Iphone batengatik 30.000 dolar ordainduko al zenuke? (edo gauzek benetan balio beharko luketena)

  • Oscar, MTV edo antzeko sari banaketa bat zirudien. Mundua Kaliforniara begira zegoen, baina ez L.A Cityra, Cupertinora baizik. Bertan zegoen mundu osoko kazetari, youtuber, eta influencer guztien informazioaren sorburua, epizentroa.


2019ko urriaren 18an - 11:53

Tim Cookek hilabete luzez sekretupean gordeta zuen Iphone berria aurkeztu zuen, eta, bide batez, baita bere telebista plataforma ere. Netflix, Amazon eta HBOrekin lehia bizian hastera doa sagarraren konpainia. Asko zeukan jokoan Tim Cookek. Iphon-ak mozkinaren erdia ekartzen dio konpainiari  eta aurreko urtearekin alderatuz irabazi horek %12 egin du behera aurten. Egoera hori irauli beharra zeukan eta horretarako tresna zeukan Iphone berria. Gailu berriaren nobedade eta aurrerapenak hizpide izan ziren Cupertinon. Baina, batez ere, Iphone berriaren prezioak eman zuen zeresana. Euskal Herrian Iphone 11 Pro berria (64 Gbkoa) 1.149 eurotan jarriko dute salgai. Iphoneak ez dira inoiz merkeak izan. 2007an, lehen modeloa, 499 dolarretan eskaini zuten, eta harrez geroztik, prezioak etengabe igo ditu, egungo maila astronomiko horietara iritsi arte.

Garestia izanik ere, Apple konpainiaren izar  bilakatu zen telefono berria tarte laburrean. Bere mozkinen euskarri nagusia da, eta munduko enpresarik baliotsuenetarikoa izaten lagundu dio. 2015ean , konpainia batek inoiz izan duen mozkinik handiena izan zuen eta munduko enpresarik errentagarriena bilakatuarazi zion: 53.840 milloi dolarretako mozkina lortu zuen eta aurrez ExxonMobil enpresak zeukan errekorra hautsi (45.200 milloi dolar).

Iphonea egungo gizartearen ikono izatera heldu da. Garai batean autoa edota etxea izateak suposatzen zuen prestigioa ematen du egun. Eta, hortik galdera: Zenbat ordaintzeko prest gaude? Zenbateko balioa dauka? Erantzuna ez da erraza, ezta bakarra ere, munduan zehar Iphonearen prezioa aldatu egiten delako. 

Garai batean, The Economist aldizkariak Big Mac indizea sortu zuen. Munduan barrena kontsumitzen den McDonaldsen hanburgesa ezagunak hainbat herrialdetan zuen prezioa kontutan hartuta aztertzen zituen ganbio-tasak eta lekuan lekuko eros ahalmena. Ekonomia fakultatean Erosahalmenaren Paritatearen Teoria azaltzeko ezinbesteko indizea.

Antzeko ariketa egin du orain Picodi.com atariak. Gailuaren prezioak eta toki ezberdinetako batezbesteko errentak alderatuz, Iphone bat erosteko leku bakoitzean egin behar den lan egun kopuruaren kalkulua egin du. 

Iphonearen prezioa, aztergai

Emaitzak bitxiak dira. Suitzan 4,8 egun behar dira Iphone bat erosteko. Estatu Batuetan 5,8. Txinan, ordea, 30,4 egun behar dira eta Mexikon 54,2. Eurogunera etorrita ere aldeak nabariak dira: Luxemburgon 6,7 egun behar badira, kopuru hori Eslovakiaren kasuan 31,7 egunera igotzen da. Bi mutur horien artean Frantzia eta Espainia daude (10,9 eta 15,7 egun, hurrenez hurren). 

