Juan Mari Torrealdai zendu da

  • Minbiziak eraman du pentsalari euskaltzalea uztailaren 31 honetan. Gogoeta eta tresna anitz uzten dizkio euskalgintzari eta kulturgintzari Torrealdai kazetari, idazle, euskaltzain eta soziologoak.

Argazkia: Dani Blanco. Dani Blanco

2020ko uztailaren 30ean - 16:26
Zure babesik gabe independetzia ezinezkoa zaigu

Juan Mari Torrealdai hil da uztailaren 31 honetan, minbiziak eramanik. Kazetaria, idazlea, euskaltzaina, soziologoa… euskalgintzak, kulturgintzak eta Euskal Herriak euskaltzale handi bezain aberatsa galdu du 2020ko udako egun bero honetan.

Torrealdai 1942an sortu zen Foruan eta 30 urte zituela teologiako ikasketak hasi zituen Okzitaniako Tolosan. Ondotik, 1985ean Informazio Zientzietan lizentziatu zen EHUn eta euskaraz egindako lehen tesina aurkeztu zuen bertan, ETB eta euskaren arazoa izenburukoa. 1991an Soziologia eta Zientzia Politikoetan doktoregoa lortu zuen Deustuko Unibertsitatean, zentsura frankistaz (1936-1983) idatziz.

Bere burua soziologotzat zeukan. Bere burua aurkeztea galdetu eta erantzunean ondokoa zehaztu zuen Eusko Ikaskuntzak 1999an egindako elkarrizketan: "Kazetaritzan ibilia naiz baina nik soziologotzat jotzen dut neure burua. Beste batzuk, fikzioaren munduan ibiltzen dira. Ni, neu, errealitatearen azterketan murgildu ohi naiz".

2006ko urrian ARGIAri eskainiriko elkarrizketan luze eta zabal aritu zen Jakin aldizkariak egin ekarpenaz eta gerora ere ekarri beharrekoaz, gogoeta euskarazko kazetaritzara eta kulturgintzara ere zabalduz.

Euskalgintzan eta kulturgintzan buru-belarri aritutakoa delako Torrealdai, euskaraz eta euskal kulturaz maintemindurik eta hauen alde eragiteko determinazioarekin: Anaitasuna hamabostekariaren zuzendaria; Elkar argitaletxearen sortzaileetako bat; Elkar Fundazioaren Patronatuko kidea; Jakin aldizkarian ere hasi zen 1960an –zuzendaritzan hastapenetik eta zuzendari 1967tik 2014 arte, Jakin Fundazioko lehendakari bihurtu zen 2014ean–; Euskal Idazleen Elkarteko idazkaria izan zen 1969tik 1977ra, eta Euskal Soziologoen Elkarteko idazkaria 1979tik 1980ra.

Euskara eta kultura uztartzea premiazkoa zitzaion: "Hasieratik, Jakin-ek kultura eta euskara ezkondu nahi izan ditu. Orain, hori ez da harrigarria baina garai horietan bai. Zeren garai hartan euskara euskarari buruz hitz egiteko eta poesia egiteko erabiltzen zen. Edonola ere, kultur gaiak zientzia, filosofia, teologia ez ziren euskaraz egiten, hori ez zen arrunta. Gure kezka beti izan da euskara eta kultura uztartzea, elkarrekin lotzea. Ahalegin horretan aitzindaria izan zen Jakin", irakur daiteke Eusko Ikaskuntzari eskaini 1999ko elkarrizketa hartan.

Torturak, gaitzaren oinarri

Euskaldunon Egunkariaren Administrazio Kontseiluko kide eta lehendakaria izan zen eta 2003ko otsailaren 20 latz hartan Guardia Zibilak Egunkaria itxi zuenean, atxilotu eta torturatuen artean egon zen Torrealdai. 2015eko apirilean, Baionan torturaren inguruan egin jardunaldietan jakinarazi zuen minbizia zuela eta lotura zuzena egiten zuela torturarekin: "Deskribatu dudan torturari lotzen diot nire minbizia".

Nola ez, egindako lan handiaren harira, hainbat sari jasotakoa izan da: besteak beste, 1977an Tontorra Saria; 1997. eta 1998. urteetan Zilarrezko Euskaldi saria; 2015ean Manuel Lekuona Saria; 2018an Gipuzkoako Urrezko Domina, Jakin taldearekin batera. Sariez gain, herritarrek behin eta berriz eskertutakoa ere da, sorturiko gogoeta eta tresna guztiengatik.

Euskaltzaindian 1975az geroztik

Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izendatu zuen 1975eko ekainaren 27an eta euskaltzain oso 2007ko azaroaren 30ean. "Bibliografiatik bibliotekara, esperantzari leihoa" izeneko sarrera hitzaldia irakurri zuen Foruan 2009ko urriaren 31n. 2017an Euskaltzaindiak euskaltzain oso emeritu izendatu zuen Patxi Uribarrenekin batera.

