AEB

Loa galarazi behar ligukeen potentzia

  • Bada loa galarazi behar ligukeen potentzia handi-handi bat, eta ez da Txina. Txinak baditu bere buruhauste handiak, eta eman diezazkiguke galantak gainerakooi. Baina Alderdiaren XX. Kongresuaren harira ikusi (ez asmatu, amestu edo hauspotu) denaren arabera, datozen bost urteak erabateko jarraitutasunaren joairan espero behar lirateke... kanpoko eztenkadarik ezean.

Errepublikanoak otoitzean, Donald Trumpen ekitaldi batean irailaren 23an. Argazkia: A. Joyce-AFP

2022ko urriaren 28an - 09:50

Hobe apustu handirik ez egitea, hala ere. Eztena, jakina, Taiwanen legokeelako gaur-gaurkoz. Mundu guztiak daki hori. Baita Xi Jinpingen lantalde ez horren eraberrituak ere. Eta hango eztenkadak, guztia aldaraz dezake.

Loa galarazi behar ligukeena bestea da, handiena, Estatu Batuak. Azken bost urte hauetako zalaparta ia etengabea eta krisi-sentipena jolasa izan baitaiteke azaroaren 8tik aurrera abian jar litekeen espiralarekin alderatuta. Midterm-ak, agintaldiaren erdiko hauteskundeak egingo dira, eta presidentea ez beste guztia alda daiteke. Txarrerako aldatu, gainera, ikuspegi gehienetatik. Eta ez alderdikeriaz, ez.

Bi urte hauetan, Biden administrazioak gehiengoa, estu-estua bederen, izan du Kongresuan eta Senatuan (honetan, alderdiaren boto disziplina urratu izan duten J. Manchin eta K. Sinema senatariei “esker”, eduki ez balu bezala aurkitu bada ere gehienetan). Eta erdipurdikoa bada ere, egonkortasun apur bat izan du. Baina hori ere amaitutzat eman daiteke jada.

Kongresurako hauteskundeetan, abortatzeko eskubidearen ezabapenaren ondorengo haserreak demokratei eman zien hauspoa moteldu eta inflazioaren laino beltzak zerua estali ahala, errepublikanoen garaipena ia egintzat ematen da; eta haien goi-arduradunak biharamuna prestatzen/banatzen ari dira dagoeneko. Demokratek Senatuko gehiengoa galtzeko arriskua txikiagoa da, eta litekeena da zerbait hobetzea. Baina ezerezeko festa.

Kongresua, gutxienez, aurka edukita, berez ere sasoi betean inoiz ibili ez den Biden administrazioak sekulako fronteak izango ditu bat-batean. Lehena, aurrekontuarena eta zorrarena. Ez dakit Liz Truss-Kwasi Kwartang-en komeriatik inork ezer ikasiko zuen, baino argi baino argiago dago diru asko behar duela administrazioak, besteak beste iraganeko zorraren interesak ordaintzeko... interes-tasek goraka jarraituko dutenean; eta errepublikanoen mendeko kongresuak ez duela erraz eskua zabalduko. Horrekin motz-motzean lotuta, Ukrainako faktura, gogotik hazten ari dena. Guztia, 2024ko hauteskundeetara begira jarrita. “Betiko” gaiak (immigrazioa, arraza, indarkeria, eskubideak...) bertan dirautenean.

Ezinegon soziala, ezegonkortasun politikoa eta estutasun ekonomikoa txirikordatzen ari dira. Esna egon behar genuke AEBen itzalean lo egiten dugunok.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: AEB
2024-04-19 | Axier Lopez
Palestina ez da NBEko kide izango, AEBak Israelekin lerratu direlako beste behin

Palestina NBEko estatu kide gisa onartzeko ebazpena ostegun honetan bozkatu dute Segurtasun Kontseiluan. Gehiengoa –12 boto– alde agertu bada ere, bi abstentziorekin batera, AEBen ezetza nahikoa izan da proposamena bertan behera uzteko.


2024-04-15 | Axier Lopez
Iranen erasoa Israelen aurka
Gerra gehiago, hipokrisia handiagoa


GNL: Louisianako zingiretan jokoan dira munduko klima eta osasuna

Energia krisiak eta Ukrainako gerrak hauspotuta, Gas Natural Likidotua (GNL) bihurtu da munduko lehengai estrategiko eta preziatuenetakoa. AEBetako hegoaldean gasa modu horretan biltegiratu eta esportatzeko planta erraldoiak egin asmo ditu industriak, baina Joe Bidenen gobernuak... [+]


Yale: prestigioa esklaboen truke

Killingworth (Connecticut, AEB), 1701. Collegiate School goi mailako ikasketa zentroa fundatu zuten. 1716an eskola berria New Havenera aldatu zuten eta handik bi urtera, 1718an, Yale izena hartu zuen gaur egun AEBetako eta munduko unibertsitate prestigiodunetakoa denak.

Urte... [+]


Ia denak du prezioa

Filadelfia (AEB), 1838ko uztailaren 11. John Wanamaker jaio zen, gerora marketinaren alorrean eragin handia izango zuen enpresaria. Koinatuarekin batera hasi zen merkataritza eremuan lanean, 22 urte zituela. Biek denda bat ireki zuten orduan; eta negozioa pixkanaka hazten joan... [+]


Eguneraketa berriak daude