Baina, justua al da prezioa? Espezializatutako hainbat hedabidek horren inguruko azterketa sakonak egin dituzte. TechInsights.com atarian, adibidez, gailua ireki egin dute, osagai bakoitza aztertu eta, ondoren, Iphonearen fabrikazio kostua kalkulatu. Webgune honen aburuz, iPhone 11 Pro Max berriaren ekoizpen kostua 490,50 dolarretakoa da (osagai baliotsuena Sonyren kamarak eta Intelen prozesadoreak dira). Atari honen iritziz, kalitate altuko material eta osagaiak ditu Iphoneak eta lehiakideen produktuena baino hobea omen da. Nolanahi ere, merkatuan 11 Pro Max-ek duen prezioa ikusita (1.449 dolarretara iritsi daiteke), prezioak kostua hirukoiztuko luke eta %65eko marjina lortuta ( aurreko modeloaren, Iphone X, margin bera).

Lehia handiko merkatua da smartphonena. Prezio merkeagoko konpainia berriek (Xiaomik edo Huawaik, esate baterako) merkatu-kuota handia lortu dute, baina Applek argi dauka hori ez dela bere liga. Bere aurkari nagusia Samsung litzateke, maila altuko telefonoak ere eskaintzen dituelako eta honek ere marjin handiak lortzen dituelako (Galaxy S7k esaterako, %34koa).

Luxuzko merkatuan aritzen da Apple etxea eta ondo doakio bertan. Sagarraren konpainia goi mailako alorrean aritzen dela argi dago eta,  arrastoren bat ematen badigu ere, Iphone indizea kalkulatzeko batesbesteko errentak erabiltzea agian ez da adierazgarriena.

 

Prezioa, jasangarria ote?

Baina bada beste galdera bat. Iphone gailuak Txinan egin ordez, Estatu Batuetan egingo balira, 1.149 eurotako prezioa lukete? Tricontinental erakundeak, Gizarte Ikerketarako Institutuak Iphonen kasua aztertu du Marxen Esplotazio-Tasaren ikuspegia erabiliz.

Ikuspegi horrek Iphonaren ekoizpen prozesurako beharrezkoak diren faktore guztiak aztertzen ditu:  lehengaiak (aluminioa, kobaltoa, kuprea, karbonoa…), zergak eta lan-eskua. Applek zerga-ingenaeritza erabiltzen du  %2ko zerga baino ez ordaintzeko eta dena Estatu Batuetan ekoiztuta %35ekoa beharko luke. Lan kostuei dagokienez , produkzio-kate osoan egiten diren lan guztiak kontutan hartu behar dira, lehengaiak lortzeko baldintza oso txarretan aritzen diren langileenak batez ere.

Iphone telefonoak Kalifornian diseinatzen badira ere, Txinan produzitzen dira nagusiki, Foxconn enpresaren lantegietan. Konpainia hau hainbat ikerketen jomuga izan da azken urteotan, bere langileek pairatzen dituzten lan baldintzak direla-eta. 2010ean bere langileen artean egon ziren suizidio saiakerek lan egoerari buruzko eztabaida piztu zuten. Hogei lagun inguruk bere buruaz beste egin zuten Txinako Shenzhengo lantegian. Horrez gain, 2010ean Ipad-a merkaturatu zenetik, bi leherketa egon dira,  bere lantegietan aluminio-hautsa metatzearen ondorioz, lau hildako eta 77 zauritu eraginez.

Bada kontuan hartu beharreko beste aldagai bat , inguruneari buruzko araudia. Askoz malguagoa da Foxconnen kokatuta dagoen herrialdeetan Europan edo Estatu Batuetan baino.

Marxen Esplotazio-Tasan oinarritutako analisiak aipatutako aldagai guzti horiek aztertzen ditu eta emaitza , zalantza izpirik gabe, latza da: Iphone batek 30.000 dolarretako prezioa beharko luke Estatu Batuetan ekoitziz gero.

