Laneko heriotzak salatuko dituzte ostegunean Bilbon

  • Bi langile desagertuta daude Zaldibarko zabortegiko luizian, eta 2020a hasi denetik lan istripuen ondorioz hildako langileak hamabi dira, LAB sindikatuaren kontadorearen arabera. Prekarietateak hil egiten duela salatzeko eta erakundeei politikak aldatzea exijitzeko elkarretaratzea deitu dute hainbat sindikatuk. Zaldibarko luizian desagertutako familiei elkartasuna adieraztea ere bada mobilizazioaren asmoa.

LABek prekarietatea salatzeko egindako ekintza bat, Iruñean

2020ko otsailaren 11n - 12:19
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

“Prekarietatea hiltzailea, lan istripu gehiagorik ez!” lelopean deitu dute mobilizazioa ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE eta HIRU sindikatuek. Elkarretaratzea ostegunean egingo da Bilbon, 18:30ean Arriagan. “Instituzioetako arduradunen atsekabe eta elkartasun hitzekin nekatuta gaude, ekintzarako garaia da”, adierazi du LABek mobilizazioaren berri emateko publiko egindako idatzian.

Sindikatuak azpimarratu du lan heriotzen arduradunak patronala eta “honekin erabat lerrokatuta dagoen” Eusko Jaurlaritza direla.

Zaldibarko zabortegiko kasua hartu du ahotan LABek. Adierazi du bertan lan egin duten langileak arriskupean lan egin dutela urteetan, baita luizia jazo ostean bertara lanera bidalitako langileak ere, azken horiei amiantoaren gainean ezer ez baitzitzaien deus aipatu. “Helburu bakarra autopista irekitzea izan da, ikuspegi ekonomizista berriz gailenduz”, salatu du sindikatuak. Azpimarratu du lehentasunak ondokoak izan beharko liratezkela: langile biak aurkitzea, eta senide, lankide eta biztanlegoari kudeaketa gardena bermatzea.

LABek Eusko Jaurlaritzari exijitu dio “egun dauzkan baliabide guztiak prekaritateari aurre egiteko erabil ditzala” eta “segituan prekarietatearen aurkako larrialdi-plan bat onar dezala, pandemia honi aurre egiteko beharrezko baliabideak lortze aldera”.

 


Lan istripuak kanalean gehiago
Eguneraketa berriak daude
ARGIAren Fototeka martxan da
100.000 argazki jarri ditugu publiko lizentzia librean
1960ko hamarkadatik gaur egunera arteko 100.000 argazki baino gehiago bildu ditugu.