Mugikortasuna 21 batzordeak egindako txostenaren arabera, Frantziako Bordele eta Lapurdiko Hendaia lotuko lituzkeen Abiadura Handiko Trenaren zatia ez litzateke eraikitzen hasiko gutxienez 2030era arte.
Frantziako Gobernuak eskatuta sortutako Mugikortasuna 21ek bi aukera irudikatu ditu. Lehenengoaren arabera, inbertsio berririk ez litzateke egingo eta koherentziazko eta lehentasunezko AHT loturak egingo lirateke. Gertuko trenak erabiltzea proposatzen da, eta orain dauden egiturak eraberritzea. Trenbide handirik ez beraz, eta hala, Bordeletik hegoalderako ezer ez da agertzen txostenean. Aipatutako gainerako lanak 2030era bitartean egingo lirateke. Bigarren aukerak dio Frantziako Estatuak bestelako aurrekontua izango lukeela, 30.000 milioi euro ingurukoa 2030a artean. Dena dela, Bordele-Hendaia, Montpellier-Perpignan eta Lyon-Turin tarteak 2030era arte ez lirateke abian jarriko.
AHTren aurkako eragileek adierazi dute tentuz ibili behar dela Mugikortasuna 21 batzordeak proposatutakoarekin, izan ere proposamena baino ez da eta Frantziako Gobernuak besterik erabaki dezake. Azterketaren ebazpena uztailaren 9an emango du Gobernuak.