Lleidan jendea kexu txerrien gorotzak tratatzeko planta erraustegi bihurtu nahi dutelako

  • Hitzaldi eta kaleko mobilizazioez gain, errausketa proiektuari alegazioak aurkezteko lanetan ari dira Juneda, Borges Blanques eta Lleidako beste hainbat herritan, orain artean txerri granja industrialetako gorotzak biogas eta ongarritarako tratatzen zituen plantan Tracjusa enpresak CDR hondakinak erretzeko baimena lortu duela jakin dutenean.


2019ko uztailaren 15ean - 13:14
Jendea protestan Junedako Tracjusaren atarian uztail honetan.
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Milaka txerri granja industrialetan hazten dituzten Lleida probintzian (Katalunian) arazo larria eragiten dute aspalditik azienden kakek: dagoeneko inguruetako lurpeko urak nitrogenoz kutsatu ondoren, horientzako tratamendu planta eraiki zuten Juneda herrian. Teorian gorotz horiek gas asko eman eta horrekin argindarra sortu behar zuten arren, horiek tratatzeko (funtsean lehortzeko) zeramaten energia baino gehiago behar zuten eta horregatik orain artean gas naturala erabili izan dute. Garestiegi ateratzen zitzaien, antza, eta Kataluniako Generalitateari eskatu diote (eta honek eman) gas naturalaren ordez CDRa erabiltzeko baimena. CDR dira gaztelerazko sigletan Hondakinetatik Eratorritako Erregaiak, gardenago esanda, TMBetan organikoa lehortu eta zenbait gai birziklagarri apartatuta erregaitzat eskaintzen dutena, hein handi batean plastikoak, erretzeko indar handikoak.

Ez da kasualitatea Bizkaiko SENER multinazionala egotea Tracjusaren hornitzaile tekniko nagusi: erretze kontuan aspaldiko adituak dira SENERren, Lemoizko zentral atomikoaren bultzatzaile nagusiak izan ziren, Zabalgarbi teknikoki haiek antolatu zuten, eta abar. SENERri eta Tracjusari Bioenergia ataleko sari berezia eman zion hondakinen patronalak 2013an. Hurrengo urtean itxi zuten planta saritua... justu gobernuak kendu zituenean energia berriztagarrientzako primak, nekazaritza industrialeko patronalak bere webean aitortzen duenez. Albiste berean diote 1,5 milioi euro gastatu behar izan dituztela planta hori gas naturalarekin funtzionatzera egokitzeko eta orain CDR hondakinak errez lan egiteko 7 milioi euro gehiago gastatu beharko dituzte. 

Aturem la Incineradora de Juneda guneak eta IPCENA (Ekologistak Martxan Katalunian) elkarteak egiten die jarraipena herritarrek Tracjusaren proiektua gelditu nahian egiten dituzten mobilizazioei. Bideo honek biltzen du uztailaren 11n Joan Vazquezek emandako hitzaldia, kontatuz Junedako erraustegiaren aurkako borroka luzea:

 
 

🔴 ARA MATEIX: Xerrada informativa contra l’incineradora de Juneda plena de gom a gom.

Posted by Aturem la incineradora a Juneda on Thursday, July 11, 2019

 


Errausketa kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.