"Iņigo Cabacasen heriotzagatik zigorrik ez badago inpunitatea aterako da garaile"

  • Amaia Liceranzu eta Oier Amorrortu Iñigo Cabacasen izekoa eta lehengusua dira. Urriaren 15ean hasiko den epaiketa gertutik biziko dute eta orain arte gertatutakoari buruz mintzatu dira. Halaber, urriaren 14an egingo duten gaubelan parte hartzeko deialdia zabaldu dute.

Aitor Aspuru Saez  |  Aiaraldea.eus @aiaraldea
2018ko urriaren 12a
Amaia Liceranzu eta Oier Amorrortu, gaubelaren argazkiarekin. (Aiaraldea.eus)

Urriaren 15ean hasiko da Iñigo Cabacasen hilketaren epaiketa. Zuek zer espero duzue?

Amaia: Ezer gutxi, baina Iñigoren gurasoei beti esaten diet komenigarria dela ezer ez itxarotea eta, zigorren bat ezarriz gero, zerbait lortu dugunaren sentsazioa izatea. Edonola ere, nire iritzia da ez dela zigorrik egongo.

6 urte igaro dira Iñigo hil zutenetik. Epaiketa egingo zela uste zenuten?

Amaia: Bai, abokatuengan konfiantza osoa izan dudalako.

Oier: Hori bai, beste kontu bat da epaile instruktoreak izan duen jarrera, ez baititu poliziaren beste agintari batzuk ikertu nahi. Gainera, fiskala askotan ez zen agertzen galdeketetan eta beste batzuetan defentsako abokatuaren lana egiten zuen.

Eusko Jaurlaritzak ere ez du erraztasunik jarri. Eskatu genion horrelako egoeretan erabiltzen duten protokoloa eta ukatu ziguten. Epaileak eskatu behar izan zuen bigarren aldiz. Aurrekari horiekin guztiekin, ez genuen argi epaiketa egongo zen edo ez. Fiskalak, epaileak eta Jaurlaritzak ez dute inolako interesik erakutsi, hortaz, ezustea izan da.  Are gehiago aintzat hartzen badugu epaileak argi utzi duela Ertzaintzaren portaera guztiz neurrigabea izan zela. Hori oinarri oso sendoa da, nahiz eta agian akusazioa ez den inora helduko, eskarmentua baitugu Euskal Herrian eta badakigu zenbait pertsonari ez zaiela justizia egiten.

Amaia: Argi dago hemen ez dela justiziarik egiten, “Ugarteko” -indarkeria erabiltzeko agindua eman zuen arduraduna- ez baitute epaituko, ezta goian daudenak ere.

“Iñigoren epaiketak balio behar du inpunitatea egon ez dadin eta bere kasua ez errepikatzeko”

Nor epaituko dute eta, garrantzitsua dena ere, nor ez da justiziaren aurrean egongo?

Amaia: Esan bezala, “Ugarteko” ez dute epaituko. Indautxun zeuden ertzainek esan zuten ez zela ezer gertatzen. Beraz, berak ez balu agindu: “entren con todo”, ez litzatekeen ezer gertatuko.

Oier: Gau horretan tiro egin zuten 3 ertzain epaituko dituzte. Horiek aitortu zuten epailearen aurrean. Hala ere, hedabideetan egindako beste elkarrizketa batean adierazi zuten euren kide batzuek ere tiro egin zutela, baina epaileak ez du ikertu nahi izan.

Horrez gain, furgonetetako hiru buruzagiak daude. Horien artean dago “Ugarteko”ri esan ziona ez zegoela arazorik. Guk nahi genuen “Ugarteko” epaitzea, behintzat argitu dezan zergatik eman zuen agindua indarra erabiltzeko. Gure ustez, kalez jantzitako beste ertzain bat zegoen, eta berak jakinarazi zion “Ugarteko”ri indarra baliatu behar zela. Eta hala ez bada, gutxienez, “Ugarteko”k argitu beharko luke zergatik hartu zuen erabaki hori.

Zalantzan jartzen baduzue justizia egingo dela. Zertarako balio dezake epaiketak, zentzu horretan?

Oier: Gure borroka ez da hainbeste zigorra lortzeko, kartzelara ez baitira joango. Gure helburua da erakustea Herriko Taberna hor zegoelako sartu zirela bortizkeria neurririk gabe erabilita.

Amaia: Gurasoek uste dute epaiketaren ostean dolua igaroko dutela. 6 urteren ondoren oraindik ez dute dolua egin, etengabeko borroka batean baitaude sartuta.

“Athleticen babesa ez da nahikoa izan”

Epaiketarekin bukatuko da 6 urteko ibilbidea edo gero helegiteak eta abar etorriko dira? Dolua posible izango da?

