Lampedusa: interes ekonomiko eta militarrek migranteekin topo egiten duten irla

  • Lampedusako errealitatea ezagutzen eta elkartasun sareak sortzen ari dira egunotan Euskal Herritik joandako Harresirik Gabe egitasmoko kideak. Irlan ikusten ari direnaren testigantza hau idatzi dute: irla txikiak egungo Europa ulertzeko gako asko eskaintzen ditu.

Beñat Irasuegi @birasuegi  |  Ruth Ayllon @RuthAyllon
2016ko abuztuaren 29a
Humanitarismoaz hitz egiten da Lampedusaz aritzean; ez hainbeste Mediterraneoaren militarizazioaz (argazkia: Beñat Irasuegi).

72 ordu, hori da migratzaile bat Lampedusara iristen denean sistemak atxikita egon daitekeen denbora. Eta hori da teorian Europak Mediterraneoan sortu duen muga erraldoi honetan Lampedusari eman dion tokia, lehen harrera eta klasifikazio tokia izatearena.

Egun batzuk daramatzagu jada irla eder honetan. Egunak pasatzen ari direlarik, arazoen inbisibilizazioak askotan zaila egiten duen arren, gero eta argiago ikusten ditugu Europa osoaren jokaeraren sinbolo bihurtu den Lampedusako arazoak eta hauen arteko loturak. Mugak, migrazioaren pribatizazioa, militarizazioa, turismo masiboa, irla honen errealitatean oso txertaturik dauden aztertu beharreko gaiak dira.

Migrazioak eta honekin lotutako militarizazioak eta negozio pribatuak irlan duen eraginean jarriko dugu guk fokua ordea. Esan bezala Europak lan bat eman dio Lampedusari, eta eginbehar horretan tamalez Europaren aurpegi txarrenaren sinbolo bihurtu da irla.

"Itsasoa muga bihurtu dute, baina muga gero eta urrutiago dago"

Ostiralean Francesco Piobbichi migrazioarekin lan egiten duen aktibista eta ilustratzaileak bere ilustrazioekin egindako Disegni dalla frontiera emanaldia eskaini zigun, eta bertan etengabe Mediterraneoari Mare Spinato deitzen ziolarik zera azpimarratu zigun: “Itsasoa muga bihurtu dute, baina muga gero eta urrutiago dago”. Europak itsasoari eman dio muga naturala egiteko lana, lan zikina egitearena, eta bertan hil dira 2016an 3.000 migratzaile baino gehiago, 30.000 baino gehiago 2000. urtetik hona. Mugak gero eta urrutiago daude, Espainiak Marokorekin egindako akordioarekin Mediterraneotik Sahara desertura urrundu da, edo Europak Turkiarekin duen akordioarekin Egeotik Anatoliara. Lampedusan ere urrundu da muga, Mediterraneoan Libiatik 20 miliatara zehazki, eta horretarako arrazoiak bi dira: interes militarrek bultzatutako Afrikako herrialdeen kontrol militarra, eta migrazio ibilbidearen estrategia aldaketa. Italiako armada migratzaileekin zetozen ontziak suntsitzen hasi zenetik bidea garestiegi bihurtu zen migrazio mafientzat, eta ordutik migrante baltsa kaxkarragoak Libiatik kilometro gutxi egiteko autonomiarekin bidaltzen hasi ziren itsasoan barna. Han, itsasoaren erdian jasotzen dituzte Italiako armadak, Frontexak eta beste hainbat erakunde armatu eta zibilek. Horren eraginez ere hildakoen kopurua asko handitu da, bidaia erruleta errusiarra baita: edo erreskatatzen dituzte migratzaileak bidean edo ez dira inoiz iritsiko Lampedusara. Esan digutenez, azken asteetan Libian berriro gerra egoera okertzen ari denez, itsasoko bideak berriro urrutiratzen ari dira, eta pertsona asko Egiptotik ari da iristen. Francescok Libanon egiten du lan, migrazio bide seguru eta legalak sortzen eta bideratzen.

250 laguneko migrante talde bat portura iritsi denean hartua da goiko argazkia (egilea: Ruth Ayllon).

Larunbat gauean Lampedusako Askavusa elkarteko kiderekin elkartasun harremanak lantzen ari ginen. Zehazki bertako kide Giacomo Sferlazzo txalaparta jotzen ikasten ari zen Lampedusako perkusioekin batera. Guardia Costieraren bi ontzi iritsi ziren portura 250 migrante bertan zirela, Libiatik 20 miliara jasoak horiek ere, igarotzeko ontzietatik Lampedusara ekarriak. Han abiatu ziren gure taldeko kide batzuk, zona militarrean sartu eta nola iristen diren ikusteko asmoz. Teorian 72 ordu iraun dezakeen klasifikazio prozesua hasi zuten bertan, tamalez kasu gehienetan askoz gehiago luzatzen dena. Migratzaileak esperantzaz beterik etortzen dira baina migrazioaren arreta sistemak berehala lortzen du duintasuna kentzearekin batera, pertsona hauek ziurgabetasun egoera zentzugabera itzultzea.

