Irailaren 27an epaituko dituzte 'Leioako 5ak'

  • 40 urtetik gorako espetxe-zigorrak eta 45.000 euroko zigor ekonomikoak eskatzen dituzte 'Leioako 5entzat'. 2016an Leioako campusean egindako ikasle mobilizazio baten harira auzipetu zituzten gazteak, eta berriz seinalatu dute EHUren erantzukizuna.

Artikulu hau CC BY-SA 2.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2023ko uztailaren 28a - 07:52
Kasuaren berri emateko egin zuten prentsaurrekoa Leioako Errektoretzan / Argazkia: Gedar
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Zazpi urte beranduago, badirudi gero eta hurbilago dagoela Leioako 5en kasuko epaiketa: irailaren 27an izango da, eta ikaragarrizko zigorrak eskatzen jarraitzen dute auzipetutako lagunentzat. Guztira, 41 urte eta erdiko kartzela-zigorrak nahi dituzte haientzat; bakoitzarentzat hamazazpi urtekoak, bi pertsonaren kasuan. Horretaz gain, 45.000 euroko isunak ere jarri nahi dizkiete.

Auzipetuek aurreko urtean egin zuten prentsaurreko bat Leioako (Bizkaia) campusean, euren kontrako prozedurari lotuta mahaira atera ziren zigorren berri emateko. Gaur-gaurkoz berdin jarraitzen du auzibide sinesgaitzak, eta epaiketaren data finkatuta dago, gainera. "Zazpi urte luzeren ostean, astakeria honek aurrera jarraitzen du", esan dute epaituak izango diren gazteek. Haietako bik, Gabi Daraspek eta Ander Mazkiaranek, iaz azaldu zioten Gedar Langile Kazetari 2016an eta horren ostean gertatutakoa, elkarrizketa honen bidez.

Leioako 5ek gogorarazi dutenez, 2016an Leioako campusean izan zen mobilizazio baten ondorioz atxilotu eta auzipetu zituzten. "Garai hartan, Euskal Herriko Unibertsitatearen (EHU/UPV) partetik ikasle mugimenduak jasaten zuen errepresioarekin amaitzea zen gure helburua; inputazioak, jarraipenak, espediente akademikoak irekitzeko mehatxuak, isunak, militantzia politikoa aurrera eramateko oztopoak... Hala ere, unibertsitatearen erantzuna, berriz ere, errepresioa izan zen", salatu dute.

Eskubide politikoak kolokan eta EHU jopuntuan

"Larritasunez bizi dugu, protesta sozialaren aurrean, estatuen aldetik izaten ari den autoritarismoaren gorakada eta langileon eskubide politikoen murrizketa. Militantzia politikoa gero eta jasanezinago egitea bilatzen dute, krisi testuinguruak protesta eta militantzia gero eta beharrezkoagoak egiten dituen momentuan", gaitzetsi dute gazteek.

Bestalde, berriz seinalatu dute EHU: "EHUren erantzukizuna zuzena da. Unibertsitate publiko batek izan beharko lukeen askatasun politikoen bermea errotik mozten dute. 2016tik hona, egoera ez da hobetu, ikasle mugimenduak salatzen jarraitzen baitu gaur egun ere EHUren autoritarismoa". Leioako 5ek gogoan izan dute, adibidez, iazko ikasle greba batean Gasteizen (Araba) atxilotutako 34 ikaslek jasandako errepresio guztia.

Berriz nabarmendu dute "elkartasuna eta antolakuntza" direla "gure indargunea", eta "babes eta indar guztia" eman diete "gaur egun ere, unibertsitatean, militantzia politikoa aurrera eramateagatik erreprimituak direnei".


Errepresioa kanaletik interesatuko zaizu...
Barbado eta Zelaiaren espetxeratzea salatu dute milaka pertsonak Gasteizko kaleetan

Ankerkeria stop! plataformak deituta manifestazio jendetsua egin zuten larunbatean, Galder Barbado eta Aitor Zelaiari ezarritako lau urteko espetxe zigorraren aurka. Ostiralean agortu zuten bi gazteek beren borondatez espetxean aurkezteko epea, eta larunbatean bertan,... [+]


Larunbatean Barbado eta Zelaiaren askatasuna eskatzeko manifestazio nazionala egingo dute Gasteizen

Azken asteetan Euskal Herriko txoko ezberdinetan egin dituzte gazteen atxilotze agindua salatzeko ekintzak. 2019an atxilotu zituen Ertzaintzak gazte arabarrak. Sei hilabete igaro zituzten espetxean, baldintzapean aske utzi zituzten arte. Prozesu judiziala lau urtean luzatu da.


Leioako bostak ez dituzte espetxeratuko, fiskaltzak haien aurkako zigor eskaera jaitsi ostean

Orain arte bi kideren aurka hamazazpina urteko espetxe zigorra eskatzen zuen, beste biren aurka bina urtekoa eta azkenaren aurka urte eta erdikoa. Gaurko epaiketan, ordea, lauren kontra urtebeteko zigorra eta bosgarrenarentzat urte erdikoa eskatu du.


Ernaiko kideak Bilbon eta Gasteizen kateatu dira, Barbado eta Zelaiaren espetxeratze aginduaren kontra

Bilbon, Espainiako Gobernuaren ordezkariordetzan egin dute ekintza; Gasteizen, Ertzaintzaren komisaldegi atarian. Ertzaintza gazteen aurka oldartu da, eta Gasteizen bost pertsona atxilotu ditu.


Eguneraketa berriak daude