Oier: Hori da gure zalantza. Etxean uste dugu epaiketaren ostean, behintzat, etapa bat itxiko dugula. Hori bai, denak absolbitzen badituzte, ez dakigu helegitea jarriko dugun. Hau oso gogorra da familiarentzat.  Ez dakigu dena amaituko den, baina Manu eta Finarentzat -gurasoak- hau guztia sekulako ahalegina da. Ez bakarrik epaiketa, baita elkarrizketak, omenaldiak, lagunekin egotea, gogoratzea...

Amaia: Manuk eta Finak uste dute betebeharra dutela eta leku guztietara joan behar direla. Iñigo aipatzen den edozein ekitaldira joaten dira, bereziki nire ahizpa, Fina. Batzuetan, arrastaka bada ere. Beti esaten dute: “Iñigorengatik egin behar dugu.”  Horrelakoetan oso urduri jartzen dira. Epaiak ez badu inor zigortzen, kolpea oso handia izango da. Manuk ez du itxaropen handirik, baina Finak bai; Finak uste du justizia egingo dela.

Urte hauetan guztietan erakundeekin harremanak gorabeheratsuak izan dira, ezta?

Amaia: Erakundeek ez dute ezer egin, eta egin duten apurra izan da Fina eta Manu atzean egon direlako. Finari heltzen bazitzaion ekitaldi publikoa egongo zela, hara joaten zen Lehendakariari kasua gogorarazteko. Urkulluk beti garbitu ditu eskuak esanda ikerketa zegoela abian.

Oier: Esaterako, Urkulluk izendatu du Ertzaintzaren buruzagi Iñigoren heriotza eragin zuen operatiboaren asmatzailea. Horrez gain, oztopoak jarri dituzte, protokoloak ukatuta. Keinu horietan igarri da ez zutela interes berezirik. Jonan Fernandezek ere esan zien Iñigoren gurasoei beste batzuek ez zekitela nork hil dituen bere familia, jakinda Iñigoren hiltzailea Ertzaintzaren barruan dagoela, eta hori bere eskumena dela.

Amaia: Hemen gauzak nahastu dituzte. Adibidez, Iñigo hil eta gero, denbora gutxi igaro ostean, topo egin nuen Txema Urkijorekin Laudion  (Eusko  Jaurlaritzako Terrorismoaren  Biktimei  Laguntzeko Bulegoko aholkularia zenean) eta galdetu nion ea jakingo genuen zer gertatu zen. Ba berak erantzun zidan Erandion ere ume bat erail zutela eta oraindik familiak ez dakiela nor izan den hiltzailea. Baina horrek zerikusirik du Iñigoren kasuarekin?

Iñigo Cabacasen familia izan da presentzia ezerosoa erakundeentzat?

Amaia: Batzuetan bai. Aintzane Ezenarrorekin, adibidez, izan zuten talka.

Oier: Eta Ertzaintzarentzat ere. Batzuetan gogoratu zaio poliziari zer gertatu zen Iñigorekin eta oso oldarkor agertu da, bai Athleticeko zaleekin, zein bestelako egoeretan. Ertzaintzarentzat inflexio-puntua izan da Iñigoren hilketa, eta maiz euren aldarrikapenetan hitz egiten dute “Cabacas sindromea”ri buruz.

 

“Epaiak ez badu inor zigortzen, kolpea oso handia izango da gurasoentzat”

Iñigoren kasua errepikatu ez dadin neurri gutxi hartu dira. Berez, Brigada Mugikorrak oraindik ere jaurti ditzake pilotak. Uste duzue epaiketaren ostean, tentsioa galtzen denean, posible dela horrelakorik gertatzea berriro?

Oier: Bai, guk borrokatzen dugu horrelako jarrerak desagertu daitezen. Ertzaintza gainerako poliziak bezalakoa da: gobernuaren tresna. Jendea erreprimitzeko balio dute zenbait egoeratan. Guk aldarrikatzen dugu Iñigoren kasua ez errepikatzeko bermeak sortzea eta inpunitaterik ez egotea. Oinarrizko eskubideak ezin dira ukatu, are gutxiago gobernuaren babesarekin.

Amaia: Epaiketak balio dezake inpunitatearen aurkako mezua bidaltzeko zigorrak badaude, baina kontrakoa ere gerta liteke. Mezua izan daiteke Ertzaintza babestua dagoela, nahiz eta norbait hil, beste kasu batzuetan gertatu den moduan.

Oier: Ertzainen aldarrikapenen barruan, badago, dago Eusko Jaurlaritzak nolabait babestu behar dituela, kasu honetan ere. Inpunitatea eskatzen dute.

Erakundeei buruz mintzatu gara, baina zein izan da Athletic Clubaren jarrera?