Lampedusako Misericordia Arreta Zentroari egindako irudi honetan modulu bat erreta dagoela ikusten da (argazkia: Maider Galarza).

Klasifikazio eta alojamendu zerbitzuak ordea ez dira altruismoagatik egiten. Garai batean zenbait irabazi asmorik gabeko elkartek egiten zituzten lan horiek, baina 2002. urtean irizpideak aldatu eta Italiako Administrazioak bere gain hartu bezain pronto pribatizatu egin zituen, negozio borobila bihurtuz. 2002 aurretik 1.000 migrante inguru pasatzen ziren urtean; urte horretatik aurrera urteko kopurua 15.000 pertsonara iritsi da. Izan ere Acoglienza zentroak kudeatzen dituzten enpresek hartu eta klasifikatzen duten pertsonako kobratzen dute. Bertan lan egiten duen pertsona batek kontatu zigunez, gainera, bertan dagoen pertsona bakoitzaren egonalditik irabazia ateratzeko moduak asko dira, zerbitzuen kalitate txarra, elikadura eskasa, jende pilaketa, migranteentzako eguneko diru asignazioak espezietan ematea (diruaren ordez gailetak eta abar). Momentu honetan Lampedusako Misericordia Arreta Zentroa partzuergo kooperatibo batek kudeatzen du, eta bertan lan egiten dute ere hainbat elkartek, ACNUR edo enpresa pribatuei lotutako fundazioek esaterako. Aztertu eta sakondu beharreko gaia da, baina argi dago migrazioaren klasifikazio prozesua negozio handia bihurtu dela, eta horrek lehen atentzioko azpiegitura izan beharko lukeena azpiegitura kartzelario bihurtu du. Estatu Batuetan konplexu industrial-penitentziarioaz asko idatzi dute. Europan ere migrazioarekin lotutako konplexu industrial-penitentziario-militarra existitzen da baina ez dugu ikusten.

AEBetan asko idatzi da konplexu industrial-penitentziarioaz. Europan ere existitzen da, migrazioarekin lotuta, baina ez dugu ikusten

Interes ekonomiko eta politikoen erdian, migranteek Lampedusan bizitza degradantea dute. Iristean 72 orduz sistemaren esku badaude ere, gero linbo batera pasatzen dira eta berez libre badira ere, Arreta Zentroko ateak itxita dituzte ateratzeko, eta ateratzen badira ere, nora joango dira Siziliatik 200 kilometrora dagoen 33 kilometro koadro dituen irla honetan? Berez libre izanda kartzelaraturik bizi dira, eta horrela migratzaile eta pertsona bezala duintasuna galtzen dute, normala egiten baitu turistaz betetako irla eder honetan kartzelaraturik egotea, gu guztion bistatik urrun, horrela egoeraren zergatia ere normalizatuz, azpiratze arrazista eta klasista den prozesuan.

Europako atea bihurtu da Lampedusa askorentzat. Jabetzen ote gara han gertatzen ari denaz? (argazkia: Ruth Ayllon).

Esan dugun bezala Lampedusa sinbolo bihurtu da, Europaren mugen sinbolo, eta hori probestuz, zinismo humanitarioz, elkartasunaren sinbolo ere bihurtu nahi dute politikariek. Baina humanitarismoaren aitzakia horrek, irlaren eta Mediterraneoaren militarizazio asmoak baino ez ditu gordetzen. Ohituta gaude interbentzio humanitarioa gerrak justifikatzeko erabiltzen dela ikusten, eta kasu honetan berdina gertatzen da, migrazioaren kontrol humanitarioaren atzean hori gordetzen da, Mediterraneoko posizio estrategikoen militarizazioa, Afrika iparraldeko errekurtsoak desposesioz metatzen jarraitzeko. Modu horretan, migrazioen arrazoi nagusi den aberastasunen desjabetze kapitalista, Afrikako edo Ekialde Hurbileko gerren bidez edo beste medioen bitartez egindakoa, areagotzen ari da, hori bai, humanitarismoaren irudi mediatikoarekin apaindurik. Horretarako ere klabea da Lampedusa, eta horregatik daude irla osoan barreiaturik, Frontex, NATO, Italiako Armada eta beste hainbat agentziaren gerra elektroniko eta aireko operazioetarako radar eta instalazio aurreratuaenak. Irlan egin ditugun zeharkaldietan argi ikusi dugu zein neurrikoa den espazio urri honen militarizazio maila.

Guzti honen aurrean, gertatzen dena ikusi, ezagutu eta zabaltzea dagokigu. Tokian toki lanean ari diren elkarte eta pertsona kritikoak ezagutu eta sareak josten hasi gara, guzti hau aldatu nahi dugulako.

