Ipar Euskal Herriko Lurralde Elkargoa aldarrikatzeko manifestaldia egin dute Maulen Batera plataformak deituta.
3.500 lagunek egin dute bat aldarrikapenarekin Kazeta.info atarian irakur daitekeenez.
Elkargoa zen deitzaileen xede nagusia, baina beste hiru gairen defentsan ere atera dira kalera: lehenik eta behin, euskararen eta ikastolen alde; bigarrenik, Laborantza Ganberaren erregularizazioa eskatzeko; eta azkenik, Unibertsitatearen egoera “kaxkarra” konpon dezaten galdegiteko.
Mobilizazioa babestu duten eragileek Frantziako Estatuaren “mespretxua, mehatxuak eta diskriminazioa” salatu dituzte.
Baterako ordezkari Nicolas Blainek “mespretxua” Marylise Lebranchu ministroak Lurralde Elkargoari buruz egindako adierazpenetan ikusi du. Besteak beste, ministroak adierazi du antolamendu hori ez dela juridikoki “bideragarria” eta Frantziako estatuak “eraikitakoa” ez dela “hautsi” behar.
“Mehatxuei” dagokienez, hiru aipatu ditu: Baionako eta Paueko familiak laguntzeko kutxak batzeko plana, ikastolei jarritako “oztopoak” eta kantonamenduen berrantolamenduak Zuberoa Biarnorekin batzeko egindako proposamena.
Paxkal Indo Seaskako lehendakaria elkarrizketatu du Batera plataformak, bere blogean. Dioenez, “giza eskubideen alde hitz egiten duen Frantziak” euskaldun nortasuna “ezabatu” nahi du. Horregatik, gakotzat jo du larunbateko deialdia. Haren ustetan, “oso garrantzitsua” da protestan parte hartzea, eta “herri bat” irudikatu nahiko luke bertan.