Loli López Goñi hil da, “euskal alpinismoan aitzindaria”

  • "1950eko hamarkada amaieran, emakume gutxi ausartzen zenean zailtasun ertaineko igoerak egiten, bera izan zen 5. graduko bat gainditu zuen lehenbiziko emakumea, eta garai hartako goi mailako gizonezko alpinisten pare aritu zen bakarra". EMMOA Euskal Mendizaletasunaren Museoak Loli López Goñi mendizalearen heriotzari buruz plazaratutako testua irekitzen dute hitz horiek.


2020ko otsailaren 5ean - 09:43
Loli López Goñi Aiguille de Midiren azpian 1958an (I Goikoetxea)
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Otsailaren 2an hil zen López, Donostian, 89 urte zituela. "Emakume ororentzat erreferentea", haren izena darama emakumezko alpinista batek egindako jarduerarik onena nabarmentzea xede duen Euskal Mendizale Federazioaren (EMF) sariak.

EMMOA museoak Alpeetako igoerarik onenak ekarri ditu gogora, bere garaian Imanol Goikoetxeak kontatuak, "Lópezen laguna zenak mendian eta bizitzan".

Aitzindaria Alpeetan

"1958ko abuztuaren 15ean, goizaldeko 3:30ean, aterpe berean ospatutako meza entzun ondoren, Loli López Goñi eta Imanol Goikoetxea Hörnliren ertzaren oinean sokaz lotu ziren Cervino igotzeko. Horrela elkartuta iraungo zuten, bizitza errealean bezala, hamabost ordu geroago abiapuntura itzuli bitartean". Halaxe hasten da lehenbiziko kontakizuna, Pyrenaica aldizkariaren 4 zenbakiko (1958) Savoiako Alpeak eta Cervino kronikatik hartua. "Eskalatu zuten, bloke eta horma artean. 'Azken soketan, nekagarrienetan, Lolik ordezkatzen nau buruan; izotzezko estalkiei heltzean eskuak hozten zaizkio, baina eutsi egiten du...' Eta gorago, gailurra. Alpeetako piramide handiaren tontorrera iritsi zen lehen euskal emakumea zen. Egun batzuk lehenago, Mont Blanc igotzen ere bera izan zen aurrenekoa. Erpin perfektu horretan bizitako goratze eta osotasun sentsazioa beti bera izango zen Loli eta Imanolentzat, eta beti berria, desberdina, hara heltzen zen alpinista bakoitzarentzat. 'Goizeko hamarrak eta laurden, 4.505 metroko altuera, mundua gurea zen egun batean...', idatziko zuen Imanolek itzultzean, une haietako magia gogoratuz".

Bigarren kontakizuna, "L'Aiguille du Plan-eko gandorretik askatzen den El Dent du Requin gendarme erraldoiko eskaladari buruzkoa", EMMOAren webgunean duzue irakurgai.

Pyrenaica-ko emakumeak blogean, bestalde, Vignemale-ko Couloir de Gaube izotz tximinia eta Cervino mendia eskalatzen lehen emakume euskaldunari buruzko informazio eta argazki gehiago dituzue.


Irakurri gehiago: Mendiak Ingurumena Natura
Mendiak kanalean gehiago
2025eko ekainaren 4
Gora beti

Eguneraketa berriak daude
Badator udako 'Gakoak' zenbaki berezia
Euskal drag mugimendua
Euskal drag mugimenduari buruzko argazki-erreportajea, espetxean 30 urte egin zituen preso politiko kurdu batekin elkarrizketa, Elena Uriz eta Itziar Aizpuru aktore beteranoak elkartuta solasaldia, Atxarteko harrobiaren aurkako borroka ekologistaz erreportajea, kultur gomendioak, izarrak ikusteko ibilaldiak...