Komunitateak zaintzatik ehuntzen

  • Otsailaren 26an Komunitateak eta bizi eredu berriak ehunduz izenburuko jardunaldia antolatu zuen UEUk zenbait ikerketa talderekin elkarlanean Gasteizko Oihaneder Euskararen Etxean. Krisi testuinguru honetan, talde, eragile eta herri mugimenduen artean gertatzen diren aliantzen inguruko solasaldia izan zen. Hiru mahai-inguru egin zituzten; lehenak, zaintza izan zuen erdigune. Gonbidatu moduan, Etxegabekotu gabeko emakume langileen taldea, Artea Sarea eta Batera Zaindu zaintza sarea izan genituen.


2021eko martxoaren 02an - 13:39
Argazkia: UEU

Egun bizitzen ari garen krisi eta aldaketen testuinguruan ekimen eta aliantza berriak sortzen ari direnaren ustetik abiatzen da jardunaldi hau. Azken urteetan garaturiko ikerketetan, elkar aritzeko, harremantzeko eta eragiteko modu berriak gauzatzen ari direla baieztatu da. Ikastaro honetan horri erreparatu nahi izan diote eta horretarako, zaintza, sozioekologia eta autogestioa jarri dituzte erdigunean hiru mahai-ingururekin. Mari Luz Esteban (Gizarte Antropologiako irakaslea EHUn), Marta Luxan (Soziologia II saileko kidea EHUn), Andere Ormanazal (Politika eta Administrazio Zientzia saileko kidea EHUn) eta Ainara Santamaria (Ikus-entzunezko Komunikazioa eta Publizitate saileko kidea EHUn) aritu dira moderatzaile eta aurkezpen lanetan.

Hogeita bost lagun inguru bildu ginen ostiral goizean. Jardunaldiari hasiera emateko, Marta Luxan eta Mari Luz Estebanek jardunaldiaren egitaraua eta helburuak aurkeztu zituzten. “Presentzialtasuna politikoa da”, esaldiarekin hasi zen Mari Luz; garai hauetan elkarrekin egotearen garrantzia azpimarratu zuten hasieratik.

Hasteko, 2018an Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin lau ikerketa talde ezberdinek (AFIT, NOR, EKOPOL eta PARTE­-HARTUZ) Komunitateak ehunduz herri ekimenetatik ikerketa proiektuari ekin ziotela azaldu zuten. Guztira hogeitabat ikertzaile aritu ziren otsail-azaro bitartean, “azken urteotan bizitzen ari ginen krisi eta gizarte-aldaketa testuinguruan, talde, eragile eta herri mugimenduen artean garatzen ari ziren elkarguneak eta prozesu komunak aztertzen”. Mugimendu eta ekimen ezberdinak aztertu zituzten: emakumeen etxeak, talde feministak, euskara sustatzeko ekimenak, arrazismoaren aurkako ekimenak, sozioekologiako ekimenak, pentsiodunen mugimendua…

Gaur egun ordea, ikertzaile talde honek lanean jarraitzen du, bereziki, pandemiak eremu honetan izandako eragina aztertuz. Marta Luxanek zioen moduan, “goiz da, baina interesgarria da dagoeneko pandemiak izan dituen eraginak aztertzen hastea”. Ikertzaileentzat garrantzitsua da egiten ari direna gizartearekin kontrastatzea eta hori bilatu dute jardunaldi hauetan.

Goizeko lehen mahai-inguruak zaintza izan zuen erdigune eta solaskide moduan Etxekotu gabeko emakume langileen taldeko Liz Quitana eta Mariana Urcuyo, “Arte Sarea” esperientziako Olatz Talavera eta Gasteizko Batera zaintza sareko Judimendi auzoko Miren Txurruka izan genituen. Marta Luxan aritu zen dinamitzaile.

