Hainbat enpresetarako azpikontratatu gisa aritutako langile bat bere jardun profesionalaren ondorioz hil dela onartu du Gasteizko Gizarte arloko Bigarren epaitegiak, eta horrela, atzera bota du hori ukatzen zuen Espainiako Gizarte Segurantzaren ebazpena, Asviamiek (Euskadiko Amiantoaren Biktimen Elkartea) jakinarazi duenez.
2018ko martxoan hil zen Cosme C.C, mesotelioma pleural gaizto baten ondorioz. Orain, epaitegiaren ebazpenaren arabera, amianto zuntzen arnastearen ondorioz sortu zitzaion mesotelioma hori. Erretzailea izateak ez zuen gaitz horretan zerikusirik, epaiaren esanetan.
Gizarte Segurantzak ez zuen horrela ikusi eta ukatu egin zuen heriotza arrazoi profesionalen ondorioz gertatu zela. Hildakoaren alargunak, helegitea jarri zuen erabakiaren aurka, martxoaren 10ean egin zen epaiketa eta orain ebazpena etorri da, Naiz.eus-ek jakinarazi duenez. Ondorioz, Gizarte Segurantzak, dagozkion prestazio guztiak eman beharko dizkio alargunari.
Langilea hainbat enpresetarako aritu zen lanean 1971tik 2007ra arte, batez ere igeltzero lanetan eta uralita teilatuak deseraikitzen, besteak beste Ezcurra y Ozores lantegian eta Fibesa edo Forjas Alavesas-Acenor-Sidenorren. Asviame pozik agertu da ebazpenarekin eta salatu du Gizarte Segurantzaren jarrera, elkartearen esanetan beti saiatzen ari dena halako heriotzak jardun profesionaletik bereizten.