Amaia: Gurasoentzat klubaren babesa ez da nahikoa izan.

Oier: Athleticek argudiatzen du ez zela San Mamesen gertatu, partidaren ostean izan zela, bazkide ez zela (nahiz eta partida guztietara joaten zen), ezer ez egiteko.

Amaia: Nire aurrean Manuk sekulako eztabaida izan zuen Josu Urrutia presidentearekin, baina, egia esanda, ez dakit zer espero zuten Athletic Clubaren aldetik.

Oier: Oso haserre daude animazio harmailari debekatu diotelako edozein pankarta jartzea, Iñigoren aldekoak barne.

 

“Etxean uste dugu epaiketaren ostean etapa bat itxiko dugula. Hori bai, denak absolbitzen badituzte, ez dakigu helegitea jarriko dugun”

Ordea, jendeak asko babestu du familia.

Amaia: Bai, zaleek, adibidez, proposatu dute Iñigo Cabacas Herri Harmaila izendatzea animazio harmaila, eta horrela deitzen diote, nahiz eta ofiziala ez den, plaka jartzea ez duelako utzi Athleticek.

Oier: Guk nabarmentzen dugu jende orok dakiela zer gertatu zen han, eta pertsona asko zeuden, Laudioko pilo, adibidez. Manu eta Finari jende ugari hurbiltzen zaio babesa adieraztera eta gizarteak aitortzen du zer gertatu zen, baina epaia falta da oraindik,, ziurtatzeko hori basakeria izan zela.

Amaia: Iñigo ez zegoen aparteko ezer egiten, garagardoak hartzen, besterik gabe. Ertzaintzak baliatu zuen borroka baten aitzakia indarkeria erabiltzeko eta Herrikoan sartzeko, baina borrokan zauritu zenak berak deitu zuen esateko beste kale batean zegoela.

Oier: Balizko zauritu bat ateratzeko, zauritu pilo eragin zituzten. Horrek ez dauka justifikaziorik.

Zuhatzan Iñigoren aldeko monolitoa eraiki duzue.

Amaia: Bai, Manuk eta Finak lursaila dute bertan eta han egin egin genuen. Bereziki, lagunek. Iñigo erail eta gero izan zen. Apirilean hil zuten eta irailean bazegoen eraikita. Sekulako lana izan zen.

Oier: Omenaldi anitz egin dira, plakak jarri... Orain epaiketarekin manifestua osatu da eta hainbat pertsonak sinatu dute familia babesteko eta aldarrikatzeko horrelakorik ezin dela errepikatu.

Amaia: Basaurin ere plaza bati jarri diote Iñigo Cabacas izena, bertako auzokideek proposatuta.  Azken 6 urteetan ekintza andana antolatu dira Iñigoren hilketa salatzeko. Partidak, manifestazioak, omenaldiak urtero Kirruli plazan, dokumentala, abestiak... Aldekoa hautatu zutenean Ertzaintzako burua izateko sinadurak jaso ziren.

Eta epaiketara begira zerbait gehiago prestatu duzue?

Oier: Bai, igandean -urriak 14-  gaubela egingo dugu 19:00etatik aurrera 08:00ak arte. 23:00ak arte kultura ekintzak antolatutako ditugu (Aiora Renteriak abestuko du, adibidez) eta epaiketaren egunean 08:00etatik 10:00ak arte elkarretaratzea deitu dugu. Nahi duen orok parte har dezake, azpiegitura guk jarriko dugu. Epaiketaren ostean ikusiko dugu mobilizazio gehiago egingo ditugun, 3 aste iraungo baitu prozedurak.

Elkarrizketa hau Aiaraldeak argitaratu du eta Creative Commons lizentziari esker ekarri dugu.

ARGIAn egiten dugun kazetaritza independenteak bultzada merezi duela uste duzu?

Informazio askea lantzen dugu ARGIAn, langileok gara proiektuaren jabeak eta gure informazioen atzean ez duzu sekula multinazionalik, bankurik edo alderdi politikorik topatuko. Gure ustez, burujabetza guztien oinarrian dago informazio burujabetza, ezagutzen dugunaren gainean pentsatzen eta erabakitzen dugu. Horregatik diogu kazetaritza independentea dela demokraziaren oinarrietako bat.

Aldizkaria paperean etxean edo e-postan PDFan jaso nahi duzu? Pozik hartuko zaitugu ARGIAko komunitatean. ARGIAkoa izateko, nahi eta ahal duzun ekarpena egin dezakezu, eta bueltan egoki ikusten duzuna eskatu. Indartu dezagun indartzen gaituena!

