Bide publikoan hamar pertsona baino gehiago ez batzea “gomendatzen” du aginduak azkenik, ez debekatu. Neurriak LABI batzordearen hurrengo bilerarte egongo dira indarrean gutxienez.
Asteazken arratsaldean sartu dira indarrean Jaurlaritzak osasun krisiari aurre egiteko ezarri dituen neurri murriztaile berriak, behin EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratuta. Asteartean iragarritako neurriekin alderatuz gero, aldaketa bakarra dago: oro har, hamar pertsona elkartzeko muga mantentzen da, baina bide publikoaren kasuan, muga “gomendioa” baino ez da, ez debekua. Osasun larrialdiaren jarraipenerako LABI batzordearen hurrengo asteko bilera gauzatu artean behintzat mantenduko dira neurriak, egoera sanitarioaren aldaketa garrantzitsurik egon ezean.
Hurrengoak dira neurri esanguratsuenak:
- Debekatuta dago hamar pertsona baino gehiago batzea ostalaritza gune edo txokoetan, aisialdi eremuetako bisitetan, federatu gabeko kirol edo turismo jardueretan. Bide publikoan hamar pertsonen langa ez gainditzea “gomendatu” egiten da.
- Ostalaritzan Espainiako Osasun Ministerioak agindutako neurriak ezarri dira EAEn. Jatetxe eta tabernek 01:00etan itxi beharko dute, eta gauerditik aurrera ezin izango dute bezero berririk hartu. Jatetxeen gehienezko edukiera 60ra mugatu dute. Eserita soilik kontsumitu daiteke, barran izanik ere, eta pertsonen arteko gutxieneko distantzia metro eta erdian ezarri dute. Distantzia hori mahaien artekoa zen orain arte, orain mahai ezberdinetako pertsonen artekoa ere izango da.
- Garraio publikoa beranduenez 01:30ak arte arituko da.
- Diskotekak eta gaueko tabernak itxita mantenduko dira, eta gazte lokalak erabiltzea debekatuta dago.
- Kalean erretzea debekatuta dago, bi metroko distantzia bermatu ezin denean.
- Beilategi eta hiletetan, espazio itxi zein irekietan, gehienezko pertsona kopurura 30ekoa izango da. Igerilekuen edukiera %60ra mugatu da, eta gehienez hiru orduz egon ahal izango da.
- Zahar etxeetako egoiliarrek pertsona bakarraren bisita jaso ahal izango dute, egunero ordu betez (bizitzaren “azken fasean” fasean dauden egoiliarren kasuan murrizketa arinagoa izan daiteke). Egoiliar zein langile berriei PCR probak egingo zaizkie zahar etxean sartu baino hiru egun lehenago behintzat. Aldundiek eta Osasun Sailak murrizketak areagotzeko aukera dute.