Estatuan udal hautezkundeetako botoen %2 baizik ez daude zenbatuta 21:55etan

Gogoratu aipatzen diren gainerako kalkulu guztiak inkesten gainean eraikita daudela. Hautes mahaietan lehenbizi Europako Legebiltzarrekoak zenbatu dituzte eta mantso doaz udal eta lurraldeko botoen kontaketak

Nafarroako partehartzea Foru Legebiltzarrean: %70,05

Nafarroako Legebiltzarrerako hauteskundeetan partehartzeko %68,26 izan zen 2015ean, beraz, oraingoan baino ia bi puntu gutxiago.

Lehen sondeoaren arabera EAJ garaile Gasteiz, Bilbo eta Donostian; eta Iruñean Navarra Suma

Publikatu dute Gizaker enpresak EiTBrentzat eta telebista autonomikoentzat egindako lehen sondeoa. Donostia, Gasteiz eta Bilboko 600na laguni egin diote inkesta, telefono bidez eta maitzaren, 24, 25 eta 26 goizean.

Gasteizko galdeketa

Bilboko galdeketa

Donostia

Iruñea

 

Lazo horia eramateagatik bozkatzea debekatu dio poliziak Burlatan

Lazo horia kendu duen arte, Burlatako bizilagun bati ez diote bozkatzen utzi. Espainiako Polizia izan da bozkatzea debekatu diona, Txelui Morenok sare sozialetan salatu duenez:

 

Alkateak bozkatu beharreko gutunazalak eman dizkiola salatu du Kasedako emakume batek

Nafarroako Kaseda herrian, egun indarrean den alkateak bozkatu beharreko gutunazalak eman dizkiola salatu du emakume batek @izquierdadecáseda-k jakinarazi duenez. Badirudi bi gutunazalekin iritsi dela bozkatzera, eta mahaiko lehendakariak nahi badu Europako hauteskundeetarako ere bozka dezakeela esan dionean, hala erantzun dio emakumeak: "Nik alkateak eman dizkidanak".

 

Oharra

20:00etan hasiko gara Nafarroako Legebiltzarreko, Hego Euskal Herriko udaletako eta Batzar Nagusietako emaitzen jarraipenarekin.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Udal eta foru hauteskundeak 2019
Zorteko dago EH Bildu Nafarroan

Lerrook idaztean, Nafarroako lauko berriak akordio programatikoa hitzartu berri du. Berria da laukoa, PSN sartu eta EH Bildu aterako delako. Bi-biak batera etorri dira, gainera: sozialistek betoa jarri diete Bildukoei, haiekin berba ere ez dutela egingo ziurtatu baitute orbe... [+]


2019-07-14 | Mikel Irizar
Nafarroa Nafarroa da

1977ko udan Iruñea inguruko Arazuriko soroetan sartu ginen Askatasunaren Ibilaldia-ko milaka lagun, zutabeetan antolatuta eta ikurrinaz josita, Nafarroa Euskadi da oihukatuz. Hogei bat urte geroago, aukera izan nuen Juan Cruz Alli elkarrizketatzeko, eta pasarte hura... [+]


2019-07-14 | David Bou
IRITZIA
Bartzelona, aukera galdua

Ada Colauk Kataluniako hiriburuko alkate karguan segituko du, hauteskundeen kanpaina aurretik imajinatzen zaila zen testuinguru batean: PSCren aldeko zortzi botoen, lehen ministro ohi Manuel Vallsen hautagaitzaren hiru botoen –orain arte Ciudadanosek sostengatua– eta... [+]


2019-07-14 | Juan Mari Arregi
Politikarien soldatak

Ez gaude ohituta politikarien artean soldata murrizketak ikustera, alderantziz baizik, udal eta foru hauteskundeen, bai eta europarren eta autonomikoen ondorioz erakundeetan aldaketak dauden bakoitzean hala gertatzen da. Horregatik, justua eta beharrezkoa da Durangoko Udalak... [+]


2019-07-07 | Aingeru Epaltza
Sinetsirik

Lehengo ekainaren 19an, Nafarroako Parlamentu berria eratzeko bilkuran ari zen bitartean, pareko espaloian, 25-30 bat gizon ageri ziren pankarta baten gibelean. Ez ziren presoen senideak, ez kolokan dagoen enpresa bateko langileak, ezta etor litekeen gobernuarekin kezkaturiko... [+]


Eguneraketa berriak daude