Iraultza bolivartarra defendatzeko garaia da

  • 20 urte bete dira Hugo Rafael Chávez Frías izeneko militar pobre eta mulato bat Gobernura iritsi eta Venezuelan garai berri bat hasi zenetik. Eta berarekin, ordurarte baztertuak zeuden miloika herritar hasi ziren herrialdearen gidaritza hartzen, bigarren independentziaranzko bidea egiten.

Pentsaezina zen eraldaketa martxan jarri zuen mugimendu bolivartarrak; gizarte neoliberalaren zimenduak astindu eta sozialismoranzko bidea hasi zuen Venezuelak, herri xumeari boterea emanez. Baina iraultza bolivartarrak kontinente osoa izan du helburu. Venezuelak eta Kubak bultzatutako nazioz gaindiko egiturek (ALBA, CELAC, UNASUR, Petrocaribe, TeleSur...) “Kolonbia Handiko” ideia bolivartarra ia 200 urte beranduago, eta ikuspegi ezkertiar batetik gauzagarria zela erakutsi zuen. Izan ere, Chavezek eta Fidelek garatutako politika internazionalista eredu izan da edozein iraultzailerentzat.

Ameriketako Estatu Batuek Latinoamerikan zuten nagusitasuna kolokan jarri zuen iraultza bolivartarrak, yankien atzeko patioa kolore gorria hartzen ari baitzen. Gobernu iraultzaileez gain, Brasil eta Argentina bezalako potentziak ere inperioaren atzaparretatik askatzen hasiak ziren. Indar korrelazioaren aldaketa arriskutsu hori kontuan hartu behar da azken urteetan Argentinak, Brasilek, Ekuadorrek eta Hondurasek, besteak beste, eskuinerantz izandako biraketa ulertzeko, batzuk estatu kolpe bidez.

Jakina da Venezuelako petroleoa, gasa, urrea, koltana... baliabide preziatuak direla, eta inperialismo yankiak ez duela sekula onartuko merkatu kapitalistatik kanpo geratzea. Baina Venezuelarekiko obsesioak beste arrazoi bat dauka: Iraultza Bolivartarrak ekarritako ahalduntze prozesu kolektiboa eta honek garatutako sozialismoaren eta internazionalismoaren ideia geldiaraztea. Eta egun herrialdeak bizi duen estatu kolpe saiakera azken 20 urteetakoaren jarraipena baino ez da, oraingoan, ordea, beste forma bat hartuta.

Izan ere, nazioarteko komunitatea deiturikoaren presioaren elementua zinez garrantzitsua izan da saiakera berri honetan. Guaidóren agintaritzaren errekonozimendu diplomatikotik hasi eta komunikabideen instrumentalizazioraino. Euskal Herrian, Nafarroako Parlamentuak ez zuen Venezuelaren burujabetza errespetatzearen aldeko mozioa onartu, eta Guaidó Venezuelako presidente bezala onartu zuen Eusko Legebiltzarrak; EAJ-PNV, Anasagasti jauna buru duela, Venezuelako oposizio ultraeskuindar kolpistaren babeslerik zintzoena izanik. Eta euskal telebista publikoa den EITBk ere maskararik gabe defendatu du nazioarteko legedia eta giza eskubide guztiak urratzen dituen estatu kolpe saiakera.

Venezolar herriak baina, ongi daki Euskal Herriak hori baino duintasun gehiago duela. Gure herrian garatutako elkartasun internazionalistak erreferente bilakatu gaitu Venezuelan, eta iraultza bolivartarraren  bidelagun izan gara azken 20 urteotan. Hala erakusten dute estatu kolpe honen aurka Euskal Herrian antolatu ditugun hamaika elkarretaratze, hitzaldi eta elkartasun ekintzek, hamaika herri komunikabidetan egindako elkarrizketek, eta urte hauetan guztietan brigadista izandako ehundaka brigadisten konpromisoak. Euskal internazionalismoa eredu da gainontzeko herrientzat ere.

Euskal herritarrok asko dugu jokoan Venezuelan. Iraultza bolivartarra erortzeak ondorio larriak izango lituzke bai Latinoamerikan eta baita Euskal Herrian ere. Momentu larri honetan ez dago tarteko posizio injerenzistentzako tokirik, bakearen zein proiektu askatzaileen alde gaudenoi Venezuelako herrialdearen burujabetza defendatzea dagokigu, eta horrek iraultza bolivartarra defendatzea esan nahi du, elkartasun internazionalista biderkatzea.

Venezuelako 30 herri mugimendutik gora, beren herrialdearen burujabetza eta iraultza bolivartarra defendatzeko deia egin digute; ez ditzagun bakarrik utzi, haien borroka gurea ere badelako.

Bi herri, borroka bakarra. Gora Iraultza Bolivartarra! Gora Euskal Herri internazionalista!


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Venezuela
Miren Egiguren. Ez da kikiltzen
"Agortzen ez den iturburu bat daukat barrenean"

Venezuelatik itzuli zenetik, Tolosako Zuloaga auzoaren behealdeko parkean ematen ditu arratsaldeak Miren Egigurenek, bizpahiru lagunekin. Hantxe aurkitu dugu ekainaren bukaerako egun batean. Elkarrizketa egiteko lagunaren etxera igo garenean, Hugo Chavezen panpinarekin... [+]


2023-05-05 | Gedar
Nortasun zedula eskuratu du Asier Guridi iheslari politikoak

Urte luzez egin du borroka, nortasun juridikoa aitor ziezaiotela exijitzeko. Herrigabe eta heriotza zibil egoeran izan dute hamar urtez Venezuelan.


Angel Prado. Demokrazia komunala
"Ez dugu irla bat izan nahi"

Angel Prado Padua borrokalari venezuelarra Euskal Herriko hainbat tokitan ibili zen hilaren hasieran, El Maizal komuna sozialistaren berri ematen, Demokrazia Komunalaren Aldeko Nazioarteko Sareak gonbidatuta. Hernanin bildu ginen harekin, bere hitzaldiaren bezperan. El Maizalen... [+]


Eguneraketa berriak daude