Kaia, jaia eta iraultza alaia, aurtengo Donostiako Piraten aldarri

  • 'Kaia, jaia eta iraultza alaia' leloarekin emango diote ongi etorria Donostiako Piratek aurtengo Aste Nagusi Piratari, abuztuak 11tik 19ra bitartean. Hiru zutabe hauetan sustraituz, egitarau oparoarekin ospatuko ditu mugimenduak jai herrikoi, euskaldun eta askeak, txupinazotik hasita, irrikitaldiraino.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2018ko abuztuaren 03an - 09:24
Kaia, jaia eta iraultza alaia 

Leloaren bidez, jaiaren erdigunea den kaiko eremua aldarrikatu nahi dute Piratek. Izan ere, urtez urte kaia erabiltzeko jasan beharreko oztopoak gogora ekarri nahi ditu mugimenduak. Aurten, esaterako, udan zehar luzatuko diren lonjaren berrikuntza lanek jaigunea birplanteatzera bideratu ditu Piratak. 

Kontzertuetarako eszenatokia berdin mantendu arren, aurreko urteetan Lasta gunea gisa ezagututako eremuan txosna jarriko dute. Bertan eszenatoki txiki bat montatuko da ere. Hortaz, kontzertu eta txosnagune guzti hau izango da Flamenka Gunea, eta Lasta gunea desagertuko da. Aldaketa hauek segurtasun protokolo berria osatzera bideratu ditu Piratak. 

Gogoratu, lonjaren eraberritze lanak, Eusko Jaurlaritzak Donostiako udalarekin batera adostutako proiektu batean oinarritzen direla. 1,5 milioi euroko kostua daukan egitasmoak lonja hiru eremutan banatzea dauka helburu: arrantza jarduera, kirol portua eta baxurako arrantzaren balorazio zentroa. 

Obrak eta tasen ordainketa tarteko, Donostiako Piratek kaian jarraituko dutela adierazi nahi dute, jai giroa eta aldarrikapena uztartuz. Esaterako, Donostiako Piratek gogoz abordatuko dute Dono$tia, abuztuaren 13an, astelehenean. Dagoeneko parte-hartzaileek izena eman dezakete lotura honen bidez: www.donostiakopiratak.eus/abordatzea/izen-emateak/. Adi, hiru txanda baino ez direlako egongo baltsa montatzeko, 10:00tik 14:00ra bitartean. Horrez gain, berrikuntza gisa, abordatze eguneko bazkaria Flamenkan egingo da. Txartelak Trikuharri (Antiguo), Kata (Egia) eta Rekalde (Alde Zaharra) tabernetan salgai egongo dira eta abordatze egunean kaian bertan eskuratzeko aukera egongo da ere.

Feminismoa ala ezer ez 

Donostiako Piratek mezu irmoa adierazi nahi dute: argi utzi nahi dute jai gune aske bat eraiki nahi dutela eta sexu erasorik ez dela onartuko. Horren harira, mugimenduak Zirgari lantalde berriari eman dio ongietorria urtean zehar. Lantaldeak sexu erasoen aurkako protokoloaren lanketa sakondu eta egituratu du. Aurten ere salaketarako telefonoa aktibo egongo da Aste Nagusi osoan zehar: 664 164 408. Horrez gain, Puntu Morea estreinatuko da Flamenka gunetik gertu, gauero 23:30tatik 04:00tara. Eremu honek egon daitezkeen erasoei erantzun azkar bat ematea izango du helburu, erasotuari dagokion babesa eskainita. 

Bestalde, nabarmentzekoa da musika egitarauan urtez urte eramaten den emakumeen aldeko apostua. Horren adibide da aurtengoan hamabost taldeetatik hamaikatan emakumeon presentzia nabaria dela: Fan&Go, The Capaces, Skakeitan, Ezetaerre, Krii Kolektiboa, Mad Muasel, Niña Coyote eta Chico Tornado, Mice, Olatz Salvador, Serrulla, Belako. Zentzu horretan, Donostiako Piratek adierazi nahi dute Krii Kolektiboa Flamenka gunean programatzea sinbolikoki aurtengo erronka nagusietako bat izan dela. Izan ere, “Frances Be”, “Eddie Mae” eta “Les Alsborregach” DJ-ek osatzen duten Krii Kolektiboak musika elektronikoaren bitartez hiru ardatz lantzea dauka helburu: emakumeen segurtasuna eta askatasuna dantzalekuetan, musika elektronikoaren programazioa emakume perspektibatik eta emakumeak estilo horretan ahalduntzeko hezkuntza zein elkarbanatze saioak.

Hamabi kofradia, hamaika ekimen 

Musikaz harago, hainbat adierazpen kulturalek osatuko dute Donostiako Piraten egitarau oparoa, mugimendua osatzen duten hamabi kofradiek ekimen ugari prest dauzkatelako. Jaia lau haizetara zabalduko dute, Donostiako auzo ezberdinak jai giroan murgilduz. Ezin ahaztu ere, Trinitate enparantzan, gauero eskainiko diren afari goxoak, 21:00tik aurrera. Mikel Karton, Lur Korta, Kilimak, Physis Vs. Nomos eta Bi Zaldi, Sara Azurza, Ainhoa Larrañaga eta Iker Lauroba edota La Jodederak girotuko dituzte afaloste eder hauek. Hemen behean, Kofradia ezberdinek Aste Nagusira gerturatuko diren Piratei luzatutako mezuak daude irakurgai. 