Mediterraneoan aukera bat dugu, beste jendarte bat eraikitzeko klabea izango baita, baina horretarako itsasoko mugak suntsitu eta herritarren harremanetarako gune bihurtu beharko du.

Mediterraneoa ala barbariea!

*Ruth Ayllon eta Beñat Irasuegi Harresirik Gabeko Lurraldeak ekimeneko kideak dira.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Migrazioa kanaletik interesatuko zaizu...
2018-09-30 | Z. Oleaga
Mamadou Oury Diallo
"Nire bizitza beste askorena da"

Mamadou Ouryren bizitza oztopo lazgarrien kate baten eta horiek gainditzearen lekukotasuna da. Jaiotzetiko pobrezia Ginea Konakryn, Europara bidaia pateran, Almeriako plastikozko itsasoa, Arabako adingabeen zentroetako tratu txarrak eta kanporatze saiakera ilegalak, bizileku-baimena lortzeko ezin konta traba. Lekukotasun hau milioika pertsonaren historia konpartitua da. Atzo bezala, gaur ere bai.


2018-09-30 | Edu León
Exodo isila

Irudi hau erraz ager liteke Europako edozein egunkaritan. Bideak urratutako oinak, haizea eta eguzkiak erretako musuak, maletari tiraka doazen familiak sorterria atzean dutela… Elementu berdinak Balkanetan 2015eko udan ikusi genituenak. Baina oraingoan ez dago oihartzun mediatikorik, soilik isilpeko irteera masiboa, venezuelar azentua duena.


2018-09-19 | ARGIA
Jaurlaritzaren proposamena Europari
Migratzaileak herrialdearen diru-sarreren, biztanle kopuruaren eta langabeziaren arabera banatzea

Hiru ardatz dituen proposamena egin du Eusko Jaurlaritzak. Batetik, Share ekimena aurkeztuko dio Europar Batasunari, migratzaileen etorrerari modu “ordenatu eta solidarioan” erantzuteko; Espainiako Gobernuari ere hainbat neurri eskatuko dizkio; eta EAEn Migraziorako Itun Soziala bultzatuko du.


Eskola segregazioaren aurkako herri ekimen legegileari ezetz esan dio Jaurlaritzak

Herritarrek Eusko Legebiltzarrera eramandako lege proposamenak 17.000 sinadura lortu ditu (10.000 da aurkeztu ahal izateko gutxienekoa) eta alderdi politiko gehienen babesa du: eskola segregazioa gainditzeko zortzi neurri zehazten ditu ekimenak, baina berau tramitatzearen aurka agertu da Eusko Jaurlaritza, eta beraz ziurrenik ez du aurrera egingo. Jaurlaritzak arrazoitu du Hezkuntza Lege berrian helduko diotela gaiari.


Bilboko harrera sareak migranteentzako baliabide gehiago behar direla berretsi du

Ekainetik errepikatu den egoera bat gurean betirako geratuko delakoan gaude, migratzaileei harrera egiten herritar antolatuak. Ekaina amaieratik, pateran heldutako ehunaka afrikar Bilbora lekualdatuak izan dira.


2018-09-16 | Reyes Ilintxeta
Raúl de la Fuente, infernuetarako bidaiaria
"Afrikan oso zuria sentitzen zara, nahi eta nahi ez pribilegiatu"

Hogei film dokumentaletan munduan dauden infernu lazgarrienak erakutsi dizkigu. Orain, bera bezala Afrikako sufrimenduaren lekuko izan zen Ryszard Kapuściński idazle poloniarrari buruzko film berezia emango du Donostiako Zinemaldian eta ikusleek ematen duten Donostia Hiria Publikoaren Sarirako lehiatuko da.


Txantxarrekan dauden migranteak elkartasun gaueko izarrak

Ostegunean Donostiako Txantxarreka gaztetxeak errefuxiatuen aldeko kontzertua antolatu du Dokan deirua bildu eta hilabete baino gehiago abian daramaten proiektuarekin aurrera jarraitzeko.


2018-09-13 | Nahia Ibarzabal
Errefuxiatu eta asilo eskatzaileentzako zentroa irekiko dute Oñatin

100 lagunentzako lekua izango du Jaurlaritzak irailean irekiko duen zentroak. CEAR Euskadik eta Enplegu eta Politiketarako sailak kudeatuko dute.


Juncker Europaren blindatzea prestatzen ari da mugetako polizia berria sortuz

Europako Batzordeko presidenteak proposatu duen mugetako polizia honek bi helburu izango ditu: migratzaileen etorrera kontrolatzea eta, politikoki, atzerritarren aurkako eskuin muturreko jarrerak apaltzen saiatzea.


Arrazakeriaren aurkako golak

Futbolaren aurpegirik distiratsu eta era berean lokaztuena erakutsi ohi digute hedabideek. Zirkua negozio. Asko dira, baina, futbolak herriarena izan behar duela aldarrikatzen duten zaleak, eta balore batzuk sustatzeko erreminta ona dela pentsatzen dutenak.


Eguneraketa berriak daude