Jende gutxiago dago langabezian, baina prekarietatea "pandemia" bilakatzen ari da

  • Hego Euskal Herrian, 2023ko abenduan urtebete lehenago baino 4.641 langabe gutxiago zegoela jakinarazi berri du Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoak. Sindikatuek, dena den, datu horren itzalean dagoen errealitateaz ohartarazi dute. ELAk, adibidez, gogorarazi du lau lan kontratutik hiru aldi baterakoak direla; eta LABek salatu du prekarietatea "pandemia" bilakatu dela eta langabeziak "aspaldi" utzi ziola enplegu eta lan merkatuaren adierazle izateari.


2024ko urtarrilaren 04an - 10:26
2023ko abenduan duela urtebete baino 4.641 gutxiago zenbatu dituzte Lanbideren eta Lansareren bulegoetan. / Argazkia: Eusko Jaurlaritza

"Azpimarratzekoa da langabezian dauden hamar pertsonatik ia sei emakumeak direla, enplegua duen jende kopuruaren erdia baino gutxiago izan arren", nabarmendu du ELAk. "Datu hau, pairatzen duten prekarietatearen beste erakusle bat da; langabezia tasa %10,8koa da, Europar Batasunean baino lau puntu handiagoa". LABek adierazi duenez, "bizi unitateko egoera kaskarrak emakumea* lanaldi bikoitzera behartu du: etxeko zaintza lanen ardura nagusia mantenduz, prekarietatea zein ezegonkortasuna nagusi den lan merkatuan lan eginez". Bi datu eman ditu sindikatuak: emakumeen %25,7a jardunaldi partzialean ari da eta abenduko aldizkako kontratu finkoen %64,7a emakumeei dagokio.

Kontratazioaren datuei dagokienez, 2023an sinatutako kontratuen %75,2 aldi baterakoak izan dira Hego Euskal Herrian, ELAk emandako datuen arabera. "Langabezian izena emanda dauden pertsonen egoera kezkagarria da oso", salatu du. "Langabeen erdiak baino gehiagok (% 51,4k) ez du prestaziorik edo langabezia subsidiorik kobratu 2023ko azaroan. Gainera, langabeek duten estaldura ez da nahikoa: soilik %28,1ek kobratu du kotizaziopeko prestazioa, eta % 20,5ek kobratu du subsidioa edo gizarteratzeko errenta aktiboa, 480 eurokoa. Gainontzekoek, ez dute langabezia prestaziorik edo subsidiorik jaso".

"Langabeziak adierazle izateari utzi dio"

"Azken urteetan kateatzen ari diren krisiek egoera sozioekonomikoan zein lan munduan egiturazkoak diren arazoak sortzen ari dira, langile klasearen bizkar gainean zamatzen ari direnak", dio LABek. "Zentzu horretan, langabeziak aspaldi utzi zuen enpleguaren eta lan merkatuaren joera adierazle izateari eta langile klasearen errealitatea islatzeko iturri berriak arakatu behar ditugu. Bide horretan, Prekarietate Indizea aztertzeari ekin genion, zeinaren arabera 25 eta 64 urte arteko bi langiletik bat egoera prekarioan bizi da, diru sarrera nahikorik gabe bizitza duina bermatzeko".


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Enplegua
Arrasaten zama gainera erori zitzaion garraiolaria hil da: "Lan istripuen gorakada gogorra jasaten ari gara"

LABek jakinarazi duenez, martxoaren 14an materiala garraiatzen ari zela zama gainera erori ondoren larri zauritutako langilea zendu da asteartean. Jadanik hamazortzi lagun dira urtea hasi zenetik lanean hildakoak, sindikatuaren arabera, eta lan istripuen "gorakada... [+]


2024-03-14 | Gedar
Mercadonak %40 areagotu ditu irabaziak, eta %30 Inditexek

Marka historikoak hautsi dituzte bi enpresek 2023an: Mercadonak lehen aldiz lortu du 1.000 milioi euroko irabaziak gainditzea.


Indarberriturik atera dira sektore publikoko langileak, hirugarren greba egunean

Sindikatu deitzaileen arabera, ikasturte honetan Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako sektore publikoan antolaturiko greben artean jendetsuena izan da asteartekoa, eta batez ere garraio publikoan, hezkuntzan eta udal esparruan izan du eragin handiena. Manifestazioetan 30.000 lagunek... [+]


Tubos Reunidos enpresako sindikatuek salatu dute amiantoa agertu dela labe batean eta zenbait egunez lana ez zela gelditu

Enpresa batzordeak salatu du otsailaren 26tik martxoaren 3ra bitartean amiantoa agertu zela labe kalibratzailean egindako obretan eta egun horietan lanak ez zirela eten. Enpresak azaldu du ohartu bezain pronto hartu zituela neurriak.


Eguneraketa berriak daude