"Jendea ikusi dugu itsasoan hiltzen"

  • Maroko hegoaldetik etorri ziren SOFIAN TAYBI, MOHAMED OUAHALLOU, AMINE BAKADIR, MOHAMED OULGUIRAH eta SOLAYMAN ATABI Aiaraldera. Urduñako adingabeen zentroan egon ziren eta Antiguako santutegian bizi dira orain. Alokairuan hartzeko pisu baten bila ari dira.


2019ko ekainaren 17an - 21:04

Nongoak zarete?

Amine: Maroko hegoaldekoak gara bostak. Nire familian zortzi neba arreba gara, sei anai eta arreba bat dauzkat.

Mohamed: Nire familian sei anai gara.

Soufiane: Nik bi anai eta bi arreba ditut.

Mohamed: Nire familian zazpi anai gara eta ni naiz nagusiena.

Nola iritsi zineten Aiaraldera?

Amine: Bi urte eta erdi daramat hemen. Sei hilabete igaro nituen Urduñako adingabeen zentroan, hamazortzi urte bete arte. Adinez nagusia bihurtu nintzenean atera nintzen bertatik. Bilboko aterpe batera joan nintzen gero, baina hiru egunen ostean bota ninduten, hori delako egon zaitezkeen gehienezko denbora. Kalean bizitzera pasa nintzen orduan. Ezin duzu imajinatu nolakoa den bertako bizitza: dirurik gabe, janaririk gabe, bakarrik...

“Lanaren eta bizitza eta etorkizun hobe baten bila etorri gara”

Eta nola itzuli zinen Urduñara?

Amine: Bertako tren geltokian lo egiten hasi nintzen. Urduñan bazegoen lagundu ahal ninduen jendea, baina Bilbon ez, ez nuelako inor ezagutzen. Orain Antiguako santutegian dagoen etxeetako batean bizi naiz, nire lagunekin. Etxebizitza baten bila ari gara, baina oso zaila da  topatzea. Jendeak ez digu alokatu nahi, pertsona txarrak izango bagina bezala begiratzen gaituzte “moroak” izateagatik.

Gainontzekoen kasua antzekoa da?

Amine: Bai. Mohamedek 9 hilabete eman zituen adingabeen zentroan, beste Mohamedek lau hilabete eta Soufianek 7. Ni izan nintzen zentrotik ateratzen lehena. Erresidentzia txartela dugu, baina ez digu lan egitea baimentzen. Txartelean bertan jartzen du ezin dugula lan egin.

Mohamed: Alperrak garela diote baina ez da egia, ez digute lan egiten uzten.

Amine: Lan baimena eskuratzeko hiru urte eman behar ditugu erroldatuta, baina hiru urte erroldatua igarotzeko beharrezkoa da urtebeteko lan kontratu bat izatea. Nola nahi dute orduan lan egitea? Oso gogorra da. Laguntzarik izan ezean oso zaila da aurrera ateratzea. Nik ikasketak egin berri ditut, baina ez didate titulu ofizialik emango erresidentzia baimena izan arte.

“Alperrak garela diote baina ez da egia. Lan baimena eskuratzeko hiru urte eman behar ditugu erroldatuta, baina horretarako beharrezkoa da urtebeteko lan kontratua izatea”

Nolakoa da bizitza adingabeen zentroan?

Mohamed: Zentroan egoteko beharrezkoa da ondo portatzea. 12 euro ematen zizkiguten astero. Erretzaileak zirenek horretan xahutzen zuten diru guztia. Besteek, aldiz, gorde egiten dute, zentrotik ateratzean biziraun ahal izateko.  Formazio ikastaroetan aritzen ginen egun batzuetan. Kurtsorik ez genuenean, aldiz, goizeko bederatziak aldera jaikitzen ginen. Zentroan dauden adingabeak dira bertako kudeaketaz arduratzen direnak. Bazkariak prestatu, garbitu... hainbat lan-taldetan banatzen ginen gauza guztiak egiteko. Sukaldari bat zegoen egiten genuena kontrolatzeko. Ni sukaldean nengoen, adibidez.

Zentrotik atera nintzenean Urduñako bizilagun batekin bizitzera joan nintzen -Aintzane Okeranza-. Nire hasierako asmoa Bilbora joan eta bertako aterpean hiru egun igarotzea zen, baina Aintzanek bere etxean hartu ninduen.

