Joxerramon Bengoetxea EHUko errektore, botoen %64 lortuta

  • EHUko errektoretzarako hauteskundeak irabazi ditu Bengoetxearen hautagaitzak, botoen %63,6 lortuta. Beste taldeak berriz, Eva Ferreirarenak, botoen %36,3 jaso du. Parte hartzea %21,9koa izan da eta gora egin du aurreko hauteaskundeekin alderatuta

Bengoetxearen taldea garaipena ospatzen EHU

2024ko azaroaren 27an - 07:42
Azken eguneraketa: 08:48
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

Joxerramon Bengoetxea izango da EHUko errektore berria, asteartean egin diren hauteskunedeak irabazi ondoren. Datozen sei urteetan unibertsitate publikoa gidatuko du Bengoetxeak, lege organiko berriaren arabera lehen aldiz izango da horrela gainera.

Garaipena argi eta garbi lortu du errektore berriak, botoen %64 lortu baitu bere taldeak; segmentu guztietan irabazi du gainera –ikasle, irakasle, teknikari eta administrazioko langileak–. Beste hautagaiak, Eva Ferreirak, aurreko errektoretza taldeari jarraipena eman nahi zion, baina botoen %36 baizik ez du jaso. Hortaz, boto-emaileek aldaketa aukeratu dute.

Duela hamasei urtetik ez da lehiarik izan EHUko errektoretzarako hauteskundeetan eta horrek kanpaina bera berotu du. Hautagaiek eta Ferreiraren ingurukoek izandako hainbat jokabidek ere polemika sortu dute –bere taldeko kide Guillermo Quindosek dimititu egin zuen, aurkaria iraintzeko kontu faltsuak erabiltzen zituela jakin ostean–.

Emaitzak jakin ostean Bengoetxeak adierazi du "unibertsitateak irabazi" duela hauteskundeetan. "Denok nahi dugu onena unibertsitatearentzat, agian ikuspegi ezberdinak izan ditzakegu, baina denok gara talde handi honen parte", gaineratu du errektore berriak. Azaldu duenez, bere agintaldian gakoa izango da "ikasleak zentroan jartzea", eta zentzu horretan ikasleei beraiei eskatu die "kritikoak" izateko errektoretzarekin.

Parte hartzea %22 ingurukoa izan da eta igoera nabarmena izan du segmentu guztietan. Botoa ematera deituta zeuden 50.590 lagunetik 11.081k joan dira boto-kutxetara. Nolanahi ere, hautagaiek izandako emaitzak ponderatuak dira, ikasleen botoak %22,08ko pisua baitu, eta irakasle doktoreenak, adibidez, %56,25.

Abenduaren 3an hartuko du kargua Bengoetxeak. Filosofian katedraduna, 30 urteko esperientzia dauka Europako zuzenbidearen inguruan eta hainbat sari ere jaso ditu, tartean 2021ean eman zioten Jeus Maria Leizaola Saria.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Unibertsitatea
2025eko azaroaren 14
Iñaki Alegria Loinaz eta Amaia Torrealday Galarreta ikerlariak
"Oso garrantzitsua da administrazioak onartzea euskara zientzia hizkuntza bat dela"

2025eko urriaren 29
Joxerramon Bengoetxea, EHU-ko errektorea
“Jaurlaritzaren aurrekontu hauek EHU paralisira daramate”

Eguneraketa berriak daude
Kalean da Larrun #312 zenbakia
El Salvador-eko egoerari buruzko aldizkari monografikoa
Maria Ortegaren eskutik, El Salvador herrialdean bizi duten egoera konplexuan sakontzeko aukera izango dugu.