Komunitateak ehuntzen zaintzatik

Gonbidatutako hiru elkarteek zaintza zuten elkargune, baina bakoitzak errealitate, esperientzia eta ikuspuntu desberdinak jarri zituen mahai gainean. Etxekotu gabeko emakume langileak taldea 2018an sortu zen, Bilbon etxeko eta zaintzako langileekin ikerketa parte-hartzaile bat abiatu zenean, prozesua amaitu ondoren talde honek aurrera jarraitzea erabaki zuen. Gehienak migratzaileak dira, eta zaintza eremuko langileez eta aktibista gutxi batzuez osatuta dago. Artea Sarea beste mugimendu batzuetatik datozen pertsonek osatzen dute. Errefuxiatuei harrera egitean zentratzen da haien jarduna eta horretarako, etxebizitza komunitarioak eta enpresa kooperatiboak dituzte. Batera zaintza sarea Gasteizen konfinamenduarekin batera sortutako beharrak asetzeko ekimena izan da, eta guztira 2.500 kidek hartu dute parte. Marta Luxanek galdera desberdinak luzatu zizkien mahaikideei: 

Zeintzuk izan dira Baterak komunitatea ehuntzeari egindako ekarpenak?

Mireni Txurrukak argi izan zuen erantzuna: “Komunitate zaintza eta komunitate ezagutza irabazi dugu honekin”. Instituzioek beteko ez zituen lan horiek egitea zen haien hasierako helburua, hau da, “zaintza kolektibizatzea”. Erosketak egiteko laguntza emateaz gain, bakarrik bizi zirenekin hitz egiten zuten, San Prudentzioko danborrada ere antolatu zen, baita aisialdirako ekimenak eta komertzio txikietan kontsumitzeko kanpaina bat ere. 

Zer nolako gogoeta egiten duzue zaintzaren inguruan? Zein izan da Covid-19aren eragina?

Mariana Urcuyok argi utzi zigun haien errealitatea zein den. Haien proposamena hausnarketa kolektiboa egitea da, zaintza denon ardura delako. Baldintzak hobetzeaz harago, politika publikoen eta instituzionalizazioaren beharra aldarrikatu zuten. “Zuk zaintzen nauzu eta nik ere zaintzen zaitut”, inplikazioa eta koerantzukizuna beharrezkoak direla ere azpimarratu zuen. Osasun krisialdi honetan, emakume hauek izan dira ondorioak gehien pairatu dituzten kolektiboetako bat. Gizarteak babesik gabe utzi zituela eta haietaz arduratu ez zela salatu zuten. “Geratu zaitez etxean” leloaren aurrean, “zein etxe?” galdera bota zuen. Haietariko askok lana galdu eta etxerik gabe geratu ziren, eta beste asko oso espazio txikietan bizi ziren. Haientzako konponbide propioak bilatu behar izan zituzten, haien artean babestuz.

Zaintzaren inguruko beste prosomen bat egiten dute Artea Sarekoek. “Harrera egiten duen eta harrera egiten zaionaren artean ez dago horizontaltasunik, eta hori gainditzeko lanean dihardugu”. “Gure herria epe luzerako elkartasunez osatzea” dute helburu. Arteako kideak komunitatean bizi dira eta  bertako produkzioa eta elikadura subiranotasuna garrantzitsuak dira haientzat, horregatik enpresa sozialak sortu dituzte. Dendatxoa ere badute, eta hori irekita mantentzeko aukera izan dute pandemia garaian. Hala ere, pandemiak izandako eraginak agerian utzi zituen Olatzek: “COVID-19ak pertsonak hiltzen ditu, baina horri aurre egiteko neurriek kolektiboa hiltzen dute”.

Aliantzen garrantziaz 

Baterako kideak kontatu zuenez, konfinamendua amaitu zenean eman zioten amaiera ekimenari. Baina bizilagunei zabaldutako mezua argia izan zen: “Auzoan ikusiko dugu elkar”. Auzoan dauden behar desberdinak detektatzen ari dira eta horretarako kolektibo desberdinekin daude harremanetan, diagnostiko bat egiteko asmoz. Zenbait pertsonek dituzten beharrei erantzuteko gaitasun eza ere sentitu dutela adierazi zuen Mirenek eta horregatik gizarte zerbitzuekin harremanetan jarri behar izan dutela azaldu zuen, "guk ez dugu instituzioen lana egin nahi".

Olatz Talaveraren arabera, Artean bidean topatzen direnekin sortzen dituzte aliantzak modu naturalean. Haientzat garrantzitsuak dira feminismoa, ekologismoa, antiarrazismoa…Puntu amankomun horietan elkartzen dira. Esaterako, proiektu berri bat daukate eskuartean: Basoa. Defendatzaile eta aktibisten babeserako etxea sortu nahi dute, elikatzeko espazioen beharra sentitu baitute.

