Leioan zuen egoitza utzi behar izan du Artedrama antzerki plataformak, udalaren erabakiz

  • Sare sozialen bidez zabaldu duten gutun batekin esan dio agur Artedramak Leioari. 2012tik Bizkaiko herrian egoitza iraunkorra izan ondoren, udal-erabaki batek lekuz aldatzera derrigortu ditu.


2017ko urriaren 27an - 13:19
Artedramako kideen artxiboko argazkia. Lipus lehenengoa da eskuinetik hasita (argazkia: Hiruka).

Duela sei hilabete jakin zuten Artedrama antzerki plataformako kideek Leioako Udalak hartutako erabakia, baina aste honetara arte ez dute publiko egin. Antzerki taldeko kidea den Ander Lipusek azaldu duenez, legealdi berriarekin hasi zen okertzen udal ordezkariekin zuten harremana, “erlazioa ez aurrera eta ez atzera” geratu arte. “Erabaki politikoa” dela adierazi du Lipusek eta horren berri izan zutenean denbora eskatu zutela beste norabait mugitu ahal izateko.

Antzerkigileak “deslokalizazio” gisa deskribatu duen egoera honen aurrean, Artedramak, behin behinean, Gernikan hartu du ostatu eta egin dituzte bilerak beste herri batzuetan ere, Leioan zutena bezalako toki finkoa edukitzeko. Baina aldi berean sorkuntza-lanetan ari dira, eta dena batera egitea zaila dela aitortu du Markina-Xemeingo aktoreak.

Herriko futbol taldea bai; herriko antzerki taldea ez?

Nabarmendu duenez, Leioan azken bost urteetan izan duen erresidentzia iraunkorraren figura ez dago behar bezala jasota indarrean dagoen legedian, ez Euskal Herrian, ezta Espainiako Estatuan ere. “Dena erdi-hitzarmenak dira”, dio Lipusek. “Gure borroka izan da horri aurre egitea eta gurearekin bandera egitea”.

Egoera bitxia da, izan ere: beste esparru batzuetan, kirolean adibidez, pentsaezina da instalazio kulturalekin bezala funtzionatzea: “Imaginatu herri bateko futbol zelaiak ez edukitzea bertako talde bat erabilera iraunkorra egiten, adibidez”.

Berriz hasten, etengabe

“Erreta” dagoela aitortu du Lipusek, ez baita horrelako egoera batean dagoen lehenbiziko aldia. “Duela 20 urte, Guggenheimekin batera, guk Mina espazioa zabaldu genuen eta handik hiru urtera itxi zuen Bilboko Udalak”, gogoratu du. Gero Antzerkiola Imaginarioarekin antzeko esperientzia bizi izan zuen. Eta orain, Leioan bost urtez lan egin ondoren, berriz ere leku bila ari dira.

Bestelako esperientziak ere nabarmendu ditu, nolanahi: Aulestin, adibidez, lortu dute urtero-urtero euskal antzerkizaleentzako erreferentzia bihurtu den ADEL egitasmoa egonkortzea eta “harreman ederra” dute hango ordezkariekin, Artedramako kidearen arabera.

Azpiegitura problemak alde batera utzita, zertan ari diren lanean ere esplikatu du Lipusek: Juan Antonio Urbeltzekin batera, azaroaren 11n estreinatuko dute Pio Barojaren Zalacain el aventurero liburuan oinarritutako ikuskizun berria, zeinean Harkaitz Canoren ekarpena ere garrantzitsua izan den testuei dagokienez. Lipusek azaldu duenez, obran garrantzi berezia izango du dantzak eta Bilboko Arriagan estreinatu ondoren beste hainbat herritatik ere igaroko da.  


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Antzerkia
2024-02-28 | dantzan.eus
Lau pastoral plazaratuko dira 2024 urte honetan

Aurtengo urtea emankorra izango da pastoralei dagokionez, lau pastoral emango baitira; bi Zuberoan eta beste bi Zuberoatik kanpo: Iruñean (Nafarroa) eta Xarneguko (Lapurdi-Nafarroa Beherea) zonaldean. Gure herriko lau historia ezagutaraziko dira oholtzan antzerki,... [+]


Xabin Fernandez eta Intza Alkain. 'Kanpora sartzen' antzezlana
"Zuen bizitzan lehen aldiz, herrian ikusiko duzue GIBa"

2013an, medikuaren telefono deia jaso zuen Xabin Fernandezek (Legorreta, Gipuzkoa, 1985). Diagnostiko garbia eman zioten: GIBa. “Seropositiboa zara”. Bizitzak 360 graduko buelta eman zion orduan. Mamuak agertu zitzaizkion: beldurra, amorrua eta lotsa, besteak beste... [+]


Eguneraketa berriak daude