Kristau Eskolako eta AICE-IZEAko 5.000 irakaslek egin dute greba, ELAren arabera

  • Urriaren 17tik 19ra lanuztera deitu dute ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek. "Jarraipen oso zabala" izan du lehen egunak, %70ekoa, ELAko ordezkari Miren Zubizarretak baieztatu duenez. Sindikatuek hitzarmen berri baterako negoziatzea eskatzen diete patronalei, eta emaitzarik ezean, abenduan beste bost greba egun egingo dituzte.


2023ko urriaren 17an - 10:51
Kristau Eskolako eta AICE-IZEAko irakasleek hiru greba egun dituzte aste honetan. / Argazkia: ELA sindikatua.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 200 ikastetxetako 130.000 ikasleri eragin die grebak. Kristau Eskolako eta AICE-IZEA Irakaskuntza Zentroen Elkarte Autonomoko 9.000 irakasle deitu ditu grebara gehiengo sindikalak, eta "%70 langile ingururen jarraipen oso zabala" izan du lehen egunak, ELAko ordezkari Miren Zubizarretak ziurtatu duenez. Gizarte ekimeneko itunpeko eskoletako patronalei (Ikastolen Elkarteari izan ezik) hitzarmen berri bat negoziatzeko eskatu diete ELA, Steilas, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek.

Mobilizazioak antolatu dituzte greba egunetan, urriaren 17tik 19ra bitarte, guztiak 11:00etan hasita: asteartean Bilbon egin dute, eta Zubizarretak jakinarazi du 5.000 irakasle inguru batu direla protestara. Asteazkenean Gasteizen egingo dute manifestazioa, Egibidetik (Bilbo plaza) abiatuta, eta ostegunean Donostian, Aldapeta Maria ikastetxetik.

Apirilaren 25ean egindako greba egunak baino jarraipen zabalagoa izan du oraingoak, Zubizarretaren esanetan: "Horrek erakusten du langileriaren kezka eta arazoak errealak direla". Hitzarmen berria "lehenbailehen" egiteko eskatu die patronalei, eta Eusko Jaurlaritzari ere lan gatazka honen irtenbidean "aktiboki parte har dezala" galdegin dio, "bera baita hezkuntzako sare honetako langileen azken arduraduna ere".

Sindikatuek patronalen “immobilismoa” salatu dute, eta lanuzte hauen ostean negoziazioak berrekin ezean, beste bost greba egun deitu dituzte, abenduaren 11tik 15era. 2022ko maiatzean hasi zituzten negoziazioak, baina 2023ko otsailaren 2an egin zuten azken bilera, eta ordutik ez dute aurrerapenik egin. Pasa den apirilaren 25ean ere greba eguna izan zuten itunpeko ikastetxe hauek.

KPIaren araberako soldata igoera

Gehiengo sindikalak lan hitzarmen berri bat eskatu du, prekaritateari aurre egiteko eta hezkuntzaren kalitatea bermatzeko. Besteak beste, neurri hauek eskatzen dituzte: lan karga arintzea eta ikasle bakoitzari arreta zuzena eta egokia emateko denbora gehiago ematea, lanpostuak finkatu eta mantentzea, Lanbide Heziketako zentroetan baldintzak hobetzea, eta euskara eta berdintasun planak zentro guztietan ezartzea.

Sindikatuek nahi duten hitzarmenean KPIaren igoeraren araberako soldaten igoera eskatzen dute: “Kristau Eskolak eta AICE-IZEAk soldata izozturik mantendu dute 2020tik, eta KPI %15,8 igo da eta bizitza izugarri garestitu. Patronalek entzungor egin dute, negoziazioa da irtenbidea!”, aldarrikatu dute. Gogorarazi behar da azken hitzarmena ere lan gatazka luzearen ondoren sinatu zutela patronalekin; hiru ikasturteetan 29 greba egun izan zituzten.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Hezkuntza
Greba arrakastatsua Nafarroako Hezkuntza Publikoan

Nafarroan hezkuntza publikoko milaka irakasle greba egitera daude deituta ostegun honetan eta mobilizazio ugari iragarri dituzte sindikatuek. Ratioen jaitsiera, plantillak egonkortu eta gainzama arintzea eskatzen dute, besteak beste: "Gobernuari dagokio hezkuntza publikoa... [+]


EHUn euskaraz ikasi nahi eta gaztelaniaz egitera behartuta

Filosofiako laugarren mailan, EHUn, nahitaez ikasgairen bat gaztelaniaz hautatu behar dute ikasleek, ez baitago nahikoa ikasgai euskaraz. Gaztelaniazko ikasleek ez dute arazo hori, eta bitxia da, euskarazko ikasle gehiago dagoelako gaztelaniazkoak baino. Beste karrera batzuetan... [+]


2024-09-24 | Euskal Irratiak
Bost urte euskara hutsezko lehen haurtzaindegia sortu zela Baxe Nafarroan

Larunbatean ospatu dituzte Ttinka mikro haurtzaindegiaren bost urteak Lakarran. Baxe Nafarroko euskara hutsezko egitura bakarra da, Euskararen Erakunde Publikoaren B ziurtagiriduna.