AINGURA KOFRADIA: “Aurten BiziFesta izango da gure egitarauaren ekimen nagusia, Donostiako gune autogestionatu desberdinetatik igarotzen den bizikleta-martxa. Ibilbidean zehar aldarrikapena, musika, mozorroak, kontzertuak eta ekimen gehiagoz gozatzeko aukera egongo da. Txantxarreka gaztetxetik emango diogu hasiera abuztuaren 16an 17:00tan. Hartu zure bizikleta eta animatu!” 

ESKANDALOSA: “Urtero bezala, asteazkenean alde zaharra girotzen eta eskandalizatzen jarraituko dugu txaranga eta joko ezberdinekin, ESKANDALIZATU ekimenaren bidez. Anima zaitezte!!” 

ESKIFAIA: “Aurten Eskifaian urteroko Koadrila jolasez gain garrantzi berezia emango diogu ostiraleko Gazte Egunari: bazkaria, jolasak eta askoz gehiago!!” 

JARANERO: “Auzolanak elkartu dituen talde anitza gara. Taldekidentzat ‘dantza ta iraultza’ da terapiarik sakonena, eta horregatik aurten rantxerak, tequila eta mojitoak ez dira faltako!” 

KALEPOZA: “Dibertsioa, barre-algara, adarra jotzea, trufa edo denuntzia egiteko aukerarik aproposena izango da PLAYBACK LEHIAKETA!!!” 

KANTAURI: “Euskal kulturatik abiatuta baina gure ere badiren beste hamaika kulturarekin erlazionatuz eta ikasiz, koplajurik gabe giro goxoan ondo pasatzeko kofradia da gurea.” 

PIRATA BIHURRIAK: “Haurrak jaiaren erdigune bihurtzen ditugu, hauei ere Aste Pirata oparoa eskainiz. Haurren egunean indarra jartzeaz gain igandean Erromeri zoragarria antolatzen dugu familia guztiarentzat Urgullen. Izan bihurri, izan pirata!” 

UBARROIAK: “Ubarroiok pausu bat emango dugu aurten aurrera eta asteartean Groseko Piraton eguna ospatuko dugu. Desobedientzia, umorea, parte hartzea!” 

XELEBREAK: “Gure bigarren urte honetan, FESTARA ekitaldia sartu nahi izan dugu, gaueko 12:00 Ikatz Kalean, abestea gustatzen bazaizu etorri zaitezte !!!! Astearte eguerdian, Kalejira herrikoia izango dugu, dantzatzea eta abestea gustatzen zaizuenentzat.” 

TRAGANARRUA: «Traganarruak aurten ere estankea abordatzera goaz! Bazkaria, zuzeneko musika eta jolasak Intxaurrondon! Horrez gain, bizifestan eta kaleetan zehar inguruak girotzen ibiliko gara.»

 

Albiste hau topatu.eus-ek argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Donostiako Piratak
2023-07-19 | Ilargi Manzanares
Aste Nagusi Pirataren bulkada eroa, abuztuaren 12tik 20ra

Aurtengo Aste Nagusi Pirata abuztuaren 12tik 20ra egingo da, eta jai herrikoi eta parte-hartzaileak aldarrikatuko ditu. Abordaia 14an egingo dute.


Hainbat kontzertu eta su artififzialak bertan behera utzi behar izan dituzte Donostiako Aste Nagusian

Donostiako Udalak eta Donostiako Piratak mugimenduak sare sozialen bidez jakinarazi zuten asteazken gaueko hainbat kontzertu eta su artifizialak bertan behera geratuko zirela. Haize-bolada indartsuengatik hartu zuten erabakia, herritarren segurtasuna bermatzeko. Zarauzko Udalak... [+]


Donostiako Piratek Abordatze jendetsua egin dute, hiru urteren ondoren

Bi urtez abordatze sinbolikoa egin ondoren, Abordatzea egin dute berriro ere Donostiako Piratek. Mugimenduak 20 urte bete ditu aurten eta hemeretzi joan dira lehen Abordatzetik. 2003ko abuztuaren 11n lehen aldiz itsasoratu eta espazio publikoaren erabilera komunitario eta librea... [+]


2022-07-21 | Irutxuloko Hitza
Zer kontzertu egongo dira Donostiako Piratetan?

Bi urteren ostean kontzertu egitarau indartsua prestatu dute Donostiako Piratek, Flamenka gunean. Erreferentziako gune bihurtu da musikazale eta festazaleentzat, eta, aurten ere, aukera zabala izango da, gustu guztientzako estiloekin, euskaraz eta parekidetasuna bermatzen... [+]


2022-07-14 | ARGIA
Donostiako Piraten kantu berria, 20. urteurrena ospatzeko

2003an abiatu zuten Piraten mugimendua Donostian, Aste Nagusiaren eredua ezbaian jarri eta jai herrikoiak aldarrikatzeko helburuz. Bi hamarkada geroago, berriz nabarmendu dute "jaia eraldaketa sozialerako tresnatzat" dutela, eta aurtengo ospakizunaren leloa ere horri... [+]


Eguneraketa berriak daude