Interneteko loturak kobratu nahi dituen legeak nola funtzionatuko du?

  • Uztailaren 22an PPk jabetza intelektualaren legearen erreforma onartu zuen beste alderdien babesik gabe. Erreforma Senatura pasako da orain eta udazkenean jarriko da martxan. Joxe Rojas Tokikomeko koordinatzailea horren inguruko xehetasunez eta ekarriko dituen ondorioez aritu da Info7n.


2014ko abuztuaren 4an - 07:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37
Google News da albiste-agregatzaile ezagunenetarikoa
Inoiz baino beharrezkoagoak dira eskuin muturraren gezurrei
aurre egingo dieten hedabide independenteak

Legearen erreformak ekarriko duen ondoriorik nabarmenena AEDE kanonaren sorrera dela azpimarratu du Rojasek. Honen eraginez, interneteko agregatzaileek tasa bat ordaindu beharko dute beste hedabideen edukietarako loturak jartzeagatik.

Albiste agregatzaileak jo-puntuan

Kanon berriak Google News edota Meneame bezalako webguneetan izango du eragina. Hauek beste hedabideek landutako albisteetarako loturak erakusten dituzte. Ez dute eduki horiengatik dirua jasotzen, baina bai webgunean duten publizitatetik. Rojasek azaldu duenez, editore handiak kexatu dira, “interneteko agregatzaileek etekin ekonomikoa ateratzen dutelako besteen edukiei esker”.

Erreformak hedabideei eskubidea aitortzen die euren loturen truke kobratzeko, eta ezin diote uko egin, loturen truke “bai ala bai” kobratuko dela jakinarazi du Rojasek.

Tokikomeko koordinatzaileak azaldu du kobratzea ez dutela hedabideek zuzenean kudeatuko, Espainiako Estatuak izendatutako bitartekari batek baizik; AEDE Espainiako prentsa editore handien elkartea izatea espero zen hasieran, baina antza denez, azkenean CEDRO izango dela adierazi du Rojasek: “Erakunde horrek legez izango du eskubidea hedabideen loturen truke kobratzeko”.

Joxe Rojasen ustez lege erreforma kudeatzea praktikan oso zaila izango da: “Interneten dagoen informazio truke handiarekin ez da egingarria proposatzen dutena. Logikoena litzateke Estatuak urtero diru kopuru bat zehaztea eta hori zuzenean CEDRO edo AEDEri ordaintzea loturak partekatu ahal izateko”.

Norbanako erabiltzaileei ez die eragingo

Espainiako Kultura Ministerioak ohar batean argitu du AEDE kanonak momentuz ez diela zuzenean eragingo norbanako erabiltzaileei eta hauek sare sozialetan partekatzen duten edukiari, interneteko agregatzaileetan bakarrik aplikatuko da. Hori bai, “AEDE kanonak, kanon digitala bezala, Espainiako aurrekontuetan bukatzen badu, bai eragingo digula”, adierazi du Joxe Rojasek.

Interes partikularrak

Rojasen ustez, baliteke AEDE kanonaren atzean interes partikularrak egotea: “AEDEn prentsa editore handiak daude, eta denok dakigu prentsa klasikoak dituen zailtasunak aurrera egiteko teknologia berrien aro honetan. Zurrumurruen arabera, presioa egon da talde horien partetik Espainiako Gobernuarekiko halako diru-laguntza batzuk arautzeko. Eta beste alde batetik, maltzurrenek diote Gobernuak mesede asko zor dizkiola AEDEri, eta kanon berria hauek ordaintzeko modu bat dela”.


Internet kanalean gehiago
2026ko ekainaren 3
Teknologia
Kableak

Eguneraketa berriak daude
Egin ARGIAkoa eta 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari.
Maiatzaren 20a amaitu baino lehen ARGIAkoa eginez gero, 'Ategorrietan Fisterra' komikia opari. XX. mendean, gerra testuingurutik kanpo, langileen aurka Euskal Herrian egindako sarraskirik handienari buruzko lana.