Zergak saihestearen aurkako EBko politikak blokeatu zituen Junckerrek

  • Europako Batzordeko lehendakari Jean-Claude Junckerrek saihesbide fiskalen aurkako Europako politikak blokeatu zituen Luxenburgoko lehen ministro kargua zuenean, multinazionalen mesedetarako lan eginez, The Guardian egunkariak eta Ikerketa Kazetarien Nazioarteko Partzuergoak jakinarazi dutenez.


2017ko urtarrilaren 3an - 12:20
Jean-Claude Junckerrek Luxenburgoko Finantza ministro zela oztopatu zituen zerga saihestearen aurkako europar politikak (Arg.: Europako Alderdi Popularra-CC By)
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

1995 eta 2013 urteen artean Luxenburgoko lehen ministro izandakoak Europar Batasunak multinazionalen zerga saihesteen aurka eginiko lana oztopatu zuen, agerian geratu diren txostenen arabera. Lehen ministro izateaz gain, Finantza ministro ere izan zen, eta zerga politiketan interes handia jarri zuen.

Hainbat estatuk Enpresen Fiskalitatearen inguruko Jokabide Koderako Batzordean zuten lekua erabili zuten beren erregimen fiskalak babesteko, Europar Batasunak hitzartutako erabakien aurka eginez. Batzorde hori estatuen arteko borrokak eragozteko sortu zen 1998an, “gero eta botere handiagoa duten” enpresa multinazionalen interesen aurrean. Haiek zerga gutxiago ordaintzeko estatuen mugak zeharkatzen ibiltzen dira.

The Guardian-ek aipatutako iturrien arabera, batzorde horretan, erabakiak aho batez hartu behar dira baina estatuek akordioak blokeatzeko joera izaten dute.

Ahalegin zapuztuak

Estatu gehienen ahaleginak “atzeratu, desagerrarazi edo zapuztu” egin zituzten estatu kide txikienetako batzuek, Luxenburgok gidatuta askotan, The Guardian-ek azaldu duenez. Luxenburgok, besteak beste, kontra egin zion estatu kideen artean bakoitzak multinazionalei eskainitako akordioen inguruko informazio fiskala partekatzeko proposamenari, baita enpresen zerga saihsterako estrategiak ikertzeari ere.

Hau ez da politika fiskalekin lotutako Junckerren lehen eskandalua. 2014an Luxleaks edo “Luxenburgoko paperak” deritzonak argitaratzean estatuak 343 multinazionalekin zergak saihesteko eginiko ehunka akordio agerian geratu ziren.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Europako Batzordea
Eguneraketa berriak daude