Jendeak dio kalean bizi diren gazte marokoarrek lapurtu egiten dutela. Noski lapurtzen dutela, bestela gosez hiltzen direlako.

Antiguako santutegian bizi zarete. Nola iritsi zineten bertara?

Soufiane: Hona bizitzera etorri ginenean mutiko bat topatu genuen, goiko solairuan bizitzen zegoena. Arazo asko zituen drogekin. Oso urduri zegoen eta gauetan ez zigun lo egiten uzten. Gatazkak izan genituen berarekin, hainbat aldiz erasotu gintuen. Azkenean alde egin zuen.

Hona bizitzera etorri ginenean etxebizitza oso modu prekarioan zegoen antolatuta. Lan handia egin behar izan genuen dena atontzeko.

Amine: Ikasten gabiltza orain. Gutako hiruk zurgintza ikastaroa amaitu berri dugu. Mohamedek, aldiz, iturgintza ikasi du eta elektrizitate kurtso bat hasi berri du. Horrez gain, gaztelera klaseak jasotzen ditugu Urduñako Helduentzako Eskola Publikoan. Ane Miren izeneko neska batek ere ematen dizkigu klaseak, astean behin.

Mohamed: Jendeak uste du “deskonektatzeko” etorri garela hona. Ez gara horretara etorri. Lanera eta bizitza eta etorkizun hobe baten bila etorri gara. Egoera oso zaila da Marokon, baina hemen ere ez da samurra. Eta bidaia ere ez zen gozoa izan.

“Batera joan nahi dugu bizitzera. Baina oso zaila da toki bat topatzea, jendeak ez digulako pisua alokatu nahi”

Nolakoa izan zen bidaia?

Mohamed: Lehenbizi autobusa hartu genuen Maroko hegoaldetik Tangerreraino joateko. Patera hartu genuen bertan, Tarifaraino. Bakoitzak bere bizipen propioak izan zituen bertan. Nire kasuan, Espainiara iristean menditik ibiltzen egon nintzen, arratsaldeko lauretatik egunsentira arte.

Poliziekin egin nuen topo orduan eta laguntza eskatu nien. Adingabeen zentro batean sartu ninduten. Madrilera eraman ninduten gero, Madrildik Bartzelonara, Bartzelonatik Bilbora eta Bilbotik Urduñara. Zornotzako zentroan egon nintzen, baina oso denbora tarte labur batez. Urduñan egin genuen topo. Ez ginen ezagutzen, baina orain anaiak baino gehiago gara.

Amine: Nire bidaia apur bat ezberdina izan zen. Autobusa hartu nuen Tangerreraino, baina bertan urtebete eman nuen kalean bizitzen. Zazpi aldiz igo nintzen paterara, baina poliziak atzeman eta buelta ematera derrigortzen gintuen beti. Azken bidaian zortea izan genuen. 24 mutil etorri ginen. Behin iritsita, asko ibili ginen mendian barrena, herrixka txiki batera heldu ginen arte. Bertan autobusa hartu genuen Almeriaraino. Astebete igaro genuen hirian, ez genuelako bidaiarekin jarraitzeko dirurik. Jendeari eskatzen aritu ginen Madrilera joateko txartela erosi ahal izateko. Bertan denbora gutxi egon ginen, Bilbora joateko autobusa hartzeko dirua lortu arte. Bertara iristean poliziarenagan jo genuen eta Urduñako zentrora eraman gintuzten.

Mohamed: Nire bidaia antzekoa izan zen: Tangerreraino joan eta gero itsasoa zeharkatzeko hainbat saiakera burutu. Tarifako mendietan barrena aritu ginen. Pertsona batek bere etxean hartu ninduen gero, Almerian. Bilbora iristeko txartela erosi zidan.

Nolakoa da pateran bidaiatzea?  

Amine: Oso zaila da. Hondartzan poliziak daude 50 metroko. Mendian barrena aritzen ginen, gauez. Adorea izan behar duzu pasatzeko. Itsasoan poliziak harrapatzen bazaitu ezin duzu korrikarik egin. Patera berehalakoan iristen zen, eta segituan igo behar ginen.

Mohamed: Berdin du zenbat jende dagoen. Pateran 20 pertsona sartzen badira baina 30 badaude 30ak igotzen dira.

