AEBtako Komunikazio Bazorde Federalak (FCC ingelesezko sigletan) Internet arautzeko neurri berri bat onar dezake, sarearen neutraltasuna, Interneten orain arteko funtsezko printzipioa, kolokan jarriko lukeena.
Eztabaida prozesuan den plana beteko balitz, Interneteko industria goitik behera birmoldatuko litzateke zerbitzu-hornitzaileek aukera edukiko bailukete abiadura maila diferenteak eskaintzeko, bezeroak ordaintzen duenaren arabera. Beste era batera esateko: gehiago ordaintzen duenak, konexio azkarragoa.
Arauak sareko neutraltasuna ezabatzea ekarriko luke. Gaur egun, Interneteko edozein edukitara iristeko abiadura bera eskaintzen dute hornitzaileek, desberdindu gabe webgunearen jabea multinazional bat den ala herritar arrunt bat.
Herritarrak kontra
FCCren proposamenak AEBetako telekomunikazio enpresa handien eta erabiltzaileen arteko liskarrak ekarri ditu.
Izan ere, eztabaidatzen ari diren neurriaz gain, bazegoen beste proposamen bat mahai gainean Internet arautzeko. Baztertutako neurri horrek banda zabaleko sarbidea zerbitzu publikotzat joko luke. Interneteko erabiltzaileek, kontsumitzaile taldeek eta hainbat teknologia konpainiek neurri horren aldeko jarrera zuten.
Lehen tramitea pasata, neurri berriak lau hilabeteko tartean kontsulta publikoa pasa beharko du.