Kanal honetan artxibatua: Inigo Cabacas auzia

Inigo Cabacas auzia kanaletik interesatuko zaizu...
2018-10-17 | ARGIA
Semea hil eta sei urte geroago, barkamena eskatu diete Iņigo Cabacasen gurasoei operatiboko sei ertzainetatik bik

Iñigo Cabacas auziaren barruan epaitzen ari diren sei ertzainetatik bik barkamena eskatu diete hildakoaren gurasoei, astelehenean epaitegiko atean haiekin topo egin zutenean. Fina Liceranzuk, Cabacasen amak, kontatu du gertatutakoa.


Operazio burua: "Istiluen aurkako borrokan eskarmentu gutxiko lan-taldea zen"

Ugarteko-ren aginduetara zegoen ofiziala da operazio burua, eta ez du bere burua gertatutakoaren arduradun nagusitzat jo, gainerako sei akusatuek aurkakoa dioten arren. Ertzain gehienak herri-segurtasun sailekoak izanik, askok ez zekiten pilotak jaurtitzeko eskopeta erabiltzen ezta erabiltzeko neurriak ere. 


2018-10-15 | ARGIA
Sei ertzain aulkian, sei urte ondoren hasi da Iņigo Cabacasen hilketa argitzeko epaiketa

Iñigo Cabacasen hilketari buruzko auzia hasi da astelehen goizean Bilbon, Bizkaiko Auzitegiko 3. Salan. Sei ertzain epaituko dituzte, egun horretan aginte ardurak zituztelako edo gomazko pilotak jaurti zituztela onartu dutelako. Beste ertzain batzuek ere egin zuten tiro, baina auziaren garapenean oraindik ez da lortu jakitea nortzen diren.


2018-10-12 | ARGIA
Iņigo Cabacasen hilketaren gaineko epaiketa astelehenean hasiko da

Ertzaintzaren pilotakadaz hil zen Iñigo Cabacas 2012ko apirilaren 5ean. Sei urte eta erdiren ostean, epaiketari bide emango zaio.


2018-10-10 | Hiruka .eus
Iņigo Cabacas gogoratuko dute Leioako campusean, epaiketa hastear dela

Urriaren 15ean hasiko da "Cabacas auziaren" ahozko epaiketa, eta azaroaren 9ra arte iraungo du. Hala, eguazten honetan, urriaren 10ean, manifestazioa egingo dute, Leioako campusean. "Iñigo justizia. Ez dugu sekula etsiko!" goiburuaren pean, 12:00etan irtengo dira, Mikel Laboa plazatik. Iñigo Cabacas Leioa taldeak deitu du mobilizazioa.


2018-10-02 | Uriola.eus
Epaiketaren atarian Cabacasen senide eta lagunei babesa agertu diete

Euskal gizarteko ehun pertsona inguruk "erantzuleek inpunitaterik ez edukitzea" eta "justizia egitea" eskatu dute larunbat honetan irakurri duten manifestu batean. Urriaren 15ean Iñigo Cabacasen auzia epaituko da.


2018-09-25 | Uriola.eus
Iņigo Cabacasen familia eta lagunei babesa adierazteko manifestua

Larunbat honetan, irailak 29, esparru ezberdinetako hainbat lagunek sinatutako manifestuaren aurkezpena egingo da goizeko 12:30ean Bilboko Kafe Antzokian.


2018-04-05 | Jon Torner Zabala
Iņigo Cabacas omenduko dute larunbatean, hura hil eta sei urtera

2012ko apirilaren 5ean Ertzaintzak jaurtitako pilotakada batek Iñigo Cabacas jo zuen Bilbon, eta hark eragindako zaurien ondorioz hil zen, lau egun beranduago. Data hura gogoan, senide eta lagunek omenaldia eskainiko diote larunbatean. Beste hainbat ekimen ere antolatu dute egunotan.


2018-04-03 | Uriola.eus
Iņigo Cabacas hil eta sei urtera, bere senide eta lagunak "justizia noiz egingo zain" daude

Duela sei urte hil zen Iñigo Cabacas Ertzaintzak jaurtitako pilokada batek eragindako zaurien ondorioz. Bere heriotza argitzeko sei ertzainen aurkako epaiketa hasiko da urrian. Familia eta lagunak epaiketaz eta urteurreneko jardueraz mintzatu dira. 


2018-03-27 | Uriola.eus
Iņigo Cabacas hil eta sei urtera, "justizia noiz egingo zain" daude senide eta lagunak

Duela sei urte hil zen Iñigo Cabacas Ertzaintzaren pilokada batek eragindako zaurien ondorioz. Bere heriotza argitzeko sei ertzainen aurkako epaiketa hasiko da urrian. Familia eta lagunak epaiketaz eta urteurreneko jardueraz mintzatu dira. 


Azkenak
EGILEAK
Eguneraketa berriak daude