Lurrak iraun dezan bizimodua eraldatzen dute baserritarrek

  • Natura, urbanismoa, uraren kudeaketa, basogintza, lana, turismoa, nekazaritza ekologikoa eta euskara. Baserritik ikusten du mundua Arantza Ugaldek, gogoetan ahobizia den emakumea. Ba ote dago borrokan jarraitzea baino beste irtenbiderik?

Arantza Ugalde bere baserriaren atarian. (Argazkia: Jone Arzoz / El Salto)

2019ko apirilaren 02an - 15:11

Urdaibai Biosfera Erreserban gaude, Busturiako Etxe-Barri baserrian jaiotako Arantza Ugalde Orberekin. Euskararen arnasgunea, herri kulturaren babeslekua eta naturaren zaintzaren ikurra da Urdaibai. Bizkaia maitearen bihotzean dago, eta egungo eredu politiko eta ekonomikoaren adibide ezin hobea da.

Urbanismoa, ura eta basogintza dira natura zaintzeko hiru adar estrategikoak

Baserritarra izan da beti natura babestu duena, eta Arantza da horren adibidea. “Biosferaren kontuarekin basoak babesteko lege batzuk atera ziren orain dela 30 urte baino gehiago”, baina askok legeen aurka egiten jarraitzen dutela gogoratzen du baserritarrak, “erreka edo itsasotik gertu, besteak beste”. Lehendakari-ohi Ardanzaren Kanalako etxea da adibidea. Ezin zen egin, baina Gautegiz-Arteagako udalak baimena eman zion. “Zain Dezagun Urdaibai ekimenaren bitartez epaitegietara eraman zen, eta kendu behar zuen, baina ez du kendu”, salatzen du emakumeak. Talde ekologistak legez kanpoko jarduera asko salatu ditu azken urteetan. “Hemen gauzak oso astiro doaz: astiro doa saneamendua, baserritarrei laguntzak, hizkuntza...”, burutzen du. 

Uraren gatazkaz ere kexatu da. Busturialdeko Ur Partzuergoa desegiteko saiakera abian jarri zuten Aldundiak, Jaurlaritzak eta eskualdeko EAJko agintariek. Argi du Arantzak: “geuk kudea ditzakegu urak eskualde honetan, eta dena hemendik egin. Baina nahiago dute beste batzuei eman, dirua atera dezaten”. Bere momentuan zorretan utzi zuen Partzuergoa EAJk, Unai Rementeriaren agindupean besteak beste, “eta EH Bildutik etekinekin uztea lortu genuen”. “Herritarrek izango dute hitza maiatzeko hauteskundeetan”, zioen Partzuergoko lehendakari ohi Iratxe Arriolak Hordagorentzat egindako elkarrizketan.

"Geuk kudea ditzakegu urak eskualde honetan, eta dena hemendik egin. Baina nahiago dute beste batzuei eman, dirua atera dezaten"

Lotura estua du horrekin ere basogintzak. “Jakina da dena pinua eta eukaliptoa izatea ez dela ona. Zenbait entxufe direla-eta, Aldunditik batzuek esaten dutena egiten da, guztion kalterako izan arren”, dio Arantzak. Egungo agintariek bide okerra hartu dute: “beti egin dute kapitalaren aldeko politika, bai lagunkeriagatik, bai diruagatik”. Baina dena ez da dirua. Aukerak aztertu beharra aldarrikatzen du busturiarrak: “jakin behar dugu zerk balio duen, eta nork egingo duen basoetan lan”.

Lana, turismoa eta azpiegiturak dira egungo arazoak

Urbanismoa, uraren kudeaketa eta basogintza adar estrategikoak dira. Horiekin batera guztiz aldatu da bizimodua, baserritarraren begietatik: “gure lurrak komunalak ziren lehen. Gerra garaian udalek dirua behar zuten eta saldu zituzten basoak, pribatizatu ziren lurrak. Baserrirako bizi ziren familia handiak izaten ziren, eta dena hartzen zuten euren lanean. Basora joaten ziren egurra batzen, edo arbolak zaintzen. Familia guztiak zeukan kontaktua basoarekin. Baina apurka-apurka jendea kanpora joan da lanera, edo emigratu behar izan du, eta horrek naturarekin duzun harremana mugatu du”.

Busturialdeko biztanleen %70ak eskualdetik kanpo egiten du lan, eta ondorioak izan ditu horrek baserriko bizitzan. “Baserria auto-hornituta zen, tela baino ez zenuen erosten, arropak egiteko, eta bonbillaren bat. Beste guztia ekoitzi egiten zen", dio Arantzak.  Metropoliko langileek eta udatiarrek joan-etorri arinak egin ahal izateko “errepideak eta tunelak egin behar dira”. "Gaur egungo baserriak itota daude, errepideak egin dira joan-etorri arinak egin ahal izateko. Umeak herrian botako ditut eskolara, eta ni Bilbora joango naiz lanera. Udatiarrentzako herriak dira orain, eta horretarako tunelak egin behar dira”, jarraitzen du.

Turismoa erakartzeko ere badira azpiegitura horiek, agintarien esanetan. “Balio erantsi gutxiko turismoa egin beharrean, beste bideak topatu behar ditugu lagunak erakartzeko: hizkuntza, historia, kultura eta natura”, aldarrikatu zuen Edorta Jimenez idazleak 2013an, Astran egindako V. Lurraren Astean. Guztiz ados dago Arantza: “asko etortzen dira eta bost minututan buelta ematen dute. Ez da ezer prestatzen jendeari erakusteko inguru hauetako balioa, gozatu eta zaindu ahal izateko”.

