Ikusi Fukushimako 2. erreaktore izorratua eta bere 'corium'-a: hondamendi nuklearraren froga

  • Fukushimako istripua gertatu eta zazpi urtera, hitz tabua oraindik “corium”: Coriuma sortzen da istripu nuklearretan, erreaktoreen muinean –core ingelesez– elkarrekin nahastuta urtzen direnean, erregai dauzkaten uranioa eta plutonioa, erreaktore barru zirkonioa eta bestelako aleazioak, altzairuzko osagaiak… Energia atomikoa saltzen duten mertzenarioek ezinezkotzat jotzen duten istripu nuklear baten froga beldurgarria da coriuma. Fukushimakoa orain erakutsi dute… erdi ezkutuka.


2018ko otsailaren 07an - 09:15

Fukushimako istripuaren jarraipen bikaina egiten duen Fukushima blogetik Pierre Fetet aditu frantsesak zazpi urteotan lagundu digu hondamendi nuklearraren jarraipena egiten. Hona hitzez hitz euskaratua urtarrilaren 26an plazaratu duena. Argazkiak, testuan dioenez, TEPCO konpainiak zabaldutako bideotik Pierre Fetetek berak egindako kapturak dira.

Ia zazpi urte pasatu dira gizakien ergelkeriak magma hilkor hau sortu zuenetik. Zazpi urteotan aipatu da baina inoiz ikusi ez. Horra non, 2008ko urtarrilean, TEPCO [Fukushimako zentral matxuratuaren jabea] konpainiak erakutsi dizkigun, lehenbiziko aldiz eta era oso diskretuan izan arren, Fukushima Daiichiko 2. Erreaktorearen coriuma era adierazgarrian erakusten duten irudiak.

Hasieran, hedabide guztiek zabaldu dituzte TEPCOk emandako fotoak, zeinetan ikus daitekeen, esaterako, erregai-barren zati batzuk. Ondorioztatu zitekeen gainerakoa urtu egin zela baina ezin zen gehiagorik esan.

Hiru egun beranduago, ordea, TEPCOk gehitu du 3 minutu eta 34 segundoko bideo bat erakusten dituena ontziaren barruan filmatutako sekuentzia hautatuak. Bideo honetan argi eta garbi ikus daitezke urtu ostean berriro erreaktorearen ontziaren azpiko egitura metalikoetan solidotu den coriumaren koloreak.

Gai hiper-erradioaktibo hau filmatu duen kamera prestatuta dago 1.000 Siervert soportatzeko. Maina gailuak ezin izan ditu ezkutatu irradiazio ionizagarriek filmean sortzen dituzten tanta argi ugariak.

Zunda ontziaren kanpoko aldetik manipulatu duten pertsonek dudarik gabe irradiazioak jasan dituzte, zeren eta oraindik isuriak oso handiak baitira erreaktorean. Baina TEPCOk ez du horien berririk eman.

Irudiek laburbiltzen dute zer geratu zen hor 2011ko martxoan: 2. erreaktorearen coriumak erreaktorearen ontzia zeharkatu ondoren metro bateko zabalerako zulo handi bat egin zuen ontziaren azpiko aldean dagoen plataforman:

 Ondoren, bere bidea jarraitu du oztopoak aurkituz eta hainbat lekutan estalaktitak sortuz:

Azkenik, zabaldu da erreaktorearen babesgarriaren azpiko aldean, hormigoiari erasoz. Eta hor galtzen da arrastoa, ikerketak ezin izan baitira urrutirago joan. Azpiko zolako hormigoian urruti iritsi ote da? Iritsi ote da piszina torikoraino erreaktorea eta piszina lotzen dituen hodietan barrena? Ez dugu ahaztu behar teknikariek leherketa –lurrun leherketa?– bat entzun zutela 2011ko martxoaren 15ean 06:10ean bigarren erreaktorean. Ez dezagun ahaztu coriuma hozteko etengabe isurtzen zaion urak ez duela lortzen erreaktoreak gainez egitea, dagoenekoz zartatuta dagoelako. Ura etengabe kutsatzen da coriuma hoztean eta ondoren zentralaren zimenduak eta geruza freatikoraino iristen da. Ez dezagun ahaztu geruza freatiko mugikor hau Ozeano Pazifikoraino doala hori eragozteko izotzezko geruza eraiki dioten arren, ihesak dauzkalako.

Ohargarria da TEPCOk oraindik ez duela zabaldu ontziak daukan zuloaren argazkirik. Laugarren erreaktorearekin bezala gertatzen da, badirudi badaudela gauzak zabaldu ezin direnak, energia nuklear zibilaren irudia kaltetu dezaketelako. Era berean, komunikazio arduradunek nahiago dute urtarrilaren 19ko argazki lausoak zabaltzea, nik bideotik atera ditudan irudi oso adierazgarriak baino.

Dudarik gabe, robotikak aurrerapen handiak egin ditu irradiazioz betetako inguruetan funtzionatzeko, baina honek ez digu ezkutatu behar egia: oraindik ez dira asmatu Fukushimako zentrala eraitsi beharko duten makinak. Eta lan hori agindu bezala 40 urtean betetzea ezinezkoa izango da. Ez ahaztu oraindik geratzen direla hiru [erreaktoretako] corium berreskuratzeko eta hiru piszina erregaiz beteak husteko. Teknikak “entretenitzen” gaituen bitartean, TEPCO Ozeano Pazifikora botako ditu lekuan pikatuta dauzkan milioi bat tona ur erradioaktibo, itsasoak orain arte aski sufritu ez balu bezala. Horrek ahaztarazten dizkigu, gainera, erradiazioengatik tiroideetako gaixotasunak eta bestelako patologiak dauzkaten milaka pertsonak eta beren etxeetatik kanporatu ostean berriro lurralde kutsatuetara itzularazi nahi diren dozenaka milaka herritarrak.

Oraindik itxaron behar du TEPCOK jakinarazpenik handiena egitea: Tokioko 2020ko Joko Olinpikoetako kirolariak haluzinaraziko ditu Japoniak ingurumeneko erradioaktibitatearen arriskuak ahazteko hiper-teknizitateak.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Fukushimako istripua
Fukushimako urak isurtzeak ez duela arrisku esanguratsurik adierazi dute aditu batzuek

Erradiazio eta segurtasun nuklearreko adituek adierazi dutenez, Fukushima Daiichiko instalazio nuklearretik isurtzen ari diren ur erradioaktiboa ez da mehatxu esanguratsua, ez itsasoko bizidunentzat, ezta pertsonentzat ere. Hala adierazi dute Science aldizkarian argitaratutako... [+]


Fukushima: istripua iraganean, kalteak bizi-bizirik eta soluzioak oraindik aurkitzeke

Halabeharrez hasi dira agorrilaren 24an Fukushimako zentraleko urak itsasora jaurtikitzen; ur kontaminatuak metatzeko zisternen %97 beteak dituztelako eta etenik gabe gehitzen zaielako ura –egunero 140 tona–. Ur "deskutsatuak" izanik ere, herritarrek... [+]


2023-08-23 | Ilargi Manzanares
Hasi dira Fukushimako ur kutsatuak itsasora isurtzen

Japoniako Gobernuaren erabakiak protestak eragin ditu herrialdean, eta besteak beste, Txinak kritikatu egin du erabakia. 2011 urteko istripu nuklearraren ondorioak oraindik pairatzen dira.


Eguneraketa berriak daude