Konponbide goseak kaleak bete ditu Donostian

Itsaso Zubiria Etxeberria @itsasozubiria
2015eko urtarrilaren 17a
Milaka pertsona Donostian. (Arg: Dani Blanco/Argia)

Jendez gainezka ikusi ditugu Donostiako kaleak lehen irudietan, 17:00etan Antiguako tuneletik ekin behar zion manifestazioa hasi aurretik, eta hala izan da ibilbide guztian zehar; martxaren burutik isatsa ikusten ez zela. Herritarrek Espainiaren azken operazioari erantzuna eman diote. Eta han ziren, baita ere, azken polizia operazioan atxilotutako abokatuak ere, txaloz besarkatuta eta babestuta.

Hogeita zortzi eragilek egindako deialdia izan da, eta hauek adierazi dute manifestazioan bildutako elkartasun dirua Sare herritarra plataformarentzat bideratuko dutela. Halaber, Guardia Zibilari astelehenean LABen egoitzatik hartutako dirua bueltatzeko oihuren bat edo beste aditu da Donostiako kaleetan.

Adierazpenak egin dituzte manifestazioa hasi aurretik Ainhoa Etxaidek (LAB), Txiki Muñozek (ELA) eta Oskar Matutek (EH Bildu), Maider Alustizak (Etxerat), eta azpimarratu dute euskal gatazkari konponbidea emateko estatu espainiarraren nahi eza. Etxaidek adierazi du horrez gain, Jaurlaritzaren “lidergo falta”, eta Matutek berriz esan du, “estatu demokratiko batek ez dituela abokatuak atxilotzen, herritarren dirua lapurtzen eta elkartasuna zigortzen; baina Espainiako estatua ez da demokratikoa”.

Pankarta nagusiari helduta joan dira ibilbide guztian zehar martxaren deitzaileetako ordezkariak, eta bulebarrean egin dute azken ekitaldia; oraindik milaka eta milaka Artzai Onaren katedralaren parera ere iritsi gabe zirela. Hitzartzean operazioaren salatu dute, “sarekada ekidingarria zela eta behar izan balitz epailearen aurrera joateko prest zirela”, eta astelehenekoak “izaera politikoa” daukala azpimarratu dute. Gordin hitz egin dute: “Espainiako Estatuak elkartasuna kriminalizatu eta lapurtu du”. Eta nabarmendu nahi izan dute “zurrunbilotik ateratzeko garaia dela, elkartasuna ez baita delitu”.

Oraindik zifra jakinik ez badago ere, hedabideren bat hasi da zenbakiak zabaltzen. Garak dio manifestazioan 33.000 pertsona egon direla.

Deialdira gehitu diren eragileak:

04/08 epaiketako kideak, abokatuak, AHT elkarlana, Alternatiba, Aralar, Bilgune Feminista, CGT, LNK Euskal Herria, CNT, Ezker Batua, Egiari Zor, EHE, EHNE, ELA, Eraiki Aralar, Ernai, Esait, ESK, STEE, Etxerat, Ezker Gogoa, Gazte Abertzaleak, Gite-Ipes, Goldatu, HIRU, Ikasle Abertzaleak, Ikasle Abertzaleak, Lokarri eta Sortu dira deitzaileak.

Argazki galeria Dani Blancoren eskutik.

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!


Abokatuen aurkako operazioa kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Eguneraketa berriak daude