Indarkeriarik gabeko lapurreta txikiak geroz eta gogorrago zigortzen ditu Espainiako legeak

  • Hautsa larregi harrotu barik pasa da ekainaren 23an Espainiako Kongresuan onartutako erreforma penala, zeinaren bidez ebasketa txikiak (indarkeriarik eta larderiarik gabe egindako lapurretak, 400 eurotik beherakoak) hemezortzi hilabete arteko espetxealdiarekin zigortzea bermatuko du, “berrerortze” kasuetan. Supermerkatuen lobbyak urteak daramatza presioa egiten ebasketak gogorrago zigortu daitezen, eta bide horretan egindako erreformek jendarteko sektorerik zaurgarrienak kaltetzen dituzte.


2022ko uztailaren 22an - 09:57

Espainiako Zigor Kodeak jasotzen dituen Ondarearen eta ordena sozioekonomikoaren aurkako delituen artean dago ebasketa, eta 234., 235. eta 236. artikuluek erregulatzen dute. Horietan moldaketa egiteko iniziatiba Kataluniako PDeCAT alderdiarena izan da, denbora baitzeraman ebasketei aplikatzen zaizkien zigorrak gogortu nahirik. PSOErekin egindako akordioak ahalbidetu dio moldaketa aurrera eramatea, bi alderdiek aurkeztutako Zigor Kodearen zuzenketa Espainiako Kongresura eramana eta onartua izan baita. Ekainaren 23ko saioan ontzat jo zen erreforma penala, PSOE, PDeCAT, EAJ, Unidas Podemos, Esquerra, Ciudadanos, Más País-Equo eta Compromís alderdietako 190 diputaturen aldeko bozkarekin. Abstenitu egin ziren PP, Vox, Bildu eta CUP, eta soilik BNGk bozkatu zuen kontra.

Hala, 234. artikulua berridatzi dute, eta ondorioz sei eta hemezortzi hilabete arteko espetxealdiarekin zigortu ahalko dira 400 euro baino gutxiagoko balioa duten hiru ebasketa edo gehiagorengatik kondenatuak izan diren pertsonak, baldin eta ebasketa horien baturak 400 euroak gainditzen baditu. Orain artean, legeak ez zuen kontenplatzen ebasketen baturarik, ezta espetxe zigorrik ere 400 euro baino gutxiagoko ebasketengatik; gisako zigorrak 400 eurotik gorako ebasketen eta lapurreten kasuan aplikatu izan dira.

Zerbait osteko erabilitako indarkeriak eta larderiak bereizten ditu ebasketa eta lapurreta: indarkeriarik eta larderiarik gabe gauzatutako lapurretari deritzo legeak ebasketa, eta indarkeria eta larderia bidez gauzatutakoari lapurreta. Ebasketa izan daiteke, beraz, garraio publikoan ondokoari poltsikotik diru-zorroa edo mugikorra ostea, baina baita supermerkatutik janaria ordaindu gabe ateratzea ere.

Pobreak zigortzeko tresna, pobrezia areagotuz doan garaietan

Behin Kongresuan onartuta, Senatura bideratu da 234. artikuluaren berridazketa barnebiltzen duen erreforma, tramitazioa gauzatu dadin. Aurreikuspenen arabera uda ostean pasako da indarrean egotera, hain justu ere azken egunotan hainbeste entzuten den “atzeraldi” ekonomikoaren agerpena espero den sasoi bertsuetan. Kasualitate lartxo ez ote den.

Erosketa saskiaren prezio igoera (urte hasieratik maiatzera bitartean %8,1, Oxfam Intermon GKEren arabera), erregaiaren prezioari dagokionez maximo historikoak… Azken hilabeteetan inflazioa izugarri puzten ikusi dugu, %10,2raino ekaina orduko –CCOO sindikatuaren Kabinete Ekonomikoak uztailean publiko egindako txostenak argitara emandakoaren arabera, enpresen irabaziak izan dira inflazioaren erantzule nagusiak–. Horrek guztioi eragiten digun arren, ez digu maila berean eragiten. Diru-sarreren zenbatekoaren arabera, ehuneko oso desberdina eta desparekoa bideratzen dute batzuek eta besteek lehentasunezko beharrizanetara (janaria, arropa, elektrizitatea, gasa, erregaia…). Zenbat eta diru-sarrera altuagoak izan, orduan eta txikiagoa gastu horietara bideratu beharreko diru-sarreren zatia, alegia. Hala berrestera dator Oxfam Intermon: “Produktu guztien prezioen gorakada kontuan hartuta, antzeman daiteke erosteko ahalmen txikiagoa duten familientzat %14 garestiagoa dela lehengo kontsumo-patroi berari eustea. Etxe aberatsenentzat ere gora egin du erosketa-saskiaren prezioak, baina askoz gutxiago, %11. Hau da, 2022ko urtarriletik maiatzera bitarte, inflazioak etxe pobreenen erosahalmena etxe aberatsenena baino %30 gehiago murriztu du”.  