Horra bere gogoetara murgiltzeko liburu batzuk: Iraultzaz (1973, Jakin), Euskal kultura gaur, liburuaren mundua (1997, Jakin), Artaziak, euskal liburuak eta Francoren zentsura 1936-1983 (2000, Susa)… Hainbat aldizkaritan (Jakin, Anaitasuna, Egan, RIEV, Euskera...) idatzitako artikuluak ere dira aipagarriak Torrealdaien hausnarketan sakontzeko.

Horra jarraian, Torrealdaien erran batzuk baita 2019an Joxe Azurmendirekin batera eskainiriko Eusko Ikaskuntzako Solasaldiaren bideoa:

"Gure belaunaldiak ez du euskara eskolatik jaso. Gure garaian debekatuta zegoen euskara. Ez hori bakarrik, gaien aldetik ere, debeku handia zegoen. Ni pixkanaka hasi nintzen ezagutzen euskal kultura eta historia. Konturatu nintzen horien inguruan oso gutxi nekiela. Beraz, lanean hasi nintzen. Nire lana horixe izan da, eduki badaukagun errealitatea, eduki badugun historia dibulgatzea. Horretarako aztertu behar izan dut. Edonola ere, ni ez naiz aztertzaile arrunta purua. Nik ikertzen dut gero ezagutzera emateko, hau da, dibulgatzailea naiz". (1999, Eusko News)

*****

"(Egunkariaren ixtea dela eta) gorrotorik, esaterako, ez daukat. Uste dut minik txarrena hori dela, barrutik jan egiten zaituelako. Badaukat min pertsonala: uste dut kalte egin didatela. Familiari ere bai. Eta min kulturala, izugarria: lehenengo periodikoa sortu, ametsa amesgaizto bihurtu... Kultur genozidio saio baten pareko jarriko nuke ia-ia, ez zaidalako iruditzen euskarazko lehen periodiko normalizatua hala erail daitekeenik. Inpunitate guztiz". (2016, Berria)

*****

"Ikusi izan dudanetik, salbuespenak salbuespen, politikaren munduak gutxiegi ezagutzen du kulturaren mundua, kanpotik begiratzen dio. Eta euskararen mundua are urrutiago ikusten dute, arretarik ez diote jartzen, aintzat hartu ere ez askotan, ia-ia bazter fenomenotzat daukate. Ematen du ez direla ohartu euskal kulturak izan duen garapena zein handia izan den. Dibertsifikatu egin da, aberastu, eta indartu, sendotu. Eusko Jaurlaritzako Sail batean kokatzen dute «kultura» edo «euskara», eta kitto, arazo sektorial hutsa bailitzan. Erakundeak martxan jarri zireneko errezeta zaharrekin jarraitzen dugulakoan nago. Euskal kultura, euskara ez da Sail baten ardura bakarrik, ez luke behar. Industria bezalako sailek ere parte hartu beharko lukete. Eta bestalde, diru-laguntza sistema ez da aski gaurko garapenari erantzuteko". (2006, ARGIA)

*****

"Azken finean, telebista normalizatzerakoan erdarak garrantzi handiagoa hartu du. ETB 2k izan behar zuen ETB1en bultzatzaile eta osagarri. Aitzitik, garrantzia ETB 2k hartu du eta ETB1, amets txiki bat bezala geratu da. Hori premia politikoen ondorioa izan da. Guzti hori aldatzeko, telebista politikatik urrundu beharko litzateke. Horrek ez du esan nahi politikoki beste modu batera antolatu beharko litzatekeela. Gaien tratamenduaren aldetik eta hizkuntzaren tratamenduaren aldetik birbideratu litekeela uste dut. Ekoizpenari dagokionean, berriz, aurrerapauso garrantzitsuak eman dira. Hala ere, EITBk apustu bat galdu duela uste dut. Ez da euskal antzerkiaren eta zinemaren koordinatzaile eta bultzatzaile izan. Ez da, beraz, euskal kultura uztartzeko topagune garrantzitsua. ETBren sorreran bi jarrera zeuden: euskaltzalea eta erdaltzalea. Azken horrek, funtzio pragmatikoa ukatzen zion euskarari, hau da, ez zion gaitasunik ematen komunikazio tresna izateko". (1999, Eusko Ikaskuntza)

 

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Euskalgintza
Udal legearen kontrako epai euskarafoboa
Euskararen aurkako erasoa salatu dute 200 alkate eta udal ordezkarik, eta hizkuntza bultzatzeko konpromisoa berretsi

Euskalgintzaren Kontseiluak deituta, Espainiako Auzitegi Gorenak joan den astean ebatzitako sententzia salatzeko prentsaurreko bateratua egin dute Bilbon. Sententzia "euskal gizartearen eta euskal erakundeen borondate demokratikoaren aurkako eraso zuzena" dela... [+]


