Jungla

  • Calaisko “jungla” erraustekotan da. Urriko bigarren hamabostaldi honetan bertan bizi diren milaka emigrante Estatuko eskualdeetan barreiatzea deliberatu du frantses gobernamenduak. Berri pozgarria izan liteke txabola auzo horretako bizi baldintzak ezagutuz. Alta, jungla hustu eta desegitea ez da aterpetze politika duin baten abiapuntua, epe motz eta funtsik gabeko jokaldia baizik, hauteskunde aurreko interes politikoek gidaturik.


2016ko urriaren 25an - 10:16

Kanporaketa goaitatu gabe jungla uzten hasiak dira emigrante anitz beste nonbait gordetzeko, junglak eskaintzen zizkien antolaketa, azpiegitura, harreman sare eta seguritate minimoa galduz, bizi baldintzak gogorragoak pairatuz. Alabaina, Frantziak hilabete batzuetako “pausa” eskaintzen badie ere, emigranteek ontsa badakite gutxiengo tipi batek baizik ez duela lortuko bertan egoteko baimena. Gehiengoarentzat perspektiba iluna: espultsioa, abiapuntura itzultzeko mehatxua edo bizi herratua berriz hastea.

Europar Batasuneko estatuek seguritatezko problema gisa tratatu dituzte migrazio joan-etorriak azken hamarkadetan. Lanjer bat bezala ikusiak dira atzerritarrak eta haien etorrera nola edo hala oztopatu behar da. Alde batetik arazoa bere mugetatik kanpo atxikitzen saiatzen dute, lehen Libia edo Marokorekin, gaur egun Turkiarekin akordioak eginez, abantaila batzuen truke emigranteak bloka ditzaten. Bestalde, beren mugen barnean emigranteak etengabe presiopean atxiki, bildu, barreiatu, mugiarazi, atxilotu, kanporatu, hots, benetako ehiza antolatzen dute.

Frantzian aspaldidanik emigrante kopuru handienak iparraldeko itsasertzean kokatu dira, han blokeatuak baitira Ingalaterrara joan nahi dutenak. Hara doazen tren, kamioi eta ferryen jarioaren ertzean instalatu dira skuat eta kanpamenduak, gauero kosta ahala kosta, itsasoa zeharkatzen entseatzeko. Mugen hersteak ez ditu sekulan geldiarazi miseria, errepresioa, gerla eta gaur egun, gero eta gehiago klima aldaketatik ihes datozenak. Ez ditu migrazioen arrazoiak konpontzen, ondorioak aldiz larritzen ditu, arriskuak biderkatuz, trafikoak elikatuz, egoera lotsagarriak sortuz.  

Emigranteen egoera hobetzeko aspaldidanik esparru politiko osoa kutsatu duen Fronte Nazionaleko (FN) diskurtsoa baztertu beharko litzateke, emigranteari buruzko ikusmoldea aldatu, arazoaren oportunitate ekonomiko eta sozialak baloratu, funtsezko eskubideen errespetu eta balore humanitarioei lehentasuna eman... Ez gara batere horretan eta heldu diren frantses hauteskunde kanpainei begira, migrazio eta emigranteak betiko mamuak bezala erabiltzen hasiak dira frantses indar politiko handienak.

Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora

ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Iritzia
Materialismo histerikoa
Isilean


Materialismo histerikoa
Zainduta

Umea gelan eranzten utzi, eta ni lau minutuan jantzi naiz, bi pasa behar izan ditudalako pulamentuzko kulerorik ez dudala ohartzeko, eta souvenir moduan gordeta nituen norbaiten kaltzontziloak janzteko. Nik bakarrik jakingo dut galtzen azpian Spiderman daramadala. Hogeita bost... [+]


2024-05-12 | Diana Franco
Teknologia
Norbera izatea ahaztu

Oso gogoko dut zientzia fikzioa, genero honetan istorioak oso modu aldrebesean kontatuak izaten badira ere. Fikzioa erabiliz, dugun errealitate konplexua azaltzeko edota eraldatzeko modu berriak lantzen dira. Ocativa E. Butler zientzia fikziozko idazleak, elkarrizketa batean,... [+]


Eguneraketa berriak daude