ARGIA.eus

2021eko ekainaren 17a
"Zuloak eginarazi genizkien"

Intxaurrondoko grabazioan Lasa eta Zabala nola hil zituzten ere entzuten da

  • Pedro Gómez Nieto Guardia Zibileko kapitainaren eta Luis Alberto Perote CESIDeko koronelaren arteko elkarrizketan Lasa eta Zabalaz ere mintzatu ziren. Naiz hedabideak ezagutzera eman du grabazio horren beste zati bat: "Zuloak egin arazi genizkien" dio bertan Gómez Nietok, poltsarena kontatzen duen baretasunarekin.

     

ARGIA @argia
2021eko otsailaren 23a

Naiz hedabideak azaldu du Guardia Zibilaren eta CESIDeko koronelaren arteko elkarrizketaren grabazioa luzeagoa dela Público-k otsailaren 22an zabaldutakoa baino. Zabalzaren kasuaz gain, Joxean Lasa eta Joxi Zabalaz ere mintzatu ziren eta Gómez Nietok zehazten dio ez zirela galdeketetan hil, baizik eta hil egin zituztela buruan bi tiro jota. Eta lehenago zuloa eginarazi zietela.

Euskarara itzulita, Lasa eta Zabalaz mintzo diren pasartea:

Perote: Zeren eta akabatu zutenean Zabala eta bestea... zein zen? 

Gómez Nieto: Lasa? Buruan jotako bi tirorekin izan zen.

Perote: Bi tiro?

Gomez Nieto: Bi tiro buruan kaputxarik gabe.

Perote: Bi tiro eta... kaputxarik eta ezer gabe?

Gomez Nieto: Gabe, gabe, bi tiro izan ziren.

Perote: Alegia, hil egin zituztela, ez zitzaizkien hil.

Gomez Nieto: Aurrena zuloak egin arazi zizkieten, egin arazi genizkien.

Perote: Jode!

Grabazioaren eduki hau ezaguna zen 90eko hamarkadatik, sumarioetan zinta hauen berri jasoa baitzegoan, baina orain arte ez dira herritarrentzat entzungai egon. Naiz-ek gogorarazi duenez, grabazio hauek ez zuten aparteko ondoriorik ekarri: Gómez Nieto Lasa-Zabala auzian sartu zuten hasieran, gaia estaltzen aritu zelakoan, baina ondoren Espainiako Auzitegiak kargu horiek kendu zizkion, argumentu gisa erabiliz Gómezek ukatu egiten zuela bere ahotsa zenik eta gainera material hori klasifikatuta zegoela. Ondorioz, dagoeneko kapitaina zen Gómez Nietok testigu gisa soilik agertu behar izan zuen epaiketetan. Adierazpenetan azpimarratu zuen ez zuela Peroterentzat lan egiten, honi kontra eginez. Prozesuaren ondoren Enrique Rodríguez Galindorentzat eta bere menpekoentzat zigorrak etorri ziren, baina ez grabazio honengatik, beste hainbat frogengatik baizik.

Naizek oroitarazi du Zabalzaren kasuan ere, instrukzioa egin zuen Donostiako epaitegiak eta Gipuzkoako Auzitegiak uko egin zietela grabazio hau kontuan izateari, eta 2010ean kasua itxi zutela salaketarik eta epairik gabe.

Grabazioa entzungai Naizen.

 

 

 

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal hauetan artxibatua: Guda zikina  |  Tortura

Guda zikina kanaletik interesatuko zaizu...

Azkenak EGILEA
Argia buletina
Egunaren laburpena
zure e-postan
Eguneraketa berriak daude