3.500 lagunek egin dute bat Lurralde Elkargoaren alde Maulen

  • Ipar Euskal Herriko Lurralde Elkargoa aldarrikatzeko manifestaldia egin dute Maulen Batera plataformak deituta.


2013ko azaroaren 29an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37
"Mespretxurik ez!" lema zeukan idatzia manifestazio buruan joan den pankartak (argazkia: Kazeta.info).
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

3.500 lagunek egin dute bat aldarrikapenarekin Kazeta.info atarian irakur daitekeenez.

Elkargoa zen deitzaileen xede nagusia, baina beste hiru gairen defentsan ere atera dira kalera: lehenik eta behin, euskararen eta ikastolen alde; bigarrenik, Laborantza Ganberaren erregularizazioa eskatzeko; eta azkenik, Unibertsitatearen egoera “kaxkarra” konpon dezaten galdegiteko.

Mobilizazioa babestu duten eragileek Frantziako Estatuaren “mespretxua, mehatxuak eta diskriminazioa” salatu dituzte.

Baterako ordezkari Nicolas Blainek “mespretxua” Marylise Lebranchu ministroak Lurralde Elkargoari buruz egindako adierazpenetan ikusi du. Besteak beste, ministroak adierazi du antolamendu hori ez dela juridikoki “bideragarria” eta  Frantziako estatuak “eraikitakoa” ez dela “hautsi” behar.

“Mehatxuei” dagokienez, hiru aipatu ditu: Baionako eta Paueko familiak laguntzeko kutxak batzeko plana, ikastolei jarritako “oztopoak” eta kantonamenduen berrantolamenduak Zuberoa Biarnorekin batzeko egindako proposamena.

Paxkal Indo Seaskako lehendakaria elkarrizketatu du Batera plataformak, bere blogean. Dioenez, “giza eskubideen alde hitz egiten duen Frantziak” euskaldun nortasuna “ezabatu” nahi du. Horregatik, gakotzat jo du larunbateko deialdia. Haren ustetan, “oso garrantzitsua” da protestan parte hartzea, eta “herri bat” irudikatu nahiko luke bertan.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Seaska
Eguneraketa berriak daude