Jon Salaberriri buruzko dokumentala eta Eskoziako jarraipena dira sarituak

  • Julen Iriondo Martinez de Zuazok jaso du euskarazko kazetaritzaren XXVII. Rikardo Arregi sari nagusia eta Samara Veltek kazetari gaztearena. Mikel Ibargoien eta Iñigo Astitzen lanek sari berezia izan dute.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre
2015eko ekainaren 29a

Ekainaren 27an ezagutu genituen zein kazetaritza lanek merezi izan duten aurtengo Rikardo Arregi sariak. Garazi Kamio idazle andoaindarrak gustu finez narratu zizkigun lan bakoitzaren ezaugarri eta dohainak. XXVII. edizio honetan epaimahai-kideek kalitate handiko lan asko jaso dituztela eta "lehia estua" izan omen dela azpimarratu zuen. Horren erakusgarri, ohiko sari nagusiaz eta kazetari gaztearen sariaz gain, bi sari berezi gehiago eman izana.

Sari nagusia: Jon Salaberriri buruzko dokumentala

Julen Iriondo Martinez de Zuazorena da aurtengo sari nagusia, Goienan eginiko Jon Salaberriri buruzko dokumentalagatik. Ikus-entzunezko lan horrek Joxe Aranzabalen lana du oinarri. Aranzabalek azaldu zuen Salaberrik lau estigma zituela gainean, "HIESa, heroina hartutakoa zen, homosexuala, eta gorria", eta isilpetik plaza erdira eraman zuela gaia, eta bere misioa izan zuela gainerako gaixoei laguntzea eta gizarteak baztertu ez zitzan lan egitea: "Horrela bihurtu zen HIESaren aurpegia Euskal Herrian". Maiatzean bete dira 20 urte Arrasateko bere etxean hil zela. Aranzabalek salatu du urteotan gaitzari irtenbidea bilatu eta Salaberri ahaztu dugula: "hori ikusirik, ez ahazteko ahalegin multimedia izan da nirea. Hainbat artikulu argitaratu eta argazkiak bilduta, Goienara jo nuen, dokumentala proposatuz". Dokumentalaren egile Iriondo Martinez de Zuazok azpimarratu zuen Goienan herritarrekin elkarlanean aritzen saiatzen direla, eta Aranzabali eskertu zion "zu ere bazara Goiena, eta zurea ere bada gaur jaso dudan sari hau". Saria eskutan Salaberriren ekina areazko erlojuarekin parekatu zuen: "Bere bizia atzera kontaketan zihoala, lan egin zuen gainerako gaixoena aurrerako kontaketan joan zedin".

Kazetari gaztearen saria: Samara Velte, Eskoziako jarraipenagatik

27 urtez beherako kazetarien artean, Velteren lana saritu du aurtengoan epaimahaiak, Eskoziako erreferendumari jarraipena eginaz Berrian argitaratutako artikulu eta elkarrizketa sortagatik: "Giltzak ematen ditu, alde batera edo bestera lerratu gabe". Samara Veltek eskertu zuen bere lantaldea, "urteotan konfiantza eta pazientzia dosi parekatuetan eskaini didatelako". Eskoziako egun haietako lana ekarri zuen gogora: "Ondoan nituen munduko hedabide handietako kazetariak, eta txiki sentitzen nintzen haien ondoan, baina baita ere jabetu nintzen ni nintzela nire herriarentzat leihoa, eta euskaldunek gure medioak hautatzeko motibo bat gehiago zela hura. Munduari begiratzeko eta munduan egoteko gure modu bat badugu, eta eutsi diezaiogun horri!".

Sari bereziak: Mikel Ibargoien eta Iñigo Astitz

Mikel Ibargoienek Info7n "Kirol leihoa" saioan hasitako bidea Gaur 8ko orrialdeetara ekarri du, emakume kirolariei presentzia eta ahotsa emanaz: "Komunikabideok erantzukizuna dugu euren balentriak argitara ateratzeko".

Berrian iragan udan argitaratutako "Kantuan diren lekuak" sortak jaso du beste sari berezia. Kazetaritza sormenez landu dute artikuluok, eta beren egile Iñigo Astitzek seinalatu zuen kultur kazetaritzak baduela arriskuak hartzeko betebeharra: "Bestela bihurtzen da ilara, urteurren eta subasta kontu bat eta kultura hori baino askoz gehiago da. Oso lan kolektiboa da kazetaritza, beraz, denak ezin eta bat aipatuko dut bereziki: eskerrik asko, Alberto Barandiarani, berari zor diot kazetaritza ulertzeko modu hau, sormenezkoa".

Ana Karrere eta Patxi Baztarrikaren mezuak

Biek kazetari lan hauen kalitatea goraipatu zuten. Ondoren, Ana Karrere Andoaingo alkateak komunikabideen estrategikotasunean jarri zuen indarra, "inor ez baikara bizi komunikazio esparrutik kanpo. Beraz, euskaraz bizi nahi badugu, komunikazio esparru guztietan euskaraz jarduteko modua behar dugu. Erakunde publikook komunikabideak sustatzeko betebeharra daukagu".

Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza sailburuordeak andoaindar modura harrotasunez adierazi zuen "euskal kazetaritzaren erreferente tinko bihurtu da Rikardo Arregi saria". "Nire karguak ematen didan arduratik, gogoetan hau egin nahi nuke: euskararen iraupena ez, bizi indarra da jokoan duguna, eta erabilerak ematen du bizi indar horren berri". Herritarrek euskaraz informatzeko hedabideak behar dituztela eta hedabideek eraginkorrak izateko nahitaezko dituztela kontsumitzaileak azaldu zuen: "Herritarrek biziarazten dituzte komunikabideak". Herrikoak eta nazio mailakoak, guztiak direla beharrezko adierazi zuen, eta elkarlana dela bidea: "Elkarlanean ari gara Eusko Jaurlaritza, Hekimen eta Tokikom. Adostasunean eta desadostasunean, baina zintzotasunez".

Azken puntua

Garazi Kamiok zorrotz bota zuen azken titularra: "Ea noizbait Andoaingo euskara erabilera handiaren albistea ematen duzuen. Izan ere, %16 eskasa da egun". Euskarazko kazetaritzaren erreferentzialtasunarekin lotu zuen eskaera, "Rikardo Arregi ez dadin kale izen bat izan andoaindarrentzat".

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Rikardo Arregi sariak  |  HIESa  |  Kazetaritza  |  Andoain

Rikardo Arregi sariak kanaletik interesatuko zaizu...
Azkenak
EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Pribatutasun politika irakurri dut eta onartzen dut
Eguneraketa berriak daude