Laborantxa munduan sobera entzuten dutanak okaztatzen nau. Langileak alfer batzu baizik ez direla, langabezian edo rmi/rsa [gutxieneko errenta] dunak, parasita batzu gure bizkar bizi... Gu laborariak, urguluz beteak, jabeak, lurdunak, dutenen aldekoak, nolazpait horiek baino hobeak. Lehenik, langileek eskubide batzu dituzte, gehienek kotisatu dute horien ukaiteko. Elkartasuna deitzen da.
Eta nor gira gu laborariak langile horiek baino gehiago, jabe? Zeren jabe? Lurra hor izanen da aspaldian ehortziak eta zizarek janak ukanen gituztelarik. Ez gira adibidetzat kontsideratu behar, apentziarik ere. Edo ez beti: Orokorki gu, laborarion praktikek lurra zikintzen baitute eta gainera jendartea eriarazten.
Funtsean gu ere ez girea besteen bizkar bizi? Zonbat dira laborantxan beren lanari esker bizi? Ez duguia denek Pac deklarazione bat egiten, eta horren araberako sos zama bat ukaiten? Gu gizartearen punta bateko eskaleak baizik ez gira.
Ez gira hainbeste goresten ditugun boteredunen antzekoak. Guk, eta nikuste hortan gira adibide, auzolanean, makur bat denean, elgar laguntzen eta sustengatzen dugu, elkartasunez. Hori da gure izaitea, sistema batek sinetsarazi nahi dauku boteredunak girela, bestea mespretxatzeko on girela, baina beharrordua denean gure egiazko izaitea nagusitzen da.
Ez dezagun ametsik egin, ez gira nagusi horiek bezalakoak, lurraren langile aziztatuak baizik, eta hobe!
Bidali zure iritzi artikuluak iritzia@argia.eus helbide elektronikora
ARGIAk ez du zertan bat etorri artikuluen edukiarekin. Idatzien gehienezko luzera 4.500 karakterekoa da (espazioak barne). Idazkera aldetik gutxieneko zuzentasun bat beharrezkoa da: batetik, ARGIAk ezin du hartu zuzenketa sakona egiteko lanik; bestetik, egitekotan edukia nahi gabe aldatzeko arriskua dago. ARGIAk azaleko zuzenketak edo moldaketak egingo dizkie artikuluei, behar izanez gero.