Irun, Baiona eta Bordaleko auzapezen mezua: AHT eraiki beharrean, orain artekoa modernizatu

  • Bordale eta Irun arteko orain arteko trenbidearen "modernizazioa" lehenesten dute hiru auzapezek. Diotenez AHT egitasmoa "ez da sinesgarria" gaur egungo testuinguruan, "Hego Euskal Herrirako edota Espainiako Estaturako luzapena ez delako ez programatua, ez finantzagarria".

Irudia: Sncf

2023ko urtarrilaren 05ean - 08:15
Kazetaritza independenteak herritarren babesa du arnas

2023ko urtarrilaren 3an plazaraturiko adierazpen bateratua da ondokoa: AHT bide berri bat eraikitzeak ez du zentzurik, eta horren ordez, orain arteko trenbidea modernizatu behar da. Hiru auzapezen deia da: Irungo José Antonio Santano, Baionako Jean-Rene Etchegaray eta Bordaleko Pierre Hurmicerena. AHTk lotuko lituzkeen hiru hirien ordezkarien postura bada esanguratsua, egitasmoan pisua duten hiru hiri direlako Bordale, Baiona eta Irun.

AHT megaproiektua "ez da sinesgarria", Hego Euskal Herrian gaindi eraikitzen dabiltzan AHT kontuan harturik: "AHT/GPSO (Abiadura Handiko Trena / Hego Mendebaldeko Egitasmo Handia) proiektua, gaur arte opzio bakar gisa aurkezturikoa, ez da sinesgarria, Hego Euskal Herrirako edota Espainiako Estaturako luzapena ez baita ez programatua, ez finantzagarria". Azpiegituren Orientaziorako Txostenaren arabera 2042an bukatuko litzateke proiektua, eta auzapezek argi daukate: "Ezin dugu itxoin".

Hori horrela, lehentasun bezala ezarri dute orain arteko trenbidearen "modernizazioa": "Konponbide pragmatikoa da: merkeagoa, soilagoa, egiteko azkarragoa eta lurraldeekiko zein ekosistemekiko bidezkoagoa".

Modernizazioa, lau aldiz merkeagoa

Esku artean dituzten zenbakiei segi, egungo sarea berritzearen kostua lau aldiz txikiagoa litzateke. Tonu gogorra erabili dute auzapezek, behingoan AHT alde batera uzteko premiaz kontziente: "Geldi gaitezen sinestarazten egun batean AHT ukango dugula. 30 urteko proiektua da, kimera bat da!".

Santano, Etchegaray eta Hurmiceren deiarekin bat egin nahi izanez gero, hautetsi zein herritarrek ondoko emailera idatzi dezakete, sostengua eta adostasuna adierazteko: appel.bordeauxbayonneirun@gmail.com.

 

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Abiadura Handiko Trena
Eguneraketa berriak daude