GKEak osatutako informean jasotzen denez, etxe pobreenetan (hilean 400 euro edo gutxiagoko diru-sarreradunak) diru-sarreren %35 inguru bideratu da energiaren faktura ordaintzera 2022ko lehen hiruhilekoan, eta gehiago ala gutxiago, oro har klase apaleko etxe guztietan ari da zama bilakatzen argindarraren faktura. Horri gehitu behar zaio janari saskiaren eta erregaiaren garestitzea, eta alokairua ere kontutan hartuz gero, ekuazioa ezin ebatzizkoa bilaka daiteke –Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundearen (OCDE) 2014ko datuen arabera, Espainiako Estatuan etxeetako diru-sarreren %40tik gora jaten zuen alokairuak, eta ordutik gorakoa izan da prezioen joera–. Itzulingururik gabe mintzo da Ofxameko informea: “Aurkeztuko ditugun datuak kezkagarriak dira, itxura guztien arabera oso hilabete zailak datoz”.

Koiuntura horretan, ondorioztatzekoa da bizirauteko ostera beharturik ikusten diren pertsonak ugaritu izana; eta iragarpenak bete eta egoerak okerrera eginez gero, areagotu egingo dela ataka horretan aurkituko direnen kopurua. Hala bada, erreforma penalarekin, beren beharrizan oinarrizkoenak asetzeagatik balizko kartzela zigorra jasotzera arriskatu beharko dira hainbat eta hainbat. Beste era batera esanda: bizitza garestitzen den heinean, pobrezia gogorrago zigortzera dator erreforma.

Supermerkatuen lobbya, erreformaren bultzatzaile

“Argi dago, ez dizuete [erreforma penala] defendatuko esanez neurri hori janaria lapurtzen dutenei begira egina dagoela, metroan modu profesionalean jendeari osten aritzen direnei begira egina dela esanez baizik, eta abar… Baina supermerkatuen patronala da urteak daramatzana presioa egiten. Hamarkada bat baino gehiago”, adierazi zuen Antonio Maestre kazetariak erreforma onartua izan zela jakitean.

Kazetariak Mercadona y El Corte Inglés, detrás de la nueva reforma del Código Penal (Mercadona eta El Corte Inglés Zigor Kodearen erreforma berriaren atzean) erreportajea argitaratu zuen 2013an La Marean, ebasketak delitu bilakatu zituen erreforma penala onartu berria zela. Ordura arte ebasketak falta kontsideratzen ziren, baina erreformarekin delitu izatera pasata, zigor gogorragoei atea ireki zitzaien. Erreportajearen bidez, Maestrek azaldu zuen AECOC Asociación Española de Codificación Comercial (Kodifikazio Komertzialeko Espainiako Elkartea) supermerkatuen patronala presioa egiten aritu zela Espainiako Zigor Kodearen erreforma gauzatu zedin, ebasketak gogorrago zigortzea lortzeko.

“AECOC 1977an sortu zen eta bertan elkartzen diren enpresek Espainiako Estatuko Barne Produktu Gordinaren %20 inguru ordezkatzen dute. Mercadona, El Corte Inglés, Coca Cola, Caprabo, Fnac, Carrefour eta Mango dira AECOCeko 30 enpresa handietako batzuk, eta Galeraren Prebentziorako Batzordearen bitartez, beren enpresa-eskakizunak lege bihurtzeko lobbya osatu eta administrazioei presioa egitea da duten helburuetako bat”, irakur diezaiokegu kazetariari. Azaltzen duenari jarraiki, presio horien ondorioz gauzatu zen ebasketaren izaera eraldatu zuen 2013ko erreforma penala, eta presio horiei dagokie ekainean onartu berri dena ere.

Erreforma penalaren eta zenbait enpresen arteko lotura hori ageriko egin du PDeCATen Espainiako Kongresuko diputatu Ferran Bel-ek, erreforma onartu ostean egindako adierazpenetan: “Esker bereziak eman behar zaizkie duela urtebetetik Zigor Kodean aldaketa hori lantzen eta bultzatzen ari diren erakundeei, Foment del Treball eta ICAB Barcelona, Bartzelonako merkatarien elkarteak, Amigos del Paseo de Gracia eta beste”.

