Espainiako errege ohiaren esanetan, diktadoreak "erregimen liberalago bat irekitzeko" aukeratu zuen, Trantsizioari eta Otsailaren 23ari buruzko eztabaida berpiztuz.
Berradiskidetzea (Reconciliación) izenpean argitaratu zituzten Juan Carlos I.aren memoriak Frantziako Estatuan, eta horiek izan ditu hizpide Errege Emerituak Le Figaro Magazine egunkariari eskainitako elkarrizketa batean. Espainiako Trantsizioan izan zuen rola justifikatu du, Francisco Franco diktadore faxistarekin zuen lotura defendatuz; aitortu baitu "erregimen liberalago bat irekitzeko" jarri zuela karguan. "Zergatik gezurra esan, bera izan bazen errege bihurtu ninduena?", dio emerituak, diktadoreari uko egitea saihestuz. Memoria-liburua abenduaren hasieran kaleratuko dute Espainiako Estatuan, Francoren heriotzaren 50. urteurrenaren bueltan.
Jatorriz frantsesez idatzitako lanean, Espainiako Estatuko buruzagi ohiak diktadore faxistaren erretratu apologetikoa egiten du, monarkiaren berrezarpenean izan zuen eragin erabakigarria aldarrikatuz eta, aldi berean, "frankismoa atzean uzteko zuen borondatea" azpimarratuz. Juan Carlosek gogoratzen du, bere erregealdiko lehen bi urteetan, aurreko erregimenetik jasotako "botere guztiak" izan zituela, baita indultatzeko edo heriotza-zigorra berresteko boterea ere.
Bere figura aparatu frankistaren eta oposizio demokratikoaren indarren arteko "oreka" gisa justifikatzen du errege ohiaren kontakizunak. Horregatik, liburuak kapitulu zabal bat eskaintzen dio 1981eko otsailaren 23ko estatu-kolpe saiakerari. Honela deskribatzen du hura: "Hiru kolpe batean; Tejerorena, Armadarena eta frankismotik gertu zeuden politikariena".
Le Figaro-ri eskainitako elkarrizketan, Alfonso Armada jeneralari (lehenago bere eskuineko eskua izandakoa) leporatzen dio hari "traizioa" egin izana eta "militarrak konbentzitu izana", Juan Carlosen izenean ari zela sinetsarazita. Estatu-kontakizun ofizialaren ildotik, errege ohiak dio bere jarduera "erabakigarria" izan zela "ordena konstituzionala zaintzeko", eta ukatu egiten du militar kolpistekin bat etorri izana, nahiz eta hori salatu izan duten monarkiarekin kritiko izandako hainbat sektorek eta zenbait idazlek, horien artean Javier Cercasek.
Juan Carlosek ustelkeria-eskandaluen erdian Abu Dhabira ihes egin zueneko garaia ere jasotzen du Berradiskidetzea-k, baita Francoren babesean eman zituen gaztaroko urteak ere. Espainiako Trantsizioaren izaerari eta monarkiak frankismoaren erreforma-prozesu politikoan izandako rolari buruzko eztabaida berriro irekitzen du lanak; eta diktadorearen tutoretzapean hezitako Juan Carlosek bertan adierazten du gazte askok ez dutela "ideiarik ere Franco nor izan zen, ezta diktaduratik demokraziara igarotzea zer kostatu zen ere".