Desobedientzia praktikatzen

Hankak lurrean dituzte gure solaskideek. Euskalgintzaren eta herri mugimenduen joko-zelaian dabiltza etengabe eta eskarmentu horretatik hitz egiten dute euskarari eusteaz, hizkuntza zapalkuntza ez normalizatzeaz eta erdaldunengandik espero beharko genukeenaz. Gorka Torrek ez du... [+]


2025-07-21 | ARGIA
Euskararentzat eta euskaldunentzat justizia aldarrikatu dute milaka herritarrek udaletxeen aurrean

UEMAk antolatuta egin dituzte kontzentrazioak larunbat eguerdian, Espainiako Auzitegi Gorenaren azken epai euskarafoboaren aurka eta euskararen alde. Euskara “benetan” babesteko “adostasun sendoak” eskatu ditu UEMAk, “euskarak eta euskaldunok... [+]


Epai euskarafoboen gainetik, euskaraz jarraituko dutela jakinarazi eta protestara deitu du UEMAk

​UEMAren zuzendaritza batzordeko kideek hedabideen aurrean agerraldia egin dute ostegun eguerdian Zarautzen, Espainiako Auzitegi Gorenaren azken epai euskarafoboa salatzeko. Epaia "larria" dela adierazi dute, eta batez ere udalerri euskaldunei eta euskaraz aritzen... [+]


Udaletan euskara normalizatzeko dekretuaren zati handi bat baliogabe utzi du Espainiako Justiziak

Vox alderdi ultraeskuindarraren eskariz EAEko Auzitegi Nagusiak 2023ko irailean baliogabetu zituen EAEKo Udal Legearen hainbat artikulu, euskararen normalizazioaren ingurukoak. Erabaki hura berretsi du orain Espainiako Auzitegi Gorenak, eta ez dago helegiterako aukerarik... [+]


‘Geldi euskara zapaltzea!’ lelopean iganderako elkarretaratzeak antolatu ditu Euskal Herrian Euskarazek

Euskal Herrian euskara "hainbatetan ukatua edo bigarren hizkuntza bezala tratatua" dela salatu du EHEk, eta egoera hobetzeko hizkuntza politiketan jauziak egitea ezinbestekoa dela adierazi du. Hori dela eta, elkarretaratzeak egingo ditu Maulen, Donapaleun eta Baionan,... [+]


Hamar urte barru euskararen arnasgunerik ez dela egonen ondorioztatu dute

UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitatearen eskariz, 2036an Hego Euskal Herrian euskararen egoera zein izanen den aztertu du Siadeco ikerketa etxeak. Hipotesi batzuk beteko balira, hemendik hamar urtera ukanen genukeen errealitate soziolinguistikoari begiratuta, "egoera... [+]


Joxe Azurmendi idazle eta pentsalaria hil da

Joxe Azurmendi (Zegama, Gipuzkoa, 1941-2025) idazle, filosofo eta saiakeragilea zendu da. Literatura eta pentsamenduaren arloan lan itzela egindakoa, intelektual gisa ez ezik, euskararen eta kulturgintzaren aldeko mugimenduetan engaiaturik eman zuen bizitza osoa. Besteak... [+]


Kantua gidari

Joan den maiatzaren 23an iragan da, Baigorriko elizan, aparteko kontzertu bat: 180 haurrek, 7 eta 15 urte artekoek, maila handiko kantu emanaldia eskaini diote eliza mukuru bete zuen jendeari. Haur horietarik batzuk Donazaharre eta Baigorri aldean kokatua den Iparralai musika... [+]


UEMAra beste bost herri batu dira eta plan estrategikoa adostu dute

Azkoitian egindako aurtengo lehenengo batzar nagusian batu dira UEMAra ondoko bost herri hauek: Donamaria, Ibarrangelu, Mundaka, Mutiloa eta Ormaiztegi.


2025-06-11 | Roser Espelt Alba
Euskaraldia eta merkatua

Aurten, berriz ere, Euskaraldia izan dugu. Bi astez, gure hizkuntza-ohiturei erreparatu diegu, geure buruari galdetuta zenbat eta nola egiten dugun euskaraz. Baina ariketa horretatik harago, galdera handiago bat ere pizten da: zeren araberakoa da hizkuntza baten biziraupena?... [+]


2025-05-30 | Sustatu
Euskaraldiak Artazu herritik dakarkigun harribitxia

Sarean jarri dute "Belarribizi eta Ahoprest" laburmetraia, joan den igandean itxi zen 2025eko Euskaraldiaren aitzakiarekin Oskar Alegria zinegileak Artazu herrian udaberri honetan filmatu duen lana. Belarriprest eta ahobizi kontzeptuen gaineko... [+]


Non molestatuko dut?

Imajinatu kiroldegiko igerileku bat, sei kortxo ilarekin. Lerro horietako baten aurrean zutunik zaude. Lehenengo kalean adineko bi andre-gizon ikusten dituzu, beraien taularekin astiro-astiro igeri egiten. Bigarren kalean, aldiz, bi neska gazte dabiltza bata bestea baino estilo... [+]


Eguneraketa berriak daude