Emakumeak, ebasketen egile nagusi

“Pobrezia zigortzen duen Zigor Kodea, emakumeak gehiago kaltetzen dituen Zigor Kodea da”. Hala diote Menos Lobos irratsaioko esatariek Mujeres en prisión (Emakumeak kartzelan) titulua daraman saioan, baieztapenari ondoko ñabardura eginez: “Ebasketen kasuan, bereziki”. Horixe baita, delitu guztien artetik, emakumeek gehien gauzatzen dutenetarikoa (ebasketak dira emakumeek egindako delituen %36a, eta gizonezkoek egindako delituen %10a).

Irratsaioan azaltzen dutenez, ebasketak falta izatetik delitu izatera pasarazi zituen erreforma penala onartu ostean, ikaragarri hazi ziren emakumeek egindako delituak. Espainiako Estatistika Institutuaren 2016ko datuetan oinarrituz, 2007 eta 2016 artean %400 egin zuten gora emakumeek gauzatutako delituek, gizonek egindako delituen %50eko igoeraren ondoan. “Igoera hori ez dagokio mota horretako ekintza gehiago gauzatu izanari, baizik eta ordura arte delitu ez ziren hainbat gauza delitu bilakatu izanari”, diote esatariek. Izan ere, erreforma penalak zenbait falta desagerrarazi zituen –aurrekaririk sortzen ez zuten eta espetxe zigorra eragin ezin zezaketen larritasun gutxiagoko arau-hauste penalak–, eta delitu bilakatu.

Ebasketarekin batera, iruzurra izan zen falta izatetik delitu izatera pasatako beste arau-hauste bat; hau da: ura, argia edo gasa ‘pintxatzea’, 400 euro baino gutxiagoko balioagatik. “Besteren artean, arrazoi horiengatik esan izan da Zigor Kodearen erreformak pobrezia zigortzen zuela, larriak, biolentoak eta arrisku eragileak ez ziren arau-hausteentzat zigorrak gogortu baitzituen. Eta kasu askotan horiek biziraupen ekintzak dira”.

Zigor Kodeko eraldaketa horiek, esatariek esan bezala, bereziki kaltetzen dituzte emakumeak, “emakume izatea baita pobrezia larriagotzen duen faktore nagusietako bat, mundu osoan”. Jakina denez, presoen gehiengo handia pobrea izan ohi da, eta espetxean dauden emakume asko “beren familiaren sostengu ekonomikoa izan ohi dira. Are, horietako asko beren ardurapean dituzte seme-alaben arduradun bakarrak dira”. Alegia, ondorioztatu daiteke askok eta askok espetxean amaitu dutela biziraupenagatik delitu kontsideratzen diren ekintzak gauzatzearren. Zifrek beren kabuz hitz egiten dute: 2017an Espainiako Estatuan preso zeuden emakumeen %72a ondarearen aurkako delituengatik –“gehienak ebasketak”– zegoen kondena betetzen.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Pobrezia
Etxebizitza bazterkeriak gora egin du Nafarroan

Pobreziaren eta gizarte-bazterketaren kontrako Nafarroako sarearen arabera, Nafarroan bizi diren pertsonen %17,2 bazterketa edo pobrezia egoeran dago.


2024-01-10 | Euskal Irratiak
%10 hazi da Iparraldean Hazkurri Bankuak jaso duen elikagai galdea

Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %12 pobrezian bizi da. Hori dio INSEE Frantziako estatistika institutuak iragan urrian egindako ikerketa batek. Horrek erran nahi du gure lurraldeko 35.000 herritar 1.102 euro azpiko hilabete sariarekin bizi direla.


Lanbiden dirulaguntzak eskatzen dituztenak jomuga dituen kontrol unitatea sortu dute

Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren legea martxoan onartu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta bertan aurreikusitako neurrietako bat jarri dute orain martxan: 19 ikuskatzailek osatutako Kontrol Unitatea, Lanbideren baitan. Iruzurrik apenas dagoen prestazioaren bueltan pobreak... [+]


Nafarroako Erriberan pobrezia arriskua iparraldean baino %40 handiagoa da

Nafarroako Gobernuak pobreziari eta desberdinketa sozialari buruzko zazpigarren txostena kaleratu berri du. Datuak adierazgarriak dira: Erriberako herriek pobrezia arrisku handiagoa dute, %40 iparraldeko herriek %10. 2021ean urtean 12.000 euro jasotzen zituzten herritarrak... [+]


Eguneraketa berriak daude