Bide iraunkorren aurkakoa da Guggenheim 2 egiteko proiektua, berriro mahai gainean dagoena, eta agian Gernikako Gorroño anaien kolaborazioa beste lau urterako lortzeko (beste) txanpona izan daitekeena. “Etorriko ziren, Guggenheim ikusi, bokata jan edo jatetxera joan, Gaztelugatxeko Donienera eta badoaz” argi du Arantzak. Turistak zer nahi duen galdetzen dio sarritan bere buruari : "Lo egiteko lekua eta gero berera egon nahi dute". Harreman gutxi sortzen den heinean bide okerrean jarraituko dugula uste du Arantzak.

Nekazaritza ekologikoa azokatik haratago: etxerako otzarak eta eskola-jantokiak

Busturiako Azoka Ekologikoan parte hartzen du Arantzak. Garai batean EHNE baserritarren sindikatuarekin erabaki bat hartu zuten: “hasi ginen informatzen lurra garbi mantentzeko, gure nagusiek egiten zituzten erein-aldaketa eta tratamenduak errazago berreskuratzeko”. Jendea hasi zen nekazaritza ekologikoa egiten, eta ekoizpena saltzeko abiatu zuten azoka, duela 18 urte. Apurka-apurka zabaldu zen. Gaur egun euren arazoak dituzte azoka ekologikoek, “ez garestiagoak direlako, ze ez dira, gure lurrak garbiagoak dira eta produktua hobeagoa da, baina jarraipen bat falta izan zaio nekazariari, eta laguntza falta eta traba lar jarri dituzte erakundeek”

"Gurasoak arduratu egiten dira, eta helburua eskualdeko lur ez kutsatuta eskola-jantokietarako erabili eta mantentzea da"

Otzarak banatzen hasi ziren, eta orain eskola-jantokietara ailegatzen ari dira. “Gernikan bi daude martxan eta beste ekimen piloto batzuk daude bidean”. Eskolen ekimena sendotzeko eta bide berriak irekitzeko beharra ikusten du Arantzak. 45.000 lagun bizi diren eskualdean, “zenbatek egiten dute lan lurrean? horiei guztiei jaten emateko zenbat baserritar behar da?”, galdetzen du. Lur guztiak jarri beharko lirateke lanean, “baina noski, denda handiek mesede barik kalte baino ez dute egiten, eta denda askok Mercabilbaotik ekartzen dituzte frutak”.

Busturian bezala, hainbeste herri eskolen sukaldeak berritzeko zorian daude. Guraso askok nahi dute tokiko nekazaritzagaz hornitu, baina kontratuek aukerak mugatzen dituzte. "Gurasoak arduratu egiten dira, eta helburua lurrak erabili eta mantentzea da, ze gure eskualdeko lur asko oraindik ez dago kutsatuta”, dio Arantzak. Arazo administratiboak izaten dituzte, eta paperak eskuratzeko zailtasunak. “Unibertsitate, gobernu eta erakunde guztietatik soldata altuak dauzkaten eta lurrarekin harremanik ez dutenen baldintzak jasan behar izaten ditugu", salatzen du. Edozeinetan aurrera jarraituko dutela dio baserritarrak.

Euskararen balioa erabiltzen

Natura zaintzeaz eta elikadurarako ekoizpenaren ardura izateaz gain, kulturaren eta hizkuntzaren transmisioan berebiziko garrantzia du baserritarren kulturak. “Lana eta hizkuntza lotuta daude. Zelako lana daukazun, zure hizkuntza joera aldatzen duzu”, dio Arantzak. Gure hizkuntzari geroz eta garrantzi gutxiago ematen diogula uste du. "Guk urteak eman genituen herriko jendeari irakasten, baina erakundeetatik ez dute laguntzen, aldeko itxurak egiten dituzte baina ez dira benetan arduratzen”, dio AEK-ko irakasle ohian den Arantzak.

Etxeko eta kaleko hizkuntza izatetik egungo unibertsitateko ikasgeletara egin du jauzi euskarak, eta espresio zientifiko eta kulturalean ere nabarmena da hizkuntzaren gorakada. Zelan lortu euskararen nagusitasuna gure herriaren orainean eta etorkizunean? “Erabili, erabili eta erabili” da Arantzaren bide-orria euskararen nagusitasuna orainean eraikitzeko. “Jendeari erakutsi balio duela. Barre eta negar egiteko balio duela. Balio duela maitemintzeko eta bizitzeko. Balio duela kalean eta etxe barruan. Balio duela baserrian eta mendian. Leku guztietan balio duela. Euskara erakargarri egin behar diegu herritar guztiei”.

Aldaketarako esperantza

Hirigintza antolatu, basoak, urak eta natura zaindu, nekazaritza eraldatu eta euskara zabaldu. Ba al dago esperantzarik? Egungo agintariak bota eta beste bide bat jorratu beharko dugu, eta bagabiltza. Baikorra da Arantza, baina batzuetan ezkor jartzen dela esaten du, “inguru hauetan dauden tejemanejeak ikustean”. “Euskal herritarren erdia beti egongo da borrokan, eta beti ibiliko da bere kulturari, bere hizkuntzari eta bere izaerari eusten”, dio itxaropentsu.

Erreportaje hau El Salto - Hordagok argitaratu du eta Creative Commons lizentzia libreei esker ekarri dugu ARGIAra.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Eredu ekologikoak
2024-03-31 | Itxaro Borda
Open Bar

Ikusi ditugu alimaleko traktoredun nekazariak, bideak, zubiak, mugak blokeatzen, eta bihotzak “krak!” egin zigun elkartasunez, geu ere laborari haurrak garelako eta anaiak, oraino, etxaldeak aitzina eramaten tematzen direlako. Manifestariak entzun ditugu normak... [+]


Eguneraketa berriak daude