Azkenik, Etxekotu gabeko emakume langileak taldeak aliantzen aldeko apustua egiten duela esan zuen, baina barne zein kanpo aliantzak daudela azpimarratu nahi izan zuten. Emaitzetan baino prozesuetan zentratu nahi dute, bidea norekin eta nola egingo duten pentsatzen dute maiz. Hala ere, aliantzen idealizazioaz ere hitz egin zuten, askotan hauek zailak izaten baitira eta esfortzu handiak eskatzen baitituzte. "Oreka bilatu beharra dago"; aliantza horizontalak sortzeko ahaleginak egiten saiatzen dira. Osasun krisialdi honetan, elkarte eta kolektibo ugarirekin egon dira harremanetan.

Aniztasunaren kudeaketa erronka handia da

Nola kudeatu aniztasuna? galderari dagokionez, ekarpen interesgarriak egin zituzten eta denek afera hau erronka handitzat identifikatu zuten. Artea Sareko kideak kontatu zuen dena zalantzan jarri beharra dagoela ikasi duela. “Hitz eginez, kontsentsuz eta akordioetara iritsiz kudeatzen dugu”. Konfiantzan eta errespetuan oinarritzen dela adierazi zuen, haientzat elkar zaintza ezinbestekoa baita. “Zapalduen artean ez bagara zaintzen, jango gaituzte. Utopikoak gara, baina erabat inperfektuak” esaldiarekin amaitu zuen hitzartzea.

“Berrasmatzen ari gara etengabe. Etengabe ikasten. Ez gara emaitzekin itsutzen, bidea da guretzat garrantzitsua”, adierazi zuen Mariana Urcuyok. Haien kasuan, kide bakoitzak ordutegi, bizimodu eta aukera desberdinak ditu. Denak egotea nahi dute, baina bakoitzak dituen motibazio eta aukerak errespetatuz. Espazioak eta emandako pausoak zaintzeko garrantzia azaleratu zuten, eraikuntza kolektiboan ari direlako.

Amaitzeko, Miren Txurrukak haien sarea oso anitza izan dela kontatu zuen. 2.500 kide izan dira jatorri, adin eta egoera ezberdinetakoak. Haientzat aniztasuna indargune bat izan da, eta esperientzia oso aberasgarri egin du.

Solasaldiak hiru talde hauen jarduna ezagutzeko balio izan zuen, baita gaur egungo testuinguru honek izan dituen eraginak jakinarazteko ere. Liz Quintanak esan zuen moduan, "zaintza ez da arazoa, beste arazo batzuen isla baizik". Afera asko gurutzatu dira mahai-inguru honetan eta zaintzaren problematikara gerturatzeko aukera izan dugu hainbat ikuspuntu eta esperientziatik.

Hala, amaitutzat eman genuen lehen mahai-ingurua. Egitarauari jarraituz, hamaiketakoa eskaini ziguten eraikineko tabernan eta ondoren, bigarren mahai-inguruari ekin genion: Komunitateak ehuntzen sozioekologiatik. Bazkal ostean, azken mahai-ingurua izan genuen. Hirugarren honek, autogestioa ekarri zuen erdigunera.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Elkartasuna
ARGIAren salaketak oihartzun zabala izan du hedabideetan

Solway Investment Group meatze-enpresak ARGIA mehatxatu arren, 15.000 euro ordaintzeari eta Paolina Albaniri egindako elkarrizketa ezabatzeari uko egin dio. Hedabide, erakunde eta eragile andanak babestu dute erabakia, eta dozenaka elkartasun eta babes mezu ikusi dira sareetan.


2022-10-14 | Aitor Aspuru Saez
Itziar Ituñok film kurdu berria grabatu du Bizkaian

Metin Yegin zinemagile kurduaren eskutik 3 Fraue 1 Streik proiektuaren zenbait pasarte antzeztu zituen Gordexolan irailaren amaieran. 1973an Alemanian gertatutako greba batean oinarrituta dago pelikula.


2022-10-06 | Axier Lopez
'Amapatxa' liburu-egitasmoa, Amazoniako Shipibo-Konibo komunitatea laguntzeko asmoz

Ion Brakamonte Unanue zumaiar musikari eta irakasleak ia Amerika osoa zeharkatu zuen bi urte eta erdiz (2018-2021), Argentinatik hasi eta AEBetara arte. Bidaiaren bizipenak biltzen dituen Amapatxa. Amets bat, bide bat liburua kaleratzeko crowdfundinga jarri du martxan... [+]


Eguneraketa berriak daude