Joaquin Beltranen familiak eskatu du bilaketa lanetan aginte bakarra izatea: Larrialdietako Burua

  • "Profesionalek esaten digute askoz gehiago egin daitekeela" salatu dute eta ohartarazi dute bilaketa lanak bertan behera uzteko eta hauteskundeak pasa ostean desagertutako bi langileak ahanzturan erortzeko arriskua dagoela.


2020ko martxoaren 04an - 12:45

Joaquin Beltranen familiak "bihotz bihotzez" eskertu du salbamendu lanetan ari diren profesionalen lana: "profesional bikainak eta pertsona hobeak dira, inoiz ez dugu behar beste sarituko bere bizitza arriskuan jartzen duena, besteen bizitza errazteko". Esker oneko hitzak izan dituzte baita ere, komunikabide, aktibista, ingurumen dibulgatzaileak, eta sortu diren herritarren mugimenduentzat.

Azaldu dute hasieratik pentsatu izan dutela profesionalei utzi behar zaiela lanean, familiaren ezinegon eta kritikekin lan hau oztopatu gabe. Eta ardurak argitzeko lana ikerlarien eta erakunde judizialen gaia zela, are gehiago sumario hau sekretupean egonik.

Politikarien adierazpenez, hau azaldu du Beltranen familiak (erredakzioan itzulia):

"Denbora honetan guztian aparte kokatu gara alderdi politiko ezberdinetako ordezkariek eman duten espektakulu penagarriarekin, bateko agerraldi, besteko aipu, informazio eta desinformazio... zer esan Eusko Jaurlaritzako sailburu eta sailburuordeen adierazpenez. Zer esan lehendakariaren beraren hitzei buruz.

Esperantza txiki bat izan genuen 'egoteagatik egotea' fasetik 'barra libre duzue'-ra pasa zenean kontua. Baina errealitatea hortik oso urrun egon da. Eta oraindik 'errelatoa' falta genuen. Eta oraindik ere hori falta dugu, baina tragediaren oinetan egon direnena. Zeren, lehenengo minututik 'komisario politikoek' egin duten erreskate lanen kudeaketa erabat zentzugabea izan da. Edukiz hutsa zen eszenaratze bat, hauteskunde aurrean itxurak gordetzeko. Ez du balio 'autokritikak', ez bada ezer kritikatzen, ez bada ezer zuzentzen".

Deskoordinazioa erreskate lanetan

Beltranen familiak salatu du "bilaketa lanak erabat deskoordinatuta egon dira goitik, eta ezegokiak izan dira eta ez dira nahikoak izan. Errealitatea da Alberto eta Joaquinek zaborpean jarraitzen dutela".

Eskaera bakarra egiten dute: "Itzuli diezazkigutela. Soilik horrela egin ahal izango dugu dolua. Ezin dira gelditu bilaketa lanak. Ezin da egin 'egiten ari bazina bezala'.

Jarraian bilaketa lanetan egon diren hutsune andana zerrendatzen dute, baina adieraziz orain ez dela horiek denak zergatik gertatu diren galdetzeko garaia: zergatik ukatu zen edo ez zen eskatu ("berdin da" dio familiak) Espainiako ejertzitoaren laguntza, zergatik ez dauden zakur gehiago "txakur unitate miresgarrian", zergatik ez den egon behar beste pertsona esperimentatu bilaketa lanetan, zergatik egon diren makinak geldirik palista edo erregaia falta zutelako eta biktimenak beraienak erabili behar izan direla, zergatik ez dira artikulatu errelebo operatiboak edo zergatik ez da errespetatu lan segurtasunerako araudia, "horrela arriskuan jarriz kontratatutako enpresa 'ofizialetako' langileak beraiek, izenik behar ez duen Moyua Eraikuntzak buru dela. Orain ez da hori galdetzeko garaia".

"Profesionalek esaten digute gehiago egin daitekeela"

Beltranen familiak dio kontuan hartzen dituztela erreskate lanek dakartzaten zailtasun eta arriskuak, baina "esperientzia duten teknikari profesional, prestigiodun eta kualifikatuek esan digute askoz gehiago egin daitekeela eta egin behar dela". Adierazi dute ez direla hauteskunde aurreko politikaren jokoari begira geratuko, eta nabarmendu dute arriskua dagoela hauteskunde ostean, gai honek politikarien emaitzetan eragiteari utziko dionean, bi desagertuak ahanzturan erortzekoa.

Aginte bakarra eskatu du familiak

"Politikariak alboratu eta teknikariei lanean uztea" nahi du Beltranen familiak. "Oso sinplea da nahi duguna: prozedura bat artikulatzea, Larrialdietako Burua izan dadin aginte bakarra duena erreskate lanetan, eta honek kudeatu ditzala lanean inplikatutako baliabide guztiak, bai publikoak eta bai pribatuak. Berak erabaki dezala zein diren lan zehatz bakoitza ondoen ezagutzen duten profesionalak, eta noren esku utzi lan bakoitzari dagokion dokumentazio osoa".

Azken mezua, lehendakariari

Hauek dira zabaldu duten komunikatuaren azken lerroak (erredakzioan itzulia): "Zaldibarko zabortegia erori zela hilabete pasatu denean, errealitateak eta 'errelatoa'k dio Alberto eta Joaquin zaborpean daudela oraindik. Lehendakari, ez dizugu utziko ahaztu zaitezen: Alberto eta Joaquin gogoan".

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Zaldibarko zabortegiaren krisia
Zaldibarko zabortegiaren hondamendia gogoratu dute laugarren urteurrenean

Zaldibar Argitu plataformak ekitaldia egin du igandean. Ez dago berririk “euskal oasian”, adierazi dute, “Eusko Jaurlaritzak dena ondo egin zuela errepikatu zuen”.


Zaldibarko zabortegira hondakinak baimenik gabe isurtzeagatik Lapurdiko bi enpresa zigortu dituzte

Baionako Auzitegiak ezarri duenez, Basusarrin dagoen Etcheverry-Mindurri enpresak 150.000 euroko isuna ordaindu beharko du, eta Donibane Lohizuneko CBA Artolak 100.000 eurokoa.


2023-10-03 | ARGIA
Zaldibarko zabortegiaren behin-behineko zigilatzea ere Jaurlaritzak ordainduko du

Enpresari eskatu dio lan horiek egiteko Arantxa Tapiaren sailak, baina Verter-ek ez du erantzun. Lanek “bospasei” urterako ziurtatuko dute zabortegiaren egonkortasuna, 750.000 euroko aurrekontuarekin.


Eguneraketa berriak daude