Amine: Egin nuen bigarren saiakeran itsasoaren erdiraino iritsi ginen, eta 54 pertsona gindoazen. Zutik egin behar izan genuen bidaia.

“Jendeari eskatu nahi diogu epaitu baino lehen, gu ezagutzea”

Jendea hiltzen ikusi duzue?

Amine: Noski baietz, asko.

Mohamed: Nik hartu nuen pateraren aurrekoa hondoratu egin zen eta lau lagun hil ziren. Beldur handia eragin zidan horrek, ia ia atzera egiteraino.

Amine: Soufiane eta biok batera egin genuen azken zatia. Solaymanek (gurekin bizi den beste gazte bat) sekulako orbanak ditut besoan, kontzertinen eraginez.

Mohamed: Gure egoeran dauden gazteei esango nieke mafietatik ahal bezain beste urruntzeko. Polizia erosita dute.

Baduzue kontakturik zuen familiekin?

Amine: Bai, batzuetan.

Urduñan hainbat auzolan egin dituzue.

Amine: Bai. Aintzanek 15 gaztez osatutako taldea sortu zuen, hainbat auzolan egiteko. Museoa dagoen tokia txukundu eta margotu genuen. Hori baino lehen hiriko lorategietan aritu ginen, banku guztiak margotu genituen, plaza garbitu... lan andana egin dugu. Hiriko jendeari laguntzen ere egon gara. Auzolan horiek hizkuntza ikasteko balio izan digute.

Mohamed: Lanerako gogoak genituen. Ez genuen adingabeko zentroan egunero aspertuta egon nahi.

Etxebitza bilatzen ari zarete orain. Zergatik erabaki duzue Urduñan geratzea?

Mohamed: Herri txikitakoak gara guztiak, eta horregatik gogoko dugu Urduña.

Amine: Jende ona dago hirian. Laguntza bat jasotzen dugu, 346 eurokoa. Ni izan nintzen laguntza hori jasotzen lehena. Duela bost hilabete hasi nintzen jasotzen, baina lehenago ez genuen inolako diru-sarrerarik.

Gauzak hala, ezin dugu bakoitzak pisu bat alokatu, diru gutxi dugulako. Horregatik, batera joan nahi dugu bizitzera. Baina oso zaila da toki bat topatzea, jendeak ez digulako pisua alokatu nahi. Batzuk ezezkoa eman digute Marokokoak garela jakin bezain pronto, nahiz eta agerikoa izan pisua libre dutela. Jendeari eskatuko nioke gu ezagutzea, epaitu baino lehen.

 

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Migrazioa
Polizia operazio "arrazista" Donostian: 29 lagun eraman ditu Poliziak identifikatzeko

Ostegun goizeko 8:00etatik 12:20era Polizia operazio handia egon da Donostiako Martutene auzoko etxe okupatu batean. Espainiako Poliziak, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak elkarrekin egin dute operazioa, “atzerritarren bulegoaren operazioa” dela azaldu dute. Donostiako... [+]


Lotsaren ituna

Duela aste batzuk Bartzelonan batu ginen Mugak Zabalduz karabanaren aurtengo ibilbidea eta helburua zehazteko asmoz. Uztailean Trieste eta Balkanetako mugara joango gara, berriro ere (bederatzigarren edizioa da) Europak sustatzen duen migrazio-politikak sufrimendua eta heriotza... [+]


Materialismo histerikoa
Atzerritar

Eta mugak igarota ere zer, muga azalean geratzen da, eta betirako, etengabe, da atzerritar barruan muga daramana, hain atzerritar, ezen ez duen guztiz pertsona ematen. Ezen hori baino ez dugun ikusten, hemengoa izanik ere bai, askotan, ijitoa bada, adibidez, atzerritarra... [+]


Frontexek bazekien ‘Adriana’ ontziko migratzaileak arrisku larrian zeudela, baina ez zuen ezer egin

Greziako kostaldean joan den urteko ekainean 720 migratzaile zeramatzala hondoratutako itsasontziaren kasuari buruzko ikerketa publiko egin du Europako Herritarren Defendatzaileak. Azaldu duenez, Frontex erakundeak ez du nahikoa "tresnarik" egoera horietan bere... [+]


Eguneraketa berriak daude