Ez da nire asmoa Esplotazio-Tasari buruzko debatea hemendik abiaraztea, inondik inora, eta seguru nago Tricontinentaleko azterketari ñabardura asko atera ahal zaizkiola, baina hausnarketarako aukera aproposa ematen digula sinetsita nago.

Apple-en gailuak beharrean, gure gizartearen bestelako kontsumo objektu batzuk hizpide izango bagenitu, ondorioak ere nabarmenak izango lirateke. Arropa, adibidez. 

Zara, H&M edota Primarkeko jantziek (marka batzuk aipatzearren) askoz prezio altuagoa izango lukete esplotazio-tasa aplikatuta. Ikusteko dago, ordea, prezio horiek kontsumo masiboari eutsiko lioketen.

Azken urteotan nabarmen egin du behera soldata mailak gurean. Gizarteak nekez mantendu dezake bere kontsumo erritmoa produktuen atzean dauden  benetako kostu errealak aplikatuko bagenitu, edo, beste modu batean esanda, produktuek benetan balio beharko luketena ordainduko bagenu. Konponbide erraza eskaini digute, ordea: kostu errealen ordez, kostu baxuko produktuak. 

Low Cost kontsumitzen duen gizartea bihurtu gara. Low Cost bidaiatu, Low Cost jantzi eta Low Cost jaten duena, besteak beste, Low Cost soldatak dituen gizartea ere bagarelako, salbuespenak salbuespen. Eta muinean dagoen galdera argia da oso, gure kontsumo mailak, edo, hobeto esanda, gure ongizate mailak, Esplotazio-Tasaren filtroa gaindituko al luke? Edo, beste modu batean esanda: esplotazioan oinarritutako gizartea ez al gara?


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Kontsumismoa
2023-11-12 | Bea Salaberri
Iraun ala iraungi

Etxeko garbigailua hautsi eta konponarazten saiatu ginelarik, beste baten erostea hobe genuela erran zigun konpontzaileak. Merkeago genukeela, ez, aise merkeago genukeela berriaren erostea. Lehen batean ez bazen begi bistakoa, argudiatu zitzaigun, baietz, epe ertainean hala... [+]


Chromebookak gutxi irauteko diseinatu ditu Googlek

Hezkuntzan erabilera oso zabala duten Chromebookak gutxi irauteko diseinatuta daudela ondorioztatu du AEBetako Public Interest Research Group erakundeak (PIRG, Interes publikorako ikerketa taldea). Zaharkitze programatua onartezintzat jo dute, eta ikasle bakoitzak gailu bat... [+]


2023-01-29 | Sukar Horia
Xanpaina eta petrolioa

Abendua igaro zaigu, urtarrilean sartu gara eta, beraz, ipar hemisferioan negua hasi zenetik aste batzuk igaro dira dagoeneko, tenperatura epel bezain kezkagarriekin. Gure arbasoek, neguko solstizioan, eguna eta gauaren txandakatzea gurtzen zuten, baita urtearen zikloa edo... [+]


Jon Etxebarria 'Txontxe'
"Ospa ditzakegu Eguberriak erlijioan eta kontsumismoan murgildu gabe"

Eguberriak ospatzeko beste modu bat bilatu guran, euskal herritarrek antzina zuten ohituretako bat berreskuratu du Jon Etxebarria Txontxe gorliztarrak. Dioenez, neguko solstizioan, "neguburuan", enborrak erretzen zituzten Eguzkiari indarra emateko, eta kiskalitako zur... [+]


2022-12-18 | Ula Iruretagoiena
Lurraldea eta arkitektura
Afektuen ekologia

Eraikin bat gorputz bat bezala irudikatzea datsegit. Instalakuntza-hoditeriak zainak bailiran, zutabeak eta habeak hezurdura gisa, fatxada, azal-zuntza bat. Eta eraikinaren arima eta bizi-taupadak pertsonek eragiten dute, espazioa erabiltzen eta zaintzen duten... [+]


Eguneraketa berriak daude