Ikastetxeetan mugikorra debekatzeko eskatu diote guraso taldeek Jaurlaritzari

Ikastetxeak mugikorrik gabeko arnasgune izan daitezen araudia sortzeko eskatu diote Eusko Jaurlaritzari hainbat guraso taldek, gutun bidez eta sinadura bilketa abiatuta. Gaur gaurkoz, eskola bakoitzaren bizkar dago erabakia: mugikorra onartu ala ez eta zein baldintzatan... [+]


2024-09-18 | Sustatu
Ikusgela 2024-25 ikasturtean: euskal kultura, historia, eta buletin berria

Ikusgela proiektuak, hezkuntzarako ikus-entzunezko materiala lantzeko wikiekimenak, hirugarren ikasturteari ekin dio gaur. Orain arte 92 bideo argitaratu baditu ere, ikasturte honetan maiztasuna handituko du, astearte eta ostegunero bideo bat aterako du eta irailetik maiatzera... [+]


Ikasteko teknika desegokiak erabiltzen dituzte gazteek

Lezioa buruz ikastea, norbere eskemak eta laburpenak egitea, azpimarratzea, beste norbaiti lezioa azaltzea… Ikasteko teknika ugari dago, baina DBHko ikasleek ez dituzte egokienak erabiltzen, ikerketa baten arabera, eta azterketa sistemak badu zerikusirik horretan. Ikasle... [+]


Ikasgelan harreman sanoak elikatzeko programan parte hartzen dute Nafarroako 67 ikastetxek

Bullying kasuetara ez iristeko onena elkarren arteko tratu onak sustatzea dela sinetsita, Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzako 67 ikastetxek parte hartzen dute Nafarroako Laguntza programan. Ikasleekin enpatia, bizikidetza, komunikazio asertiboa… lantzeko prestatzen... [+]


2024-09-11 | Tere Maldonado
Hezkuntza sailburuari gutun irekia (eta II)

Andere agurgarria:

Zer moduz uda? Ondo espero dut. Oraingo honetan, harira joango naiz, zure baimenarekin.

Dakizunez, merkatu ultra-liberalenen berezko lehia-logikan sartuta, ikastetxeek era guztietako "proiektuak" abiarazi behar dituzte. Jakin behar duzu... [+]


Instituturako jauziak ere egokitzapena behar du

Ume txikienen eskola-egokitzapenaz asko hitz egiten da, baina instituturako saltoa ere ez da xamurra: hormonak dantzan eta norbere beldur eta mamuak airean, Lehen Hezkuntzan babestuago egotetik ikasteredu zurrunagora igarotzen dira gazteak. Bide horretan laguntzea inportantea... [+]


2024-09-09 | Ahotsa.info
Hezkuntzako sindikatuek irailaren 26rako greba deialdia aurkeztu dute Nafarroan

Nafarroako Foru Komunitateko hezkuntza publikoko sindikatuek (STEILAS, ANPE, AFAPNA, LAB, CCOO, ELA eta UGT) 2024ko irailaren 26ko ostegunerako greba deialdia aurkeztu dute Hezkuntza Departamentuko erregistroan.


Mugikortasun arazoak dituzten haurrekin baso-eskolara: beldurrak eta mugak gainditzen

Mugitzeko eta ibiltzeko zailtasunak dituzten 5 urteko bi ikasleri asteroko baso-eskola saioa egokitu zaie Irungo ikastetxean: muga eta beldur artean hasitako erronkak onura, garapen eta ikasketa handiak izan ditu. "Oso babestuta dauden ikasleak dira eta basoan aske uzteak... [+]


Harrera bizkorreko gelak etorri berrientzat

Eroriko askoren artean badira lorpenak ere. 35 urte inguruko ama gazte batek galdetzen zidan aurreko batean nola arraio lortzen zuten beraien eskolan etxean euskara jaso ez zuten ikaskideek etxetik euskaldunak ziren neska-mutikoek bezain ongi ikastea eta hitz egitea euskaraz... [+]


Eguneraketa berriak daude