Kolegioan ere ele bitan ikasten jarraitzera hauspotu dituzte ikasle eta gurasoak

  • Ipar Euskal Herrian, Lehen Mailan, 5.700 ikaslek ikasten dute euskaraz eta frantsesez. Kolegioan, berriz, 1.600 ikaslek egiten dute hautu hori. Pirinio Atlantikoetako Departamenduak, Frantziako Hezkuntza Ministerioak eta Euskararen Erakunde Publikoak Kolegioan euskaraz, etorkizuneko erronka komunikazio kanpaina abiatu dute.

Kanpainaren aurkezpena. Argazkia: Euskal Irratiak.

2023ko abenduaren 11n - 11:26

Ikasleak eta gurasoak konbentzitu nahi dituzte, Lehen Maila egin ondoren, kolegiora jotakoan ere, ele biko hizkuntza eredua aukeratu dezaten. Maila batetik besterako bidean, ikasle askok ez du aukeratzen ele biko ereduan segitzea. Aukerak, berriz, badira. Ipar Euskal Herriko hemezortzi kolegioetatik hamabostek proposatzen dute aukera elebiduna.

Marie Delpech hezkuntza ikuskaria da eta Euskal Irratiei adierazi die ikasleek eta gurasoek kezkak eta beldurrak izaten dituztela ikasketetan aurrera egin ahala bi hizkuntzetako irakaskuntzan jarraitzeko: “Egia da, irakaskuntzak euskaraz proposatuak direlarik eta familiak euskaldunak ez direlarik, beldur hori sortzen da. Kanpaina egina da, justuki, kezkei erantzuteko: nola lagundu haurra kolegiora pasatzen delarik, eman dezagun etxeko lanak egiteko edo segurtatu haurrak eskolako ibilbide baikorra izanen duela nahiz eta euskaraz segitu”.

Kanpainan hiru bideo erabiliko dituzte, eta paperean eta sarean zabalduko den liburuxka bat izango du. Euskarriotan euskararen aldeko hautua egin dezaten edo egiten jarrai dezaten eskatuko zaie ikasle eta gurasoei. Mezuaz gain, informazio ugari izango dute, ele biko irakaskuntzaren ingurukoa. Dena den, Delpechek ele biko eredua emendatzeko oztopo bat aipatu die Euskal Irratiei. Gaur egun irakasle diren asko ez dira euskal hiztunak, eta beraz, ezin dute euskarazko irakaskuntzarik eskaini. Egoera honela deskribatu du Marie Delpech ikuskariak: “Ez baita momentukoz irakaslerik euskaraz formatu nahi duenik, edo ez da irakaslerik erretiratuko denik, eta beraz, ikastetxe horietan ez daitezke perfilatu lanpostuok. Baina Hezkunde Nazionaletik bada borondate azkar bat horretara joateko”.

Euskal Hirigune Elkargoak haurtzaindegietan ele biko eskaintza bultzatzea onartu du

Kazeta.eus hedabideak jaso du abenduaren 9ko hautetsien kontseiluaren bilkura. Bil Gaiten talde politikoak zuzenketa aurkeztu du eta aldeko 164 bozkarekin aurrera atera da. 24 abstentzio eta kontrako lau boto izan dira. Egoitz Urrutikoetxea Bil Gaiten taldeko ordezkariak “haurtzaindegien labelizatzea orokortzea” proposatu zuen bilkuran, “haurren euskarazko eta gaskoierazko harrera elebidun eta murgiltzaile bat bultzatzeko”.

Pantailan Egoitz Urrutikoetxea, Bil Gaiten talde politikoko kidea hizketan. Argazkia: Euskal Irratiak.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskara Ipar EHn
2024-04-18 | Euskal Irratiak
Tulalaika besta, Xiberoako ikastolei bultzada emateko

Hirugarren urtez Xiberoako ikastolei bultzada emanen die Tulalaika bestak.


2024-04-10 | Euskal Irratiak
Hur Gorostiaga
"Behotegik berak adierazi du euskara ez dela lehentasuna"

Aitzinkontua ez emendatzea bozkatu du Euskararen Erakunde Publikoak. Iazko bera izanen da, lau milioi t'erdi inguru. Horrek Euskalgintzako hainbat sektoreren kexua piztu du, eta EEPren izatea zalantzan jarri dute, gaur egun, tresna baliagarria ez delakoan. Hur Gorostiaga... [+